Futbola

Granadaren eta Athleticen arteko partida bertan behera geratu da zale baten heriotzagatik

Neurketa 18. minutuan eten dute, harmailetan zegoen ikusle bat ondoezik zegoela ohartu baitira. Ia ordubeteko itxaronaldiaren ostean hartu dute ez jarraitzeko erabakia. Bihar jokatuko dute, 21:00etan.

PEPE TORRES / EFE
Los Carmenes estadioko harmailak, gaur, Granadaren eta Athleticen arteko partidan.
Paulo Ostolaza.
2023ko abenduaren 10a
22:00
Entzun

Granadak eta Athleticek 18 minutuan soilik jokatu dute gaur Los Carmenes estadioan (Granada, Espainia). Zale batek bihotz-biriketako geldialdi bat izan du harmailetan, eta, horretaz jabetu bezain laster, epaileak jokoa eten du, eta aldageletara bidali ditu jokalariak. Ia ordubetez egon da kolokan neurketa, eta, azkenean, hura bertan behera uzteko erabakia hartu dute Espainiako Ligak eta bi taldeek. Larrialdi zerbitzuek ahaleginak egin dituzte ikuslea berpizteko, baina ez dute lortu, eta hil egin da.

Athletic 0-1 irabazten ari zen neurketa gelditu dutenerako, Iñaki Williamsek buruz sartutako gol bati esker. Partidari emaitza berarekin berrekingo diote 18. minututik, bihar, 21:00etan.

Baloia Unai Simon atezainak zuen harmailetatik «kanpora!, kanpora!» zioten oihuak entzun direnean. Athleticekoak ikusi du harmailetan zerbait gertatzen ari zela, eta abisua eman dio epaileari. Geroago jakin da ikusle batek osasun arazoak zituela. Bi taldeetako medikuak joan dira emakumea zegoen tokira, eta anbulantzia bat ere sartu da zelaira. Haren egoera larria zela baieztatu dutenean bidali dituzte jokalariak aldageletara, soropilean ia hogei minutuz zain egon ostean.

Athleticek esan du biziki sentitzen duela gertatutakoa, eta animo mezua bidali die hildakoaren senideei. Gauza bera egin du Granadak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.