Gozatua sei urteren ostean

Euskariansek 50-5 irabazi dio Kataluniari, Donostian jokatu duten lagunartekoan. Festa giroa nagusitu da zelaian eta harmailetan

Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Erakustaldia eginda itzuli da Euskarians sei urteren ostean. Euskaldunek 50-5 azpiratu zuten Katalunia, Anoetako miniestadioan. Hasiera-hasieratik nahi bezala aritu ziren etxekoak, eta kataluniarrek ezin izan zuten gelditu euskaldunen erritmo bizia. Hala ere, emaitza gutxienekoa zen atzoko neurketan. Jai giroan gozatu zuten partidaz harmailetan, eta giro berean amaitu zuten jokalariek zelaian, partida amaitu eta berehala.

Errugbiaren festa dute asteburu honetan Donostian. Anoetan jokatzen ari da Top14ko lauko finala, eta 80.000 zale inguru iritsi dira Frantziatik errugbiaren festa horretaz gozatzera. Jardunaldi horren harira jokatu zuen atzo Euskariansek Kataluniaren aurkako partida. Anoetako miniestadiora bertaratu ziren zaleek euskaldunekin gozatzeko aukera izan zuten partida eder batean. Zortzi entsegu egin zituen etxeko taldeak, baina, emaitzaz harago, talde askotako jokalariak ikusteko aukera izan zuten euskal zaleek. Hainbat taldetako ordezkariak izan zituen Euskariansek atzoko partidan. Besteak beste, Donibane Lohizuneko Olympique, Angelu, US Nafarroa, Maule eta Ordizia.

Hasieratik joko bizia eta bertikala erakutsi zuen Euskariansek, eta lehen ordu laurdena bete aurretik bi entsegu egin zituen. Zelaian erakusten ari ziren nagusitasuna berehala islatu zuten markagailuan ere. Teknikoki gehiago zen Euskarians, eta, Katalunia presioarekin jokoa zailtzen ahalegindu bazen ere, alferrik izan zen. Beste bi markarekin, 26-0 joan zen partida atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan, aldaketa ugari egin zituzten euskaldunen prestatzaileek, eta Kataluniak jokoa bizitu zuen orduan. Hala ere, euskaldunen defentsako lana itzela izan zen, eta entsegutik gertu izan ziren zenbait aldiz. Zuloak bilatu eta bilatu aritu zen Euskarians, eta azkenean aurkitu zituzten bigarren zatian ere. Berehala lortu zuen beste bi entsegu egitea, eta aldea nabarmen handitu zen: 36-0. Minutuak aurrera joan arren, partidaren gidoia ez zen askorik aldatu, eta markagailuko aldea are gehiago handitu zuten euskaldunek. 50-0 jarri zen Euskarians, baina partida amaitzear zela lortu zuten kataluniarrek ohorearen entsegua. Txalo zaparrada batekin ospatu zuten hori ere harmailetan zeuden zale guztiek, jai giroan. Horrela amaitu zen Euskariansen eta Kataluniako selekzioaren arteko lagunarteko partida (50-5).

Eguna biribiltzeko, jokalari eta prestatzaile guztiek argazkiak atera zituzten elkarrekin, zaleen txaloen artean. Nabarmena izan zen bi taldeen arteko aldea, baina gozatu ederra hartu zuten zaleek aspaldiko partez. Jarraipena ematea bakarrik falta da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.