Goxotasunak, amaieran

Realak liga hasiera onari segida eman nahi dio gaur Leganesen irabazita. Asier Garitano «etxera» itzuliko da, baina aitortu du «partidan» jarria duela arreta

Asier Garitano, aginduak ematen, entrenamendu batean. Juanmi Jimenez, Asier Illarramendi eta Igor Zubeldia ere ageri dira. MANIX DIAZ DE RADA / REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Uda amaiera gerturatu ahala abiada hartzen ari da futbol denboraldia, eta estreinalditik aste oso bat igaro aurretik jokatuko du Realak Espainiako Ligako bigarren jardunaldia. Anoeta eraberritzeko lanek hala behartuta, etxetik kanpo jokatuko ditu lehen hiru partidak, eta, Vila-real menderatu ostean, Leganesi egingo dio bisita gaur iluntzean.

Estreinako jardunaldian eskuratutako garaipena berritzea dute xede txuri-urdinek, Asier Garitanok bezalaxe. Lehia berezia da gaurkoa entrenatzaile bergararrarentzat; bost urtez aritu zen espainiarren aulkian, eta seme kutun izendatu duten estadiora itzuliko da: «Etxetzat dut Leganes, eta nire zelaitzat Butarque. Ezberdina izango da, baina jazo beharrekoa jazoko da. Aurkari on baten aurka lan ona egitean jarria dut arreta», azaldu zuen atzo arratsaldean emandako prentsaurrekoan.

Mauricio Pellegrinok hartu du Garitanoren lekua Leganesen, eta itxuraldatuta aurkitu du taldea. Aurreko sasoitik hamalau aldaketa izan ditu, eta Realaren aurka jokatzeko zenbait jokalari garrantzitsuren falta izango du entrenatzaile argentinarrak. Horien artean daude, besteak beste, Gabriel Pires, Jose Manuel Arnaiz eta Alexander Szimanowski. Garrantzitsu izatera deitutako hiru jokalariak min hartuta daude. Alabaina, Mikel Vesgak debuta egin dezake Leganesekin; Athleticek utzita dago gasteiztarra, eta San Mamesen ezin izan zuen jokatu, talde zuri-gorriak ezarritako klausula bat tarteko.

Galdu arren, Leganesek itxura ona eman zuen Bilbon, eta Garitanok badaki hori: «Irabazteko aukerak izan zituen Leganesek, eta azken unean sartu zioten gola. Hotzean, pentsatuko zuten lan ona egin zutela». Halaber, txuri-urdinen entrenatzaileak azpimarratu zuen estreinako jardunaldian Lehen Mailako taldeetatik «ibilbide gehien» egin zuena izan zela Leganes, eta «atzealdean sendo» aritu zela.

«Pixkanaka ari gara»

Realak bi egun gehiago izan ditu partida prestatzeko, eta, Garitanok azaldu zuenez, entrenamenduetan ikusitakoaren arabera osatuko du hamaikakoa. Halaber, aitortu zuen oraindik etxeko lanak dituela taldeak: «Oreka handiagoa behar dugu aurrealdearen eta atzealdearen artean. Denbora eskatzen du aldaketak egiteak, ez baita erraza. Poliki ari gara, eta gustura nago jarrerarekin».

Iragan larunbateko hamaikako bera zelairatzeko moduan da bergararra, eta, egingo balu, Joseba Zaldua Leganesen jokatzera itzuliko litzateke; aurreko sasoian Realak utzita aritu zen donostiarra.

Txuri-urdinek birritan jokatu dute Butarquen. Urte hasieran galdu egin zuten han (1-0), eta aurreko sasoian, aldiz, irabazi (0-2). Ordukoari eusteko asmoa agertu du Garitanok. Horretarako, prest agertu da besarkadak eta agurrak partida osterako uzteko eta zentzumen guztiak partidan jartzeko.

LEGANES-REALA

Leganes. Cuellar; Juanfran, Siovas, Ezequiel Muñoz, Raul Garcia; Ruben Perez, Vesga; El Zhar, Eraso, Jonathan Silva; eta Carrillo.

Reala. Rulli; Zaldua, Hector Moreno, Llorente, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Merino, Pardo; Oiartzabal eta Willian Jose.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Butarque (12.450 ikusle).

Ordua. 22:15ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.