Arrauna. Beñat Egiazu. Hondarribia elkarteko arraunlaria

«Gozatzen ari gara arraunean»

Azken zazpi urteetan, Hondarribiak bost aldiz irabazi du Zarauzko bandera; azken laurak, segidan. Egiazuk nabarmendu du orain arte lortutako emaitza on horiek oso lotuta daudela taldearen errendimenduarekin.

GORKA RUBIO / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
Hondarribia
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Astea aldarte onean daramate hondarribiarrek, eta Beñat Egiazuri ere (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) nabari zaio sentipen gozo hori arraun elkartera sartu denean, Zarauzko bandera preziatua irabaztea balentria handia baita. Ligak emandakoaz eta datorrenaz luze eta zabal mintzatu da 2014tik Ama Guadalupekoa ontziko tostartean zaildu den arraunlaria.

Zarauzko estropadan behin baino gehiagotan galdutakoak zarete. 2015ean irabazi zenuten lehendabizikoa, eta azken lau urteetan nagusi izan zarete. Irabazteko galdu egin behar da lehenik?

Asteko lehen entrenamenduan [asteartean], Mikelek [Orbañanos entrenatzailea] aipatu zigun azken urteetako emaitza on hauek taldearen errendimenduarekin oso lotuta daudela. Lehen, presioa jartzen genion geure buruari, eta estropadako une zailetan ez genuen errendimendu ona ematen, eta atzera egiten genuen; azken urteetan, ordea, mentalki estropadei beste modu batera egiten diegu aurre. Gure onena eman behar dugu horrelako estropada bereziak irabazteko.

Zarauzko banderak zer du?

Ligan guztiok irabazi nahi dugun bandera da Zarauzkoa: prestigioagatik, historiagatik, bi jardunalditan jokatzen delako, Kontxako Banderatik gertu dagoelako... Talde guztiek duten onena ateratzen dute, bakoitza non dagoen ikusteko. Ezin gara kexatu azken urteetan lortzen ari garenaz.

Zarauzko bandera irabazi duenak Kontxako Bandera ez du aparte izaten. Zuek azken hiru urteetan bi bandera preziatuak etxeratu dituzue. Laugarrena erreskadan?

Nahiko genuke irabazi, zaila izango den arren. Dena den, zenbakiekin ezin gara itsutu, erotuko baikara. Saiatzen gara zurrunbilo horretan ez sartzen. Kontxako eguna iristen denean, Zarauzkoa ahaztuta izango dugu, baina egia da Zarauzkoa irabazita konfiantza hartzen duzula. Gure onena ematen badugu, Kontxako banderaren lehian ibiltzeko taldea izango gara.

Denak zuei begira egongo dira. Alde horretatik, presiorik?

Zarauzko eta Kontxako banderak irabazi ditugun azken hiru urteetan, ligarik ez dugu irabazi; bigarrenak izan gara. Iaz, asko kostatu zitzaigun ohorezko txandara sartu eta egonkortzea. Kanpotik bandera irabazteko faboritoak garela esaten badigute, guk ezin dugu kontrolatu. Argi dugu horrek taldean ez digula irabazteko presiorik sortuko; gu modu eta mentalitate berarekin joango gara.

Zarauzko bi jardunaldietan ez zegoen ikaragarrizko itsasorik, baina bai aldeak markatzeko modukoa. Zarauzko estropada eremuak hori du berezia, ezta?

Larunbatean zegoen itsasoarekin, Santurtzik eta guk maila oso ona eman genuen. Aurten, poparean bereziki oso ondo ibiltzen gara, nahiz eta brankaz ere ez garen hain gaizki moldatzen. 2019an, esaterako, kanpora oso ondo joaten ginen, eta askotan estropadak brankaz hausten genituen; aurten, berriz, poparerako jarduna gehiago landu dugu, eta asmatzen ari gara. Bi estropadetan gozatu egin genuen.

Hirugarren luzean, Santurtzik joaldia egin, eta bost segundoan jarri zen aurretik. Egoera hura nola bizi izan zenuten barrutik?

Ababorretik noanez, kanporantz ez nituen ikusten, baina ontzian nabaritzen genuen Santurtzi bazihoala: istriborrekoak isilik zeuden, eta Iosebaren tonua ere bestelakoa zen.

Burutik pasatu zitzaizun banderak ihes egingo zizuela?

