Grovesek irabazi du Villablinon, esprintean

Vismak ez dio bidea egiten utzi eguneko ihesaldiari, baina Van Aertek ezin izan du ondo amaitu taldeak egindako lana. Grovesek bere abiadura baliatu du garaipena lortzeko. Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketarik izan.

Kaden Groves txirrindularia
Kaden Groves esprintean lortutako garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko abuztuaren 31
18:20
Entzun

Wout van Aert  (Visma) trebea izan ohi da bere taldekideek egindako lana biribiltzen. Gaurkoan, ordea, ez da horrela izan. Kaden Grovesek (Alpecin) aurre hartu dio Villablinoko helmugan izan den esprintean, eta bigarrenez altxatu ditu besoak aurtengo Vueltan. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Ben O’Connorrek dauka oraindik elastiko gorria.

Aurreko egunetan ihesaldiak baimena izan eta gero, gaurkoan ez da horrela izan. Etapa hasieratik etengabeak izan dira aurrera egiteko ahaleginak, baina 55 kilometro behar izan dituzte hura osatzeko. Isaac del Toro (UAE), Jonathan Narvaez (Ineos), Xandro Meurisse (Alpecin), Marco Frigo (Israel), Victor Campenaerts (Lotto) eta Harold Tejadak (Astana) osatu dute ihesaldia. 10 kilometroan bi minuturen aldea lortu dute, baina Vismak kontrolpean zuen lasterketa. Van Aertek berriz ere besoak jasotzea nahi zuten. Azpimarratzekoa izan da Rober Gesinkek bere taldeburuaren alde egin duen lana. Hustu egin da Herbehereetako txirrindularia. Denboraldi amaieran hartuko du erretiroa, baina oraindik ere laguntzen trebea dela erakutsi du.

Kilometro askoan minutu eta erdi eta bi minutu arteko aldea izan zuten iheslariek. Baina, ondoren, Vismaren lana emaitzak ematen hasi da. Erritmo bizia jarri dute, eta batzuetan ordu erdiko aurrerapenarekin joan dira, aurreikusitako ordutegi bizkorrenaren aldean. Hala, pixkanaka aldea murriztuz joan dira. 40 kilometro falta zirenean, minutu pasatxokoa zen. Hori ikusita, aurrekoen artean hasi dira erasoak. Narvaezek erasoa jo du Laiteriegos mendatearen hasieran (22,8 km, %4.5%), eta Tejadak eta Frigok baino ezin diote eutsi. Tejada izan da atzean geratu den hurrengoa. 25 kilometro falta ziren etapa amaitzeko.

Roglicen zulatua

Baina haien ahaleginak beste bost kilometro baino ez du iraun. Narvaez izan da tropelaren abiadura ikusita amore eman duen azkena. Laiteriegos gainetik Van Aert igaro da aurrena. Jaitsierari begira, oilar guztiak tokirik onena hartzen ahalegindu dira. Baina aurrean joateagatik ez dira beti ezustekoak saihesten. Oraingo honetan, sustoa Primoz Roglicek (Bora) izan du. Izan ere, zulatua izan du. Daniel Martinezek utzi behar izan dio bizikleta. Harekin osatu ditu etapako azken 14 kilometroak. Roglicek zulatua izan arren, faboritoek ez dute erritmoa bizitu; baina ezta hanka altxatu ere. Hala, 30 segundoren atzerapena ere izan du. Taldekideei esker lortu du berriro ere multzo nagusian sartzea.

Amaiera gertu zegoen, eta gero eta garbiago zegoen etapa esprintean erabakiko zela. Hala izan da. Baina, beste askotan ez bezala, Van Aertek ezin izan dio ginga jarri bere taldekideek egindako lanari. Buruz buruko estua izan du Grovesekin (Alpecin), eta azkenean Groves gailendu da. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta O’Connorrek jarraitzen du lider. 1.21en aldea ateratzen dio Roglici. Gaur berriro ere euren onena eman beharko dute faboritoek, aldeak handitu edo horiei eusteko. Izan ere, etapa Cuitu Negru mendatean amaituko da (18,4 km %7,4).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.