Gorputza eta burua, orekan

Ibai Gomezen ekarpena da Alavesen bolada bikainaren gakoetako bat. Bilbotarra bete-betean dago, bai fisikoki, baita aldartez ere, azken lehietan erakutsi duenez. Hiru gol daramatza jada.

enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Moda-modan dago Ibai Gomez (Bilbo, 1989). Alavesek garaipen baliotsuak lortu ditu azken bi partidetan Gasteiztik at, eta hegalekoa erabakigarria izan da bietan. Valladoliden kontra, neurketako gol bakarra sartu zuen, 93. minutuan, eta Vallecasen, bi gol sartu eta maila ederreko keinu teknikoak egin zituen. Sasoiko lehen partidetan, Jony eta Sobrinoren itzalpean izan zen, baina dagoeneko berreskuratu du aurreko denboraldiko lehia askotan eman zuen maila itzela. Arabako taldeko golegile nagusia da, hiru ale sareratu baititu, eta azken bi norgehiagoketan berretsi du amuleto moduko bat dela. Izan ere, arabarrek ia beti irabazten dute Santutxukoak ate aurrean asmatzen duenean.

Ibaik hirugarren urtea du Alavesen, eta taldeko liderretako bat da jada. Hobera ari da egiten denboraren poderioz: 2016-17ko sasoian 29 lehia jokatu zituen ligan, eta bost gol egin, Mauricio Pellegrinoren agindupean; aurreko denboraldian, berriz, zazpi gol sartu zituen 34 partidatan, Abelardo efektuak suspertuta; oraingoan, hiru baloi sareratu ditu jada. Hegalekoak ate aurrean duen eraginkortasuna islatzen dute datu horiek, baina baditu beste bertute asko. Esaterako, baloiari gutxik bezala ematen dio eskuineko oinaren barruko nahiz kanpoko aldearekin, eta horrek mehatxu bihurtzen du erdiratzeko aukera duenean. Gainera, ez da soilik aurkariaren atera begiratzen duen jokalari horietakoa; lana erruz egin ohi du defentsan.

Banakako prestakuntza da bere sekretua; prestatzaile fisiko, fisioterapeuta eta nutrizionista espezifikoekin egiten du lan. Gorputz zizelkatua dauka orain, gihar sendoz josia. Balio estetikoaz harago, zelaian etekin handia ari zaio ateratzen aldaketa fisikoari; haren esanetan, hauspoa askoz ere gutxiago berotzen zaio: «Lehen ezinezkoak zitzaizkidan esfortzuak egin ditzaket orain. Esaten zidaten ezin nuela iraun 60 minutu baino gehiago, eta orain gai naiz luzapenean golak sartzeko». Horren adibide da Valladolidi egin zion gola: Jonyren korrikaldi biziari jarraitu zion neurketaren azken hatsean, eta odol hotzez errematatzeko moduan iritsi zen areara.

Lesioez ahaztu da

Hortaz, nekeari izkin egiten dio orain, lesioei bezalaxe. Athleticen gurutze bidea igaro behar izan zuen arazo fisikoekin, eta, azkenerako, antsietatearen eta konfiantza faltaren gurpil zoroan sartu zen. Ligan bost lehia besterik ez zituen jokatu talde zuri-gorrian aritu zen azken denboraldian. Ordea, Alavesen egoerari irtenbidea aurkitu dio. Nekez hartzen du min orain, eta, horri esker, buru-belarri jardun dezake eguneroko lanean. Gainera, mesede egin dio Abelardok eskuin hegalean kokatu izanak. Bertan, sarri ari da ateratzen barruan duen talentu guztia. Futbolaz gozatzen ari da berriro. Oso aldarte onean dago, eta, konfiantza puntu horrekin, jokalari guztiz erabakigarria da.

Gauzak hala, Alavesek dinamita dauka hegaletan, Jony aurkariak sufriarazten ari baita ezkerrean, batik bat abiadura handiko kontraerasoekin. Ligan orain arte goleko pase gehien eman dituen jokalaria da: lau. Bi hegalekoak zitalak dira azken metroetan, eta ondo ulertzen dute elkar. Haien arteko konexioak fruituak eman dizkio Alavesi azken bi partidetan. Gaur ere zeresana ematen ahaleginduko dira, Getaferen kontra Mendizorrotzan jokatuko beharreko norgehiagokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.