Bai, pasatu zitzaidan. Ez genekien haiek zenbaterainoko esfortzua egiten ari ziren, baina, bost segundoko aldea edukita, galtzeko aukera handiak genituen. Ohikoena izaten da ziabogatik irten eta lehen olatuarekin aldea gehiago handitzea. Gure arraunketa mantendu genuen, eta horrek azken luze ona egiten lagundu zigun.

Poparean, Ioseba Amunarriz patroiak bikain eraman zuen ontzia. Horrelakoetan maisua da.

Garbi daukat Ioseba patroi onenaren pare dagoela, onena ez bada. Batez ere azken urteetan Hondarribiak lortu dituen garaipen asko Iosebak egindako lan handiari esker izan dira. Estropadaren eremua oso ondo irakurtzen du, eta lasaitasun handia transmititzen digu. Beteranoa den arren, urtez urte maila asko hobetu du. Pentsa: ni lehen taldera igo nintzenean, Ioseba jada heldua zen, eta oraindik gurekin jarraitzen du.

Orbañanosek bi egunetan eskifaia bera atera zuen. Hamalauko onena aurkitu duela deritzozu?

Aurtengo sasoian, taldeko arraunlari askok banderaren bat irabazi dugu. Egia da Mikelek bandera irabazteko uste zuen talderik onena atera zuela. Halere, estropada batean talde onena atera duzunean ez duzu irabazten, eta alderantziz. Zaila da neurtzea. Ustez postua ziurtatuta daukagunok ezin gara erlaxatu, ez beteranoak, ez lehen urtea dutenak.

Eusko Label ligako lehen jardunaldian azkarrenak izan zineten; bigarrengoan, ordea, 10.ak [3 segundoko zigorra mantentzea erabaki du TKEko epaile bakarrak]. Iazko mamuak heldu zitzaizkizuen?

Aurreko urteko antzeko sentipenak izan genituen. Halere, emaitza txarra lortzeko modu ezberdinak izan ziren; iaz, guk egindako estropada txarraren emaitza izan zen; aurtengoan, ordea, istripu baten ondorioa izan zen. Pasatu zitzaigunagatik ere, txandako irabazlearengandik hamasei segundora geratu ginen; aurreko urtean, berriz, 39ra. Hor dago aldea.

Zer deritzozu TKEko epaile bakarrak hartutako erabakiari?

Amorru apur bat ematen digu. Iruditzen zaigu estropada horretan arraun txikia haustearekin nahikoa zigor izan genuela. Arautegian arrauna apurtzean zer egin behar den garbi azalduko balitz, gertatu zitzaiguna ez zen pasatuko. Gehiago zehaztea falta da.

Puntu hori batuta, Santurtzirekiko zortzi puntura zaudete Eusko Label ligako sailkapenean. Erabakigarria izan daiteke?

Espero dezagun ezetz. Dena den, itsasoko estropadak ditugu aurretik, eta horiei heldu behar diegu. Santurtzirengandik zortzi puntura gauden arren, ligako borrokarako ez gara aparte sentitzen. Zarautzen eman genuen maila on hori berresten eta estropada bakoitzean hamabi puntuak lortzen saiatuko gara, erotu gabe.

Astebetean, bi bandera irabazi zenituzten: Euskadiko Txapelketakoa eta ligako lehena, zazpigarren jardunaldian. Lasaitua hartu zenuten?

Lasaitasuna baino gehiago, geure buruarekiko konfiantza hartu genuen geure betiko lanean jarraitzeko. Gainerako estropadetan ere emaitza txukunak lortu ditugu, eta, horiei esker, ohorezko txandan egonkortu gara. Arraunean gozatzen ari gara.

Bi aste geratzen dira Kontxako Banderarako. Eguna gerturatu ahala, taldean igartzen al da?

Taldean nabaritzen dugu pasteleko zatirik gozoena banatzeko eguna gerturatzen ari dela. Lasai gaude, eta, aurretik bi asteburu edukita, burua estropada horietan jarrita daukagu.

Nolako itxura hartzen diozu aurtengo Kontxako Banderari?

Ligako joera errepikatuko den ustea dut. Santurtzi, gu eta Donostiarraren artean lehia handia izango dugu. Halere, Zierbena eta Orio ez ditut inondik ere baztertzen.

Datorren igandean, etxean ariko zarete. Begiz jota daukazue?

2015ean irabazi genuen ligako estropada azken aldiz; beraz, etxeko bandera irabazteko ilusio eta gogo handia dugu. Etxean jokatzeak, ordea, urduritasuna gehiago areagotzen dizu. Dena den, larunbatean Ondarroan izango dugu, eta ea nola heltzen garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.