Athletic 0-0 Mallorca

Grina ez da nahikoa

Athletic Mallorca baino gehiago izan da San Mamesen, baina azken metroetan dituen zailtasunek sari barik utzi dute

Yuri Berchiche, etsita, aukera bat huts egin ondoren. Athleticeko ezker hegaleko atzelariak zutoinera bota zuen baloia. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Sancet (Zarraga, 55. min.), Muniain (Guruzeta, 69. min.); Iñaki Williams (Adu Ares, 86. min.), Villalibre (Raul Garcia, 55. min.)eta Berenguer (Nico Williams, 69. min.).
Mallorca. Rajkovic; Maffeo, Copete, Raillo, Valjent, Jaume Costa; Battaglia, Grenier (Baba, 83. min.), Dani Rodriguez (Antonio Sanchez, 66. min.); Kang in Lee (Lago Junior, 86. min.)eta Muriqi. (Abdon Prats, 86. min.).
Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Mallorcako Copeteri, Battagliari, Dani Rodriguezi, Antonio Sanchezi, Kang in Leerieta Grenierri.
Bestelakoak. 39.747 ikusle San Mamesen. Lehen aldiz eseri ziren zaleak Herri Harmailan. Muniainek 500. partida jokatu zuen Athleticekin.

«Golak sartzeko arazoak ditugu. Beraz, aukera gehiago eta garbiagoak sortu behar ditugu». Ernesto Valverdek atzo partida bukaeran esandakoa nahikoa da zuri-gorrien partida ikusi ez zuenak lehian zer gertatu zen irudikatzeko. Ez baita lehen aldia Athleticeko entrenatzaile batek antzeko hitzak erabiltzen dituena neurketaren analisia egiteko orduan. Taldeak azken denboraldietan izan duen gaitz nagusia berriz agertu da: gol sena duten futbolari gutxi izateaz gain, zailtasun handiak ditu atzean sartzen diren taldeen kontra.

Athleticeko jokalariei ezin zaie ezer aurpegiratu. Zelairatzen diren bakoitzean, barruan duten guztia ematen dute: lanerako gaitasun handia dute, korrika asko egiten dute, erritmo bizian jokatzen dute, aurkaria arnas barik lagatzeko gai dira... eta, horri guztiari esker, neurketa irabazteko abaguneak sortzeko kapaz dira. Baina sarri ez da nahikoa izaten.

Atzo ere merituak egin zituzten Mallorca mendean hartzeko. Javier Aguirre aurkariaren entrenatzaileak bitan esan zuen «zortea» izan zutela. Eta, hala ere, Athletic neurketa galtzeko arriskuan egon zen. Valverdek inork baino hobeto daki zer futbol komeni zaion Athletici. Talde zuri-gorriko jokalariak zein jarraitzaileak inork baino hobeto ezagutzen ditu. Aurrera egitea gustuko dute. Talde ausarta gura du San Mamesek, aurkariaren zelai zatian jokatzen duena. Eta futbolariek ere maite dute jokamolde hori.

Hala, neurketa hasieratik garaipenaren bila zelairatu zen talde zuri-gorria. Jokalarien gogoak bat egin zuen harmailetatik jasotako bultzadarekin. Futbol gosea zegoen San Mamesen. Ia 40.000 lagun elkartu ziren abuztuaren erdian, eta argi ikusi zen Herri Harmailaren bultzada mesedegarria izango dela taldearentzat.

Kontuak kontu, neurketa hasi orduko Asier Villalibrek lanean jarri zuen Mallorcaren atezaina. Predrag Rajkovic izan zen bisitarien artean onena. Handik gutxira, Mikel Vesgak areaz kanpotik egindako jaurtiketak zutoina jo zuen kanpora joan aurretik. Zuri-gorrien gola denbora kontua izango zela zirudien. Baina Mallorca ondo antolatutako taldea da. Defentsa sendoa osatu du Aguirrek, eta, partidak aurrera egin ahala, Athleticen grina kontrolatzea lortu zuen. Horretarako, taldeko 11 jokalariak jarri zituen baloiaren atzetik lanean, eta baloia lortzen zuen bakoitzean lehia moteltzen ahalegindu zen. Kontraeraso bat edo zuri-gorrien akats bat baliatzea zen helburua garaipena eskuratu ahal izateko.

Vedat Muriqik eman zuen lehen abisua ordu laurdena bete orduko. Vesgak atzera egindako pase txar bat baliatuta, buruz egin zuen errematea aurrelariak, baina ordurako gainean zuen Unai Simon. Zuri-gorrien atezainak lan gutxi izan zuen, baina erabakigarria izan zen Athleticek sasoiko lehen puntua irabazteko.

Lehen zatiaren azken txanpara arte ez zuen askorako eman lehiak, baina, atsedenaldira iritsi aurretik, Iker Muniainek izan zuen Athletic aurreratzeko aukera on bat. Oscar de Marcosek penalti puntura egindako erdiraketa behartuta eta motel errematatu zuen, ezkerrez. Kapitainak bostehun partida bete zituen elastiko zuri-gorriarekin, eta omenaldia jaso zuen neurketa amaieran.

Bigarren zatiari ere bizi ekin zion Valverderen taldeak. Iñaki Williamsi kontrol txar batek utzi zion atezainaren aurrean bakarrik gelditzeko aukera barik, eta Yuri Berchichek zutoinera jaurti zuen ezker hegaletik egindako jaurtiketa bikain bat. Athletic merituak egiten ari zen aurreratzeko, baina Mallorcak neurketanizan zuen bigarren agerraldian mutu utzi zuen estadioa. Eskuin hegaletik egindako erdiketara buruz errematatu zuen Kang in Leek, eta aparta izan zen goleko marraren gainean Unai Simonek egindako geldiketa. Neurkeraren azken txanpan aulkian zituen erasoko jokalari guztiak zelairatu zituen Athleticeko entrenatzaileak, baina ez zen nahiko izan garaipena eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.