Gozatzen eta gozaraziz

IDK denboraldi bikaina egiten ari da. Jokalari gakoetako bat izaten ari da Natalia Rodriguez eskolta. Gaur bigarren garaipena lortu nahi dute Europan Montpellierren. «Gauzak ondo eginez gero, estu hartu ditzakegu» esan du.

IDK-k Brnoren aurka lortu zuen lehen garaipena Europan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainara Arratibel Gscon
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ligako lehen bi partidak galdu zituen arren, aurreko denboraldiko bidetik bueltatu da IDK.Hurrengo laurak irabazi egin ditu Azu Muguruzaren taldeak. Besteak beste, balentria egin zuen Perfumerias Avenida ahaltsuari 83-70 gailenduta. Europan ere utzi du zigilua. Aurrenekoz ari da bertan lehiatzen, eta aurreko astean lehen garaipena lortu zuen, etxean, Brno taldearen kontra: 91-80. Joko erasokor, bizi eta ikusgarri bat eginez lortu du, eta perimetrotik sekulako eraginkortasuna erakutsiz. Zaleak gozatzen ari dira horretaz, eta, Natalia Rodriguez jokalariak nabarmendu duenez, beraiek ere izugarri disfrutatzen ari dira. Gaur Europako garaipenen zenbakia handitzen jarraitu nahi dute, Montpellierren, Lattes taldearen kontra (20:00)

Rodriguez udan iritsi zen Donostiara, Baxi Ferroletik. Etorkizun handiko jokalaria da. 23 urte besterik ez ditu. Aurreko denboraldian jada erakutsi zuen zertarako gai den: 9,1 puntu, lau errebote eta 1,9 hiruko sartu zituen batez beste partidako. 6,25eko arrastotik %44ko eraginkortasuna izan zuen. Hala, ligako ezustea izateko lau hautagaien artean egon zen. Hirukoetan denboraldiaren zati batean eraginkortasun hori %56,67an egon zen. 60 hirukotik 34 zituen sartuta. Hain zuzen ere IDK-ren kontra egin zuen partidarik onena. 24 puntu sartu zituen, tartean sei hiruko 11 ahaleginetatik. Denboraldi honetan, ligan, %30,4ko portzentajea darama: zazpi sartu ditu 23 saiakeretatik, eta Europan hamaseitik sei (%35,7).

Donostian «eroso» dago:«Egokitzapena oso erraza izan da. Badirudi urteak daramatzadala hemen. Gainera, taldearen jokatzeko era oso aproposa da ni bezalako jaurtitzaileentzat». Multzoaren gaztetasuna ere nabarmendu du. «Hobetzeko eta ikasteko gogo handia daukagu denek. Hori ere oso gustuko dut, entrenamendu eta partida guztietan zure onena ematera behartzen baitzaitu». Erasoan egindako lanetik harago, defentsan egin duen ekarpena izan da gehien gustatu zaiona. «Nire ezaugarri nagusietako bat da, eta horretan hobetzen jarraitu nahi dut».

Talde izaera

Argi dauka non dagoen egiten ari diren denboraldi hasiera onaren arrazoia: «Joy [Adamas] eta Mariam [Coulibaly] dira jokalari erabakigarriak, baina beste guztion ekarpena ere izugarria izaten ari da. Oso argi dugu talde bat garela, eta hala funtzionatu behar dugula. Disfrutatzen ari gara pistan, eta hori ikusten da». Horretarako gakotzat jo du Muguruza entrenatzailea egiten ari den multzoaren kudeaketa. «Denak sentiarazten gaitu garrantzitsu, eta hori funtsezkoa da, Europan jokatuta minutuak partekatu behar direlako, nekea ez pilatzeko. Partida aztertzeko eta kontrolatzeko orduan ere asko laguntzen digu». Taldea egokituz joan ahala defentsan ere «sendoago» ari direla uste du. «Eta hori oinarri hartuta, erasoan lasaitasun eta pazientzia handiagoz aritu gaitezke, eta jaurtitzaile oso onak ditugula kontuan hartuta, dena errazagoa da. Oreka bat lortu dugu defentsa eta erasoaren artean».

Gaurko Lattes Montpellierren aurkako partida «polita eta interesgarria» izango dela uste du. Frantziako taldea multzoko lehen postuan dago, jokatutako bi partidak irabazita. Bigarren luzapenean irabazi zion Brnori. «Uste dut gauzak orain arte bezala eginez gero haiek estu hartzeko moduan gaudela. Jokoaren ekimena hartzen ahaleginduko gara, eta hasieratik partidaren bila joango gara». Haley Peters da taldeko izarra, eta ondo zaindu beharko dute. Brnori 34 puntu sartu zizkion eta Lyoni 22.

Montpellier talde «fisiko eta bizkorra» da, eta alde horretatik garbi du zer egiten ez dioten utzi behar. «Haien kontraerasoak eragotzi behar ditugu, eta oso adi egon beharko dugu partida osoan zehar». Lehen bi sailkatuen artean geratzea «posible» ikusten du: «Bigarren itzuliko hiru partidetatik bi etxean jokatuko ditugu, eta horiek irabazteak asko lagunduko liguke. Montpellierrek Lyon menderatu ostean multzoa asko estutu da. Esango nuke etxetik kanpo ere garaipenen bat lortu beharko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.