FUTBOLA

Gorka Guruzetak 2028ra arte berritu du Athleticekin

Klubak aukera zuen aurrelariari kontratua beste urtebetez luzatzeko, baina egiten ari den lan ona saritu nahi izan dio, eta hitzarmen luzeagoa eskaini. Jokalariak onartu egin du. «Ametsa da familia honetan segitzea», esan du.

(ID_13623541) (/EZEZAGUNA) guruzeta
Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Gorka Guruzeta, elkarri bostekoa ematen, kontratu berria sinatu berritan. ATHLETIC
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 20a
11:22
Entzun

Athletic etorkizunerako taldea osatzen ari da etengabe. Gorka Guruzeta da talde zuri-gorriak lotu duen azken jokalaria. 27 urteko aurrelari donostiarrak beste lau denboraldirako berritu du kontratua, 2028ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere. Klubak aukera zuen aurrelariaren kontratua beste urtebetez luzatzeko, baina egiten ari den lan ona saritu nahi izan du, eta hitzarmen luzeagoa eskaini dio. Jokalariak onartu egin du. 72 partida jokatu ditu lehen taldearekin, eta hamazazpi gol sartu.

Guruzeta bikain ari da denboraldi honetan. 26 partida jokatu ditu, eta hamar gol sartu. Hura eta Iñaki Williams dira talde zuri-gorrian gol gehien sartu dituzten bi jokalariak. Donostiarra 2018-2019ko denboraldian aritu zen aurreneko aldiz lehen taldearekin partida ofizial batean. Kosta egin zitzaion tokia egitea, eta, hori ikusita, klubak bitan utzi zuen beste talde batean: 2020-2021eko sasoian, Sabadellen jokatu zuen, Espainiako Bigarren Mailan; 2021-2022ko denboraldian, berriz, Amorebietan aritu zen, Espainiako Bigarren Mailan berriro. Oso ondo aritu zen horretan —hamahiru gol sartu zituen 38 partidatan—, eta Athleticek berreskuratu egin zuen. Aurreko sasoian txukun aritu zen —37 partida jokatu zituen, eta sei gol sartu—, baina denboraldi honetan jauzia eman du.

Oso pozik dago Guruzeta