Hamalau urteren ondoren, Osasunak Bigarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Betisi irabazi ez ezik, aurkari zuzenen huts egiteak ere behar zituzten nafarrek herenegun, eta Getafek, Almeriak eta Granadak ez zuten kale egin. Tamalez. Egun tristea izan zen Osasunaren zaleentzat. Patxi Puñal kapitain handiaren agurreko egunean Lehen Mailari ere adio esan behar izan zioten. Hunkigarria izan zen mailaren galerari aurre egiteko zaleek erakutsitako jarrera. Beste behin ere erakutsi zuten jarrera txalogarriarekin, negar malkoei eutsi ezinik egon ziren jokalariak. Biharamunean, ordea, etorkizuna aztertu beharra dago, eta erabat ilun dago. Oso ilun. Erabat belztuta.
Ekainaren 30a baino lehen ordaindu beharra dauzka klubak Taxoaren lanean aritu diren jokalari, jokalari ohi, entrenatzaile, laguntzaile eta entrenatzaile eta laguntzaile ohien soldatak. Hitzartutakoa jaso ez duela-eta jokalariren batek salaketa jarriko balu, zuzenean Bigarren B Mailara jaisteko arriskua ere izan dezake Osasunak. Eta gaur egun ez dauka sosik klubak. Telebista eskubideen zati bat jasotzeko dauka oraindik, eta aurreikusita dago maila galtzeagatik, ordain gisa, diru kopuru bat jasotzea. Baina zuzendaritzak ez dauka denbora askorik zorrak kitatzeko.
Esanguratsuak bezain kezkagarriak izan ziren presidenteak partidaren ondotik egindako adierazpenak. «Orain konturatuko gara zein garrantzitsua zen Osasuna Lehen Mailan egotea», hasi zuen azalpena. «Bigarren Mailan sasoi pare bat igarotzeak ez digu kalterik egingo, akaso. Osasunaren egitura behar baino gehiago gizendua eduki dugu, eta ezinbestekoa da dena berrantolatzea». Artxankok esan zuen «kaltegarria» izan daitekeela urtebeteren buruan, berriz ere, taldea Lehen Mailan izateko plangintza osatzea. «Bigarren Mailara egokitzea eta bertan finkatzea tokatzen zaigu orain, luzera begira Lehen Mailara itzuli ahal izateko».
60 milioi euro inguruko zorra dauka klubak. Foru Ogasunari zor dion dirutza itzultzeko akordioa sinatua dute gorritxoek, baina telebista eskubideengatik 22 milioi euro pasatxo kobratuko lituzke klubak Lehen Mailan; Bigarren Mailan, berriz, nekez jasoko dute hiru milioi euro baino gehiago. Ondorioz, akordio hori «berriz negoziatu beharra» dagoela gogorarazi du Artxankok. Murrizketa garaia iritsiko da orain, nahitaez.
Jokalariengandik hasita, noski. Lehen Mailako taldearen antzik ez du izango Bigarren Mailakoak. Andres, Oriol Riera, Arribas, De Las Cuevas, Armenteros, Cejudo, Silva... Horiek guztiek nekez jantziko dute elastiko gorria datorren denboraldian. Riesgok, Oierrek, Flañok, Torresek... Horiek atera beharko dituzte babak heltzetik. Geratzen diren jokalariek, gainera, %20 inguruko murrizketa izango dute soldatan. Ahal dituen jokalari guztiak saldu egingo ditu klubak, eta fitxarik altuenekoek dohainik utz dezakete Osasuna.
Jokalariei soldatak murriztea ez da nahikoa izango, ordea. Arlo guztietan izango dira murrizketak eta berrantolaketak. «Presidenteari dagokion erantzukizuna daukat nik. Baina taldea ez dut nik osatu, eta partidak ere ez ditut nik jokatu», adierazi zuen herenegun Artxankok. Bazter guztietara zabaldu nahi ditu erantzukizunak. Dimisioak, kaleratzeak, murrizketak… Horrelako kontuak izango dira hurrengo asteotan. Hiriko taldea hizketagai hartuta, argi hitz egin du Enrique Maia Iruñeko alkateak: «Badakigu beste zenbait tokitan baino gutxiago lagundu dugula Osasuna, baina bazekiten hala izango zela. Tristea da, baina hutsetik hasi behar dute berriz. Nire ustez, zortzi milioi euro inguruko aurrekontua izan beharko luke klubak. Ez gehiago».
Hamalau urte gorabeheratsu
Eta, ez, Patxi Puñal kapitain handia ere ez da izango datorren denboraldian Osasunan. «Nire kirol ibilbidea ez da samurra izan. Baina ez nekien gogorrena amaieran iritsiko zitzaidanik». Malko artean esandakoak dira horiek. Hurrengo hilabeteetan ere izango da malkoak isuri nahiko duen zalerik. Gorabehera asko izan dituzte gorritxoek hamalau urteotan, baina Lehen Mailan aritzeaz gozatu ahal izan dute. Bigarren Mailaren mingotsa dastatzen hasteko ordua da orain. Ez da samurra izango aldaketa. Baina beste irtenbiderik ez dago. Burua altxatu eta aurrera egin beharra dago.
Gorri iluna, ia beltza
Bigarren Mailara jaitsita, ekainaren 30a baino lehen zortzi milioi euroko zorra kitatu beharra dauka Osasunak langileekin2014-2015eko denboraldiko taldeak ez du edukiko gaur egungoaren inolako antzik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu