Gorputzari entzun dio

Xalak azken lau t'erdiko txapelketa du. Sasoia hartzea gero eta gehiago kostatzen zaio eta binakako jokoa lehenetsi du.

Xala bizkarra indartzeko ariketak egiten, pilota aukeraketa batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Nire azken lau t'erdiko txapelketa izango da. Tira, txapelduna irteten ez banaiz!». Yves Salaberri Xalarena (Lekuine, Lapurdi, 1979) da aitormena, barrez egindakoa. Barrea eta sarkasmoa sentimenduak maskaratzeko ohiko modua dira. Kasu honetan, baina, aurkako helburua dute. Bere gorputzak eta arazo fisikoek asko mugatzen dute Xalaren jarduna, eta Lekuinekoari, 36 urterekin, aukeratzeko garaia iritsi zaio.

«Prestatzea gero eta gehiago kostatzen zait. Buruz buruko lehiak gogorrak dira, eta gorputzak nabaritzen du. Nire asmoa binakako partidetan zentratzea da, gorputzak gutxiago sufritzen duelako». Azalpena ezin zintzoagoa da, eta ez hain arraroa, Pablo Berasaluzek eta Abel Barriolak aurten hartu duten erabaki bera baita. Aurten asko kosta zaio jokatzea erabakitzea, entrenamenduetan zalantzak izan zituelako. Asperentzat, baina, erakargarria da hura lehian izatea, Ipar Euskal herrian jaialdiak saltzeko amu egokia delako. Eta hala izan da berriz, Xalak Miarritzen (Lapurdi) ekingo dio txapelketari, larunbatean, Joseba Ezkurdiaren aurka —gaur 16:00etan egingo dute aukeraketa; Mikel Olaetxeak eta Iñaki Artolak, berriz, gaur aukeratuko dituzte pilotak, 11:30ean, Tolosan (Gipuzkoa)—.

Azken urteetan bizkarrak eta gerri aldeak martirizatu egin dute Xala, eta etenaldi asko izan ditu. Uda honetan hiru hilabete egin ditu geldirik. Maiatzetik abuztura jokatu gabe egon zen, eta itzulera oso motela izan da, bost partida hilabete eta erdian. Azken urtean hiru etenaldi izan ditu bizkarreko arazoen erruz. Urte hasieran bi hilabetez geldi egon zen, eta binakako txapelketako sei partidari uko egin behar izan zien. 2012az geroztik, berriz, sei izan dira geldialdiak. Besteak beste, 2012ko buruz burukoari uko egin zion.

Xalak gorputzari entzuten ikasi du, eta hark esan dio aldaketak behar dituela. Trinketatik ezkerparetara pasatu zenean lan fisiko handia egin behar izan zuen, eta ordaina azken urteetan iritsi zaio.Justo Lillo Aspeko prestatzaile fisikoa iritzi bereko agertu zen 2011n BERRIAri eman zion elkarrizketa batean. Lilloren ustez, pilotan hasi zenean Xalak gutxi landu zuen bizkarreko giharreria, eta horrek kalte egin dio.

Xalak buruz buruko hiru final jokatu ditu, baina lau t'erdikoan ez du hain bide oparoa izan.2005ean finala galdu zuen Aimar Olaizolaren aurka, eta bitan bakarrik iritsi da finalerdietara: 2004an eta 2011n. Hala ere, partida onak jokatu izan ditu. Iaz, esaterako, ligaxkan sartu eta Juan Martinez de Irujori irabazi zion (14-22), gerora txapeldun izango zena. Beste bi partidak, baina, galdu egin zituen, Ekaitz Saralegi (21-22) eta Julen Retegiren aurka (15-22).

Sei hilabete

Xalari 2016ko martxoan bukatuko zaio kontratua. Udan aditzera eman zuenez, ezkerpareta uztea eta trinketan hastea du asmoa. Azken adierazpenek, baina, iritziz alda dezakeela iradokitzen dute, binakako jokoan zentratzeak jarraitzea dakarrelako. Hurrengo hilabeteetan erakusten duen jokoak argituko du bere etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.