Arrauna

Gorriz markatutako eguna

Bizkaiko traineru txapelketak jokatuko dituzte gaur, Lekeition (18:00). Ondarroa Deustu faboritoari ezustekoa ematen saiatuko da. Isuntzak lan ona egitea eta gozatzea du xede

Isuntza, aurreko igandean, Zierbenan, Eusko Label ligako laugarren jardunaldian. Bigarren izan zen. EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Aurten, azken urteetan ez bezala, aste berean lurraldeko bi txapelketa jokatu beharrean txapelketa bakarra jarriko da jokoan: Bizkaikoa. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketak askatu zuen denboraldiko lehen lehiaketa ofizialaren estatxa. Ekainean izan zen, eta Hondarribia eta Arraun Lagunak nagusitu ziren, Donostian. Gaur, berriz, ondoko lurraldeko taldeek izango dute hitzordua (18:00), Lekeition (Bizkaia). Hamalau talde ariko dira, lau emakumezkoetan eta hamar gizonezkoetan. Aurretik, beterano gizonezkoak lehiatuko dira nor baino nor gehiago. Beraz, hiru taldek eramango dute irabazlearen bandera etxera.

Txapelketak ligaren itzalean geratu badira ere azken urteetan, oraindik eusten diote beren betiko kutsuari, eta arraun elkarte askok ere ematen diete ligako banderek duten adinako balioa. Hala, egutegian gorriz markatuta izan ohi dute entrenatzaile batek baino gehiagok; besteak beste, Nagore Osoro Ondarroako prestatzaileak (Ondarroa, Bizkaia, 1994): «Aurreko asteburutik gaurko eguna buruan genuen. Hala, igandeko estropadan aldaketak egin nituen, gaurko lehiarako arraunlariak fresko mantentzeko asmoz». Halere, aitortu du denboraldia hasi zenetik taldea «murritzago» duela. «Lehorrean, bost arraunlari ordezko nituen lehen, eta orain bi arraunlari dauzkat. Talde gaztea izateak horixe dakar: beste taldeekin alderatuta, mugatuagoak gaude, eta, gaur egun, taldean oinarria egonkortzea funtsezkoa da».

Dena dela, Antiguako Ama ontziko arraunlariek badakite irabaztea zer den; iaz nagusitu ziren Bizkaiko Txapelketan. Osorok lorpen hura ekarri du gogora: «Ez genuen espero aurreko urtean hain ondo ibiliko ginenik. Ezustekoa izan zen». Bada, aurten iaz egindako balentria berretsi nahi du Ondarroak. Entrenatzailea, baina, zuhurtziaz mintzatu da: «Logikak dio bandera irabazteko faborito argia Deustu izango dela». Hain zuzen, ETE ligan Tolosaldeari muturra sartu dion talde bakarra izan da Tomatera trainerua; jokatutako zazpi jardunaldietatik bitan gailendu zaio. Horiek horrela, hau da Ondarroaren asmoa: «Deusturi gauzak zail jarri nahi dizkiogu. Estropada bakarrera jokatuta, gainerako taldeok ere aukera gehiago ditugu banderaren lehian egoteko». Bi talde horiekin batera Isuntza eta Lutxana ariko dira, eta ez ditu inolaz ere baztertu: «Akats txikiren bat egiten dugun bakoitzean, haiek prest daude beti guri aurre hartzeko».

Itsaso zakarra iragarrita

Gizonezkoetan hiru txanda izango dira. Santurtzi iazko txapelduna da faborito Zierbenaren eta Urdaibairen aurrean. Hiru oilar horiekin Ondarroa lehiatuko da azken txandan, eta bigarrengoan, Kaiku eta Arkoterekin batera, Isuntzak egingo du arraun. Aurreko igandean Zierbenan (Bizkaia) lortutako bigarren postuak hauspotu egin du Osertz Aldairen taldea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976): «Oso gustura geratu ginen emaitzarekin, lana ondo egin eta baldintzak alde izan genituelako. Puntu sorta handi honek taldeari konfiantza handia eman dio lanean jarraitzeko».

Urratsez urrats, Isuntzak talde gisa haztea eta hobetzea du xede, Aldairen esanetan, eta gaurko estropadak ere helburu bera izango duela dio; non, eta etxean: «Etxeko estropada jokatzea berezia izaten da, baina, era berean, zaila izaten da maila ona ematea eta urduritasuna kudeatzea. Horrelako estropadek ikasten jarraitzeko balio dute». Lan «ona» egitea eta «gozatzea» da Isuntzaren asmoa, «eta etortzen den guztia ongi etorria izango da».

Txapelketa astegunean izanik, ez da harritzekoa taldeko prestatzaileek txandakatzeak egitea beren eskifaietan. Aldaik, bederen, egin egingo ditu, baina abisu argia bota du: «Horrek ez du esan nahi txapelketari garrantzi handia emango ez diogunik; talde lehiakorra aterako dugu». Euskadiko Txapelketara sailkatzeko balioko liekeen laugarren postua atera du hizketaldira: «Azken txandako batek huts egin beharko luke. Printzipioz, zaila izango da, baina denbora ona egiten ahaleginduko gara».

Eguraldiari eta itsasoari dagokionez, ipar-mendebaleko haize zakarra eta metro eta erdi inguruko olatuak daude iragarrita. Aitzitik, baldintza horiei «alde ona» aurkitu die Aldaik: «Galtzeko gutxi eta irabazteko asko duen talde batentzat aproposa izango da». Lekittarra, behinik behin, horretan saiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.