Gozamen hutsezko pedalkadak

Goi mailako kirolaren exijentziari muzin egin, eta txirrindularitza modu hedonistan bizitzea erabaki du Paula Suarezek. Sasoiko dabil orain ere, eta egurrean hasi du ziklo-kros denboraldia.

Paula Suarez sasoi bikaina osatzen ari da ziklo-krosean. NAIKE EREÑOZAGA / L. K.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Afizioak ez du zertan ofizio bihurtu. Batzuetan, grina itzali egiten da zaletasuna lanbide itxura hartzen hasten denean. Hala gertatu zaio Paula Suarezi (Gasteiz, Araba, 1998), eta, horregatik, txirrindularitza beste modu batera bizitzea erabaki du: emaitzen ordez, gozamena jarri du erdigunean. Bizikleta gainean ondo pasatu nahi du, prestaketarekin eta elikadurarekin itsutu gabe. Garapen handia izan du azken denboraldietan, baina akigarria egin zaio txirrindulari bizimodua. Eta ez du bere burua estutzen jarraitu nahi: «Inoiz ez dut benetako asmorik izan ziklista profesionala izateko. Kirola modu lasaiago eta erlaxatuago batean bizitzen hasi naiz».

Laboral Kutxako txirrindularia izateaz landa, ingeniaria ere bada Suarez. Gozabide du alor hori, eta lehentasuna eman dio. «Lehenik, ikasketak bukatu nahi nituen; eta behin lanean hasita, ikusi dut hori dela nire mundua. Erabaki bat hartu behar nuen, bizikletaren eta ingeniaritzaren artean. Bigarrena jarri dut aurretik, eta ez naiz damutzen». Goiz eta arratsalde egiten du lan Michelinen Gasteizko lantegian. Entrenamenduak iluntzerako uzten ditu: arrabolean ordubete inguru egin, eta nahiko.

Hori horrela, «harrituta» dago ziklo-krosean osatzen ari den denboraldiarekin. Bost proba irabazi ditu oraingoz, nagusitasunez irabazi ere, Berriz, Trapagaran, Legazpi, Beasain eta Lezaman. «Ia urtebete daramat eginahal betean entrenatu gabe. Ahal dudanean igotzen naiz bizikletara; beraz, ez nuen inolaz ere espero garai honetan horren maila fisiko ona edukitzea. Gorputza bikain ari zait erantzuten». Berezko handia duen erakusgarri izan liteke. Zalantzati mintzo da, ordea, Suarez. «Ez dakit talentua den, ala erreserbekin nabilen. Denei esaten diet txanponaren beste aldearen zain nagoela. Ez litzateke harritzekoa izango momenturen batean behera egitea».

Konfinamenduan arrabolaz gogaituta bukatu zuten txirrindulari askok. Haatik, sasoiari eusteko oinarrizko lanabesa da Suarezentzat. Ez du bereziki gustuko, baina, indartsu egonik, dena da atseginagoa. «Etxera oso nekatuta iristen naiz, eta arrabolera igotzeko motibazioa behar dut. Bada, daukadan sasoiak errazago egiten du dena. Gogo bereziz egiten dituzu gauzak sasoiko sentitzen zarenean». Nagusi ari da izaten Euskal Herriko egutegian. Iaz oso murritza izan zen, bertan behera gelditu baitziren 11 probetatik zortzi. Aurten, aldiz, lehengoratu egin da, eta etxeko probetan gozatua ari da hartzen Suarez. «Gustuko ditudan zirkuituak dira, eta jendeak asko animatzen nau. Hori da behar dudana: bizikleta gainean gozatzea».

Garaipenak errazegi lortzen direnean, erronka handiagoen bila hasten dira kirolariak. Kasurako, iaz Suitzan egin zen ziklo-kroseko Munduko Txapelketan hartu zuen parte Suarezek; 25. izan zen 23 urtez azpikoen mailan. Orain, ordea, ez dio bere buruari tamaina horretako helbururik jarri nahi. «Egiten ari naizen prestaketarekin ezin dut gehiago eskatu. Kanpora lehiatzera joango banintz, badakit sufritu beharrean izango nintzela. Helmugara leher eginda iritsiko nintzateke, eta emaitza onik lortu gabe. Badakit nire mugak non dauden, eta zer egiteko gai naizen gaur egun ditudan baldintzekin».

Bizikleta aldatzea, mesede

Errepidean ere txukun jardun du gasteiztarrak. 2019an iritsi zen Laboral Kutxara, eta iaz brontzezko domina eskuratu zuen 23 urtetik beherakoen Espainiako Txapelketan; Euskadiko txapeldun izan zen kategoria berean. Exijentziak gora egin ahala, ordea, behera egin du Suarezen motibazioak. «Entrenamendu oso luzeak ziren, eta oso metodikoak. Pasioa galtzen ari nintzen, eta bizikletaz aldatzea izan da konponbidea. Ziklo-krosean aritzeko, ez duzu luze entrenatu beharrik». Lehen, aspertu egiten omen zen bi ordu eta erdi baino gehiagoko saioetan. Eta, orain, aski omen du ordu eta erdirekin. «Ohitura galdu egiten da, eta oso zaila egiten zait orain entrenamendu luzeagoak egitea. Ordubetean ahalik eta saiorik onena egiten saiatzen naiz, intentsitate handiz. Dibertigarriagoa da».

Berriki mendiko bizikletarekin ere hasi da proba egiten. Bateragarria omen da ziklo-krosarekin, baita aurrerantzean izan duen bizimoduarekin ere, eta «gustuko» du. «Mutil laguna beti ibili izan da mendian, eta harekin lehendik ibilia naiz, beldurra kentzeko. Aurten bizikleta bat erosi dit, lehiatzeko, eta orain arte ondo moldatu naiz. Erortzea ezin da saihestu, baina ez dut kolpe handirik hartu behintzat». Errepideko txirrindularitzaren atea ez du erabat itxi, baina ez du uste datorren sasoian lehiatuko denik. «Agian, lasterketaren batek motibatzen banau, eta sasoiko banago, proba egingo dut. Baina nire burua behartu gabe». Berriz errepikatu du: «Gozatzea da helburu bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.