Paris-Niza

Gorka Izagirre bigarren izan da Paris-Nizako lehen etapan

Arnaud Demare frantziarrak izan da irabazle. Gutxigatik irabazi dio Izagirreri, sprintean. Ion Izagirre hamargarren sailkatu da.

Arnaud Demare eta Gorka Izagirre, gaurko etaparen azken sprintean, helmugara iristen. SEBASTIEN NOGIER, EFE
2018ko martxoaren 4a
20:24
Entzun

Paris-Niza itzuliko lehen etapan oso gertu izan du garaipena Gorka Izagirre Bahrain-Merida taldeko txirrindulari ormaiztegiarrak. Sprintean iritsi da tropela harbidean egin dituzten azken 500 metrotara, eta estu-estu aurreratu zaio Demare (FDJ) Izagirreri helmugan. Epaileek helmugako argazkiaren bidez erabaki dute irabazlea nor izan den. Hirugarren izan da Christophe Laporte (Cofidis).

Izagirrek berak adierazi duenez, epaileak irabazi egin duela esan dio hasiera batean, baina handik gutxira jakinarazi diote Demare oso gutxigatik nagusitu zaiola.

Izagirre "pozik" agertu da egindako lanarekin, baina baita penaz ere, garaipenak gutxigatik ihes egin diolako. "Horrelakoetan ikusten da irabaztea zein zaila den". Azaldu duenez, "pixka bat luze" egin zaizkio azken metroak eta erasoa "urruti samar jo" duenaren ustearekin gelditu da.

Lehen etapan, Chatou eta Meudon arteko ibilbidea egin dute txirrindulariek. 135 kilometro guztira. Euriak eta haizeak baldintzatu dute lasterketa, eta hainbat gorabehera izan dira. Azken kilometroetan, erorikoa izanda tropelean eta dozena bat txirrindulari joan dira lurrera, inork min hartu ez badu ere.

Aurretik, tropeletik ihes egin dute Pierre Rolland (EF Drapac Cannondale), Jurgen Roelandts (BMC) eta Pierre-Luc Périchonek (Fortuneo-Oscaro). Hiru minutuko errenta lortu dute helmugarako 80 kilometro falta zirela. Alde hori 15 segundura murriztu dute, ordea, Quick-Stepek eta FDJk, tropelari tiraka, hogei kilometroren faltan. Azkenean, ihesaldia indargabetzea lortu dute.

Azken metrotara iritsi baino lehen, Alexis Vuillermozek (AG2R) erasoa jo du eta hamar segunduko aldea ere eskuratu du, baina tropelak irentsi egin du, garaipena azken sprintean erabakitzeko.

Bihar, 187,5 kilometroko etapari egingo diote aurre txirrindulariek, Orsonville y Vierzon artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.