Gorka Izagirrek hirugarren aldiz irabazi du Ordiziako Klasikoa

Gorka Izagirre, besoak altxatuta, helmuga marraren gainean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ordiziako Klasikoa Gorka Izagirreren lurraldea da. Atzo hirugarrenez irabazi zuen, Luis Leon Sanchez (Caja Rural) buruz buruko esprintean garaitu ondoren. Izagirrek proba bukaera izugarria egin zuen, eta hori esker altxatu zituen besoak helmugan. Izan ere, Gaintzako gainean, helmugarako zazpi kilometro falta zirela, 30 segundoko desabantaila zuen lasterketa buruarekiko.

Espero bezala, Gaintzako igoerak asko animatu zuen proba. Igoera jendez lepo zegoen, eta Jesus Herrada (Movistar), eguneko ihesaldiko azken partaidea, pasatu zen lehenbizi tontorretik. Luis Leon Sanchez 13 segundora zuen, eta tropela, minutu erdira. Garaipena aurrean zegoela zirudien, are gehiago Sanchezek Herrada harrapatu zuenean. Helmugarako hiru kilometro falta ziren, eta tropeletik Izagirre eta Igor Anton (Movistar) irten ziren.

Herradak ez zion Sanchezi lagundu, eta laurak helmugatik bi kilometrora elkartu ziren. Hiru Movistar ziren Sanchezen aurka, ziur asko laukoteko bizkorrena. Izagirre zen Movistarren aukera, bukaera ondo ezagutzen zuen —2010ean eta 2012an irabazi zuen—, eta Herrada eta Anton baino biziagoa da. Amaieran hori erabakigarria izan zen, eta Sanchezi irabazi zion esprintean. Sasoiko lehen garaipena da Ormaiztegikoarentzat. Euskadi taldea asko mugitu zen lehen kilometroetan, eta sari txikia lortu zuen: mendikoa, Mikel Aristirentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.