Barakaldo 1. Valentzia 3

Gozatu handia hartu dute

Barakaldok estu hartu du Valentzia, eta gol gehiago sartzeko aukera izan du, baina Cancelo, Gaya eta Parejok baretu dute bisitarien ezina.Alainek sartu du etxekoen gola

Alain Arroio eta Beñat Elgezabal Barakaldoko jokalariak, pozez zoratzen, aurrelariak sartutako gola ospatzen; 1-0ekoa izan zen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2015eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Barakaldo. Valens; Aguiar, Quintanilla, Elgezabal, Izquier (Pomares, 68. min.); Cerrajeria, Albisua; Armiche, Alain Arroio, D. Martin (Hector Alonso, 85. min.); eta Iurrebaso (Iker, 76. min.).

Valentzia. Ryan; Vezo, Diallo, Santos, Orban; Cancelo, Parejo, Danilo, Bakkali (Gaya, 61. m.); S. Mina (E. Perez, 77. m.) eta Mir (Alcacer, 46. m.).

Golak. 1-0. Alain Arroiok (16. min.); 1-1. Joao Cancelok (19. min.); 1-2. Gayak (65. min.). 1-3: Dani Parejok, penaltiz (91. min.).

Epailea. Undiano Mallenco. Txartel gorria: Valensi (89. min.). Txartel horiak: Barakaldoko Cerrajeria, Aguiar eta Alain Arroiori; eta Valentziako Rafa Mir, Joao Cancelo, Diallo eta Bakkaliri.

Bestelakoak. 7.000 ikusle inguru Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian.

Ez begiratu emaitzari. Berdin dio 1-3koak. Bai, Barakaldok galdu egin zuen atzo Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan, etxean, Valentziaren aurka. Baina ez galtzea izango zen harrigarria. Bigarren B Mailako talde apal batentzat aparteko saria da Lehen Mailako talde indartsu baten aurka jokatzea. Eta zer esanik ez Txapeldunen Ligan ari den talde bat ordubetez oso estu hartzea. Barakaldo Valentzia baino askoz gehiago izan zelako lehen ordubetean. Zelaira begira jarrita, oso zaila zein zehaztea zein talde zen Lehen Mailakoa eta zein Bigarren B Mailakoa. Eta balentria handia da hori.

Harmailak sutan zirela, eta jokalariak erabat gogotsu, ondo gogoan hartzekoa izan zen bizkaitarren lehen ordu laurdena. Arroio eta Iurrebaso goi-goian presioa eginez, eta zelai erdiko laukoa jokoan oso oldarkor, Barakaldok desegin egin zuen Valentzia. Intentsitate handiarekin jokatu zuten etxekoek, eta Armichek bereziki min egin zuen atzelarien bizkarra bilatuz. Diagonalak egin eta egin ibili ziren Barakaldoko jokalariak, eta nahikoa lan izan zuen Orbanek. Lehen minutu horietan egindako lan zoragarriak 16. minutuan jaso zuen saria, korner baten aldaratzean. Diallo baldar ibili zen baloia urruntzean, eta Arroiok ez zuen barkatu area txikian bertan.

Ikustekoak ziren Valentziako jokalarien aurpegiak. Salvador Gonzalez Voro eseri zen atzo bisitarien aulkian, eta ikusten ari zirena sinetsi ezinik egongo ziren bai hura eta bai Gary Neville, Valentziako entrenatzaile berria. Are gehiago, 18. minutuan bigarren gola sartzeko zorian egon zen Ardiche, hamaikagarrenez Orbani lehia irabazi eta eskuinez egindako jaurtiketarekin.

Iurrebaso eta Alain, gertu

Hori bai, hurrengo jokaldiak baretu zuen etxekoen festa giroa. Joao Cancelok atzean utzi zituen denak eskuin hegaletik egindako jokaldi onean, eta, oinaren kanpoaldearekin, ezustean hartu zuen Jaume Valens atezaina ere. 1-1ekoa 19. minutuan. Kolpea izan zen valentziarren gola, irabazteko adina meritu egiten ari zelako Barakaldo. Baina etxekoek bultza eta bultza amaitu zuten lehen zatia. Iurrebasok lehenengo eta Alain Arroiok gero, bi aukera on eduki zituzten lehen zatiko azken bi jokaldietan.

Voro-k argi ikusi zuen zerbait aldatu beharra zeukala emaitza arriskuan ez jartzeko, eta Alcacer —aldageletatik bueltan— eta Gaya —61. minutuan— zelairatzea erabaki zuen. Nahi zuena lortu zuen: 65. minutuan Santi Minaren pase sakona jaso zuen Alcacerrek, eta, erdiraketa neurtuarekin, 1-2koa eskura utzi zion Gayari. Azken minutuan, berriz, penalti argia egin zuen Valensek —txartel gorria atera zion epaileak—, eta Iker Hernandezek, atezainaren elastikoa jantzita, ezin izan zuen gelditu Dani Parejoren jaurtiketa. Zigor handiegia da 1-3koa, baina minutu askoan gozatu handia hartu zuen Barakaldok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.