Gozatzen, eta gozatzeke

Denboraldi oso ona egiten ari da RPK Araski. Jada jaso du lehen saria: Espainiako Kopa jokatzea. Baina ez dira konformatzen. Ligako kanporaketetan egon nahi dute.

Maria Asurmendi, baloiarekin, Euskal Kopako partidetako batean. EUSKADIKO SASKIBALOI FEDERAZIOA.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Mailari eusteko estutasunik ez pasatzea. Helburu horrekin abiatu zuen denboraldia RPK Araskik. Baina Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak ezustea eman du beste behin. Talde joko sendo eta bizi bati esker, sailkapeneko goialdean kokatu da, eta lehen itzulia amaitu aurretik jaso zuen lan on horren lehen saria: Espainiako Koparako sailkatzea, hirugarrenez. Arabarrek bide berari jarraitu nahi diote, erronkak ez baitzaizkie falta sasoia amaitu bitarte. Horien artean bi dituzte gorriz markatuak: Kopan lan on bat egitea, eta ligako kanporaketetarako sailkatzea. «Oso pozik eta harro gaude egiten ari garen denboraldiarekin, bai emaitza aldetik, bai joko zein lan aldetik ere. Meritu handia du egiten ari garena», nabarmendu du Maria Asurmendi jokalariak (Iruñea, 1986).

Araski bosgarren da sailkapenean. Bederatzi partida irabazi ditu, eta zazpi galdu. Hasiera batean titulurako borrokan egoteko lau hautagai nagusi direnak baino ez ditu aurretik: Girona, Perfumerias Avenida, Gernika eta Valentzia.

Azurmendi izan da sasoi honetarako taldeak egindako fitxaketa nagusietako bat. Joko antolatzailea ligako talderik ahaltsuenetako batetik fitxatu zuen Araskik: Perfumerias Avenidatik. Azken bi sasoiak han egin zituen. Urietak argi utzi zuen aurkezpenean: «Asurmendi nire laguntzailerik onena izango da kantxan, duen eskarmentuarengatik, eta saskibaloia bizkor ulertzeko duen gaitasunarengatik. Ohorezko Mailara igo ginenetik nahi izan dugu fitxatu». Esandako hori kantxan berresten ari da Asurmendi. 9,4 puntu sartu ditu batez beste partidako, eta 2,5 asistentzia banatu. Baina hortik harago, taldearen jokoari eman dion zentzua nabarmendu da. Hamahiru urte dira Ohorezko Mailan debuta egin zuenetik, eta haren eskarmentua funtsezkoa izaten ari da partidetako une erabakigarrietan komeni den erritmoa ezartzeko.

Espero al zuten horren denboraldi ona egitea? Bada, Azurmendik argi du: «Zaila da hori esatea. Baina garbi izan genuen, lehen egunetik, lan eginez edozer lor genezakeela. Ez dakit zer gertatuko den denboraldi amaiera bitarte, baina merezita gaude gauden lekuan. Inork ez digu ezer oparitu. Are gehiago ligan dagoen lehiakortasuna eta berdintasuna kontuan hartuta».

Gasteiztik urrun espero baino garaipen gehiago lortu dituzte. «Horri balio handia ematen diogu. Izan ere, lehen itzulian egutegia gogorragoa zen etxean, eta kanpoan irabazteak lagundu digu konfiantza izaten, eta gugan sinesten, gero Mendizorrotzan ere puntuak batzeko».

Horrekin batera, beste gako bat aipatu du denboraldi onaren arrazoiak aletzeko orduan. «Sasoi honi begira taldea osatzeko orduan egin zuen apustua ondo atera da. Liga ondo ezagutzen genuen jokalariak fitxatzea erabaki zuen, eta, hortik abiatuta, errazagoa da proiektu berri bat eraikitzea. Bizkor egokitu ginen. Gainera, denboraldian ere egin behar izan diren aldaketak bizkor eta ondo egin dituzte. Berriki fitxatutako Barbeek [Shacobia], gainera, asko lagundu digu, hark ere eskarmentu handia baitu». Jokatzeko era, gainera, argi dute. «Ausartak eta biziak gara, batez ere erasoan. Batzuetan asmatu egiten dugu, eta besteetan ez, baina ez diogu sekula jokatzeko era horri muzin egiten»,

Mugarik ez diote jarri beren buruari. «Oraindik jardunaldi asko falta dira, baina ez gara orain artekoarekin konformatzen. Ez litzateke porrota izango kanporaketetarako ez sailkatzea. Baina gauden lekuan egonda, erronkak hori lortzeko borrokan egotea izan behar du». Bihar jokatu dute ligako hurrengo partida bat: Quesos el Pastor azken sailkatuaren kontra. «Ez diogu sailkapenari erreparatu behar. Izan ere, azken postuan egon arren, berriki pare bat fitxaketa on egin dituzte, eta kosta ahala kosta irten nahi dute zulotik. Baina etxean jokatuta, eta orain arteko mailari eusten badiogu, garaipena gertu izango dugu». Kopari dagokionez, asteartean jakin zuten Gernikaren kontra jokatuko dutela finalerdietan. «Ligako partidarik txarrena haien aurka egin genuen. Baina Kopa oso bestelako lehiaketa da, eta Euskal Kopako finalean erakutsi genuen irabazteko gai garela. Berriz ere ezustea ematen ahaleginduko gara».

«Apustu egokia»

Pertsonalki ere oso pozik dago nafarra. «Hona etortzea erabaki nuenean ez nekien emaitzak nolakoak izango ziren. Baina garbi nuen ez nuela damurik izango, eta ondo egongo nintzela. Bete-betean asmatu dut. Izugarri gozatzen ari naiz entrenamendu eta partida bakoitzarekin, eta horrek balio handia du. Izan ere, Perfumeriasen, Europan ere jokatuta, astean bi partida genituen, eta ia ez nuen denborarik izaten horretarako, ezta behar bezala atseden hartzeko ere». Helburu argi batekin etorri zen. «Hobetzen eta ikasten segitzea, eta bai Madde [Urieta entrenatzailea] eta bai taldekideak ere asko ari zaizkit laguntzen horretan».

Fitxaketa izarretako bat izanda, begi asko zeuden harengan jarrita, baina naturaltasunez eraman du. «Ez dut ardura berezirik antzeman Perfumerias Avenidatik etortzeagatik. Hori ere bada Madderen dohainetako bat: ez digu ez dagokigun zama bat hartzen uzten».

Gasteiz, gainera, oso gustuko du. «Ederra da saskibaloia hain barrutik bizi duen hiri batean egotea. Mendizorrotzan jokatzen dugun aldiro zaleek aho zabalik uzten gaituzte. Galdu edo irabazi, beti daude hor. Pabiloia, gainera, berritu egin dute, eta ederra da. Harrobian egiten duen lanarekin ere asko gozatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.