ESPAINIAKO ESKUBALOI KOPA. Jacobo Cuetara. Bidasoako teknikaria

«Gozatu egin nahi dugu. Merezi dugu; oso urrutitik gatoz»

Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak Espainiako Kopari ekingo diote gaur Leonen (Espainia). Irundarrek Granollers izango dute aurkari final-laurdenetan (12:30), eta iruindarrek etxeko taldea (20:30). Urruti iritsi nahi dute biek sasoiko azken lehiaketan. 

ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hamabi urte zeramatzan Bidasoak Espainiako Kopako azken fasera iritsi ezinik. Jacobo Cuetara (Ribadesella, Espainia, 1980) aulkian zela lortu du, haren estreinako sasoian. Pozik dago horregatik.

Nola iritsi da taldea Kopara?

Gogotsu dago; ilusio handia egiten digu Zortziko Finala jokatzeak. Jokalari gehienak ez dira inoiz aritu, eta kluba bera ere denbora asko zeraman iritsi ezinik.

Jon Vazquez eta Adrian Crowley min hartuta daude, biak ezker hegalekoak.

Hala da, eta horrek zaildu egingo du txandakatzeak egitea. Gainera, biek defentsan aurreratu moduan joka dezakete. Iñigo Aldaba bigarren taldeko jokalaria gurekin izango da Kopan. Sasoi honetan jokatu izan du, eta konfiantza osoa dut harengan.

Granollers izango duzue aurkari gaur. Zein iritsi duzu aurkariaz?

Kontrario oso gogorra da, ligako talderik indartsuenetako bat. Badakigu oso zaila izango dela hari irabaztea, baina egia da denboraldi honetan elkarren aurka jokatu ditugun partidetan parekotasun handia izan dela. Artalekun, gol bakar baten aldeaz irabazi genien, eta Granollersen, haiek nagusitu ziren gol bakar batengatik. Ligan egon den orekari eutsi nahi badiogu, oso partida ona jokatu beharko dugu.

Non egin diezaiokezue min?

Lehenik, guk gurea eman behar dugu. Hori egin ezean, ez dugu aukerarik izango garaipena lortzeko. Ondo defenditzen badugu, eta erasoan noiz jaurti ondo aukeratzen badugu, zail jar diezaiokegu Granollersi. Uste dut gure dohainek deseroso sentiaraz dezaketela.

Helburu zehatzik ezarri diozue zeuen buruari?

Gaur irabazi nahi dugu. Oso pozik geundeke hori eginda. Sailkatuz gero, ia ziur Bartzelonaren aurka jokatuko genuke —Kataluniako taldeak Huesca izango du aurkari final-laurdenetan—, eta orduan bai izango litzatekeela ia ezinezkoa aurrera egitea. Bartzelona bidean izanda, apenas dagoen etorkizuna. Gozatu egin nahi dugu lehiaketa honetan. Merezi dugu. Oso urrutitik etorrita iritsi garelako, hiru kanporaketa gaindituta. Zortzi onenen artean egotea arrakasta baldin bada, zer esanik ez lau onenen artean sartzen bagara.

Lehiaketa honek emango dio amaiera denboraldiari. Zein balorazio egiten duzu orain arte egindakoaz?

Igoberria izanik, argi genuen helburu bakarra mailari eustea zela. Eta hori lortu dugu. Beraz, balorazioa ona da. Bolada ederrak izan dira denboraldian, baina, sailkapeneko postuaz eta emaitzez harago, garrantzitsuena da etorkizunari begira oinarriak ezarri ditugula. Izan ere, proiektu honen helburuak ez du izan behar urtez urte mailari eustea, baizik eta urtez urte koska bat gorago egitea, eta, ahal izanez gero, inolako estutasunik gabe eustea mailari. Bide onean gaude. Gainera, akuilu bikaina dugu harmailan. Sekulakoak dira gure zaleak. Helburua lortu izanaren errudun ere dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.