Alaves 1-0 Rayo

Gorosabelen gol batek eman dio garaipena Alavesi

Atzelariak Lehen Mailan sartu duen aurreneko gola da. Arabarrek hamar puntura dituzte jaitsiera postuak.

Alaveseko jokalariak Gorosabelen gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak Gorosabelen gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 10a
18:01
Entzun

Arnasa lasai har dezake Alavesek. Gaur Mendizorrotzan lortutako garaipenari esker (1-0), hamar puntura ditu jaitsiera postuak. Eroso dabil sailkapenaren erdialdean. Eguneko heroia Andoni Gorosabel izan da. Arrasateko atzelariak bere lehen gola egin du Lehen Mailan, eta ez edonolakoa: atezainaren gainetik baloia loratuta sartu du, aurrelari onenen moduan. Azkenean, gainera, hiru puntuak lortzeko balio izan du.

43. minutuan izan da hori. Zertxobait lehenago, harmailak izan dira arretagune nagusia. 39.ean, neurketa eten dute emakume bat ondoezik zegoelako, baina, dirudienez, susto bat besterik ez da izan. Lehiari hobeto berrekin diote etxekoek, eta horrela heldu da saria. Antonio Blancok eman dio baloia Gorosabeli, Omorodionek eta Vicentek eraman dituzte atzelariak, eta atzelariak zoragarri amaitu du jokaldia.

Bigarren zatiaren hasieran, gol bana baliogabetu diete bi taldeei, jokoz kanpo egoteagatik: Alavesena Javi Lopezi, eta Rayorena RDTri. Madrildarrena izan da baloi jabetza, baina ez dute ia arriskurik sortu. Faltak zirela eta aldaketak zirela, gainera, moteldu egin da erritmoa. 

Antonio Sivera atezainak ehungarren neurketa zuen Alavesekin, eta norgehiagokako azken jokaldiko protagonista izanda ospatu du. Gauzak lasai zeudela zirudiela, geldiketa gogoangarri bat egin dio Isi Palazoni. Aldaratzea zutoinera bidali du Falcaok. Bihotzekoak eman dio zale bati baino gehiagori, baina, azkenean, garaipena ospatu ahal izan dute Mendizorrotzan bildutakoek.

Rayon, berriz, tristura da nagusi. Azken hemezortzi partidetatik bakarra irabazi dute, eta Iñigo Perez prestatzaile nafarrak ez du lortu joera aldatzea. Oraindik ez du garaipenik lortu madrildarrekin, eta lau puntura dute 18. postua.

Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenagia, 84'), Abqar, Marin, Javi Lopez; Gebara, Antonio Blanco, Rioja (Rebbach, 71'), Vicente (Sola, 77'), Guridi (Benavidez, 77') eta Omorodion (Kike Garcia, 70').

Rayo: Dimitrievski; Aridane, Balliu, Lejeune, Pacha Espino (Chavarria, 45'); Kike (Miguel Silva, 62'), Pathe Ciss (Falcao, 78'), Isi, Unai Lopez, De Frutos (Bebe, 85'); eta RDT (Camello, 62'). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.