Azken txanpan dago Ados Pilota klub profesionalak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketa. Bihar argituko da zein lau bikote ariko diren Lehen eta Promozio mailetako finaletan, hilaren 27an, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (Gipuzkoa).
Finalerdiak jokatuko dituzte bihar, Amurrion (Araba), 17:00etan hasita. Lehenbizi, Promozio Mailako finalerdia jokatuko dute Santoz-Urrizak eta Mondragon-Zaldainek. Irabazleak Rodrigezen eta Mondragon II.aren aurka ariko dira finalean. Neurketa hori amaitzean jokatuko dituzte maila nagusiko bi finalerdiak: Iturriaga-Egaña eta Kortazar-Iraeta ariko dira batean, eta Zelaia-Lopez eta Etxekolonea-Mujika bestean.
Madalen Etxegarai Zelaia eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopez biderik laburrenetik iritsi dira finalera. Bigarren izan ziren ligaxkan, Iera Agirre Iturriagaren eta Uxue Oses Egañaren atzetik. Haien aurka galdu zuten partida bakarra; beste bostak irabazi egin zituzten. Horri esker, zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako.
«Inoiz ez nuen jokatu Madalenekin, baina oso ondo moldatu gara, eta oso lan ona egin dugu», dio Ruiz de Larramendi Lopezek. Adoseko atzelariak hamaika txapelketa jokatu ditu, baina, azpimarratu duenez, «berezia» izan da hau: «Lehenbizi, sei partidako ligaxka jokatu dugu; gero, lau bikotek final-laurdenak jokatu dituzte; orain, finalerdiak jokatuko ditugu; amaitzeko, finala izango da. Txapelketa handia da hau».
Horren harira, goraipatu egin du haren izeba Maite Ruiz de Larramendi Mujikak eta Agirre Iturriagak egindako lana: «Sekulako lana egin dute txapelketa honek aurrera egin dezan. Ezkutuko lana da, baina funtsezkoa. Haien lanagatik eta ahaleginagatik ez balitz, hau ez zen posible izango. Pilotariok asko eskertzen dugu».
Hain zuzen, izebaren aurka jokatuko du bihar. Hainbatetan aritu dira elkarren aurka, baina, aitortu duenez, partida horiek «oso bereziak» dira oraindik ere: «Beti da oso berezia eta oso polita haren aurka jokatzea. Izeba ez ezik, nire eredu ere bada».
Baina sentimendu horiek guztiak alde batera utziko ditu kantxan: «Irabazi egin nahi dugu, edo, gutxienez, partida polita jokatu. Lehia gogorra izango da, izebak eta Naroak [Elizalde Etxekolonea] bikote sendoa osatzen baitute. Ondo aritu beharko dugu, oso adi, edozein zulo utziz gero, aprobetxatu egingo baitute». Ez dio garrantzirik eman ligaxkan 22-9 irabazi izanari: «Partida guztiak ezberdinak dira. 22-9 irabazi genien, baina emaitzak dioena baino gogorragoa izan zen lehia. Edozer gerta daiteke. Oso motibatuta gaude».
Beldurra uxatu du
Ainhoa Ruiz de Infante Kortazarrek eta Oihana Orbegozo Iraetak, berriz, kanporaketa jokatu behar izan dute finalerdietan aritzeko. 22-19 irabazi zieten Iantzi-Etxenikeri. Bigarren partida zuten elkarrekin, Iraetak Nora Mendizabal Ezeiza ordezkatu baitu azken txanpan, eskuko minez dagoelako. Kortazar lau atzelarirekin aritu da txapelketan: Ezeiza, Iraeta, Arrate Bergara Igartua eta Enara Gaminde Sertutxa. «Ez da erraza izan, aste barruan ez bainekien norekin jokatuko nuen asteburuan. Baina hala suertatu da. Oihanarekin ari naiz orain, eta oso gustura nabil. Oso gogorra izan zen final-laurdenetako partida, eta hark oso ondo eutsi zion. Hari esker irabazi genuen. Ea finalerdietan lan ona egin dezakegun. Zaila izango da, Iera eta Uxue bikain ari baitira. Baina, serio arituz gero, aukera izango dugu».
Bikotekide aldaketak kenduta, «oso gustura» aritu da; «gero eta gehiago», zehaztu duenez: «Hasieran, beldur nintzen ea ez nuen nire maila emango. Hori gutxi balitz bezala, bikotekide bat baino gehiago izan nuen lehen partidetan. Baina, azkenean, neure buruari esan nion egoera barneratu eta aurrera egin behar nuela. Horrek mesede egin zidan. Hortik aurrera, konfiantza handiagoarekin aritu naiz».
Txapelketan aritu diren pilotari guztiek bezala, hark ere eskertu egin du hainbeste partida jokatzea, eta hain jarraian: «Motibazio handia da jakitea bi hilabetez asteburuero jokatuko duzula; are eta gogorrago lan egitera bultzatzen zaitu». Haren iritziz, «aurrerapauso handia» eman du Adosek txapelketa antolatuta: «Kobratzen ari gara jokatzeagatik, baita kotizatzen ere. Entrenamendu zehatzak egin ditugu. Hori guztia apur bat ezkutuan geratzen da, baina guk izugarri eskertzen dugu Adosek apustu hau egin izana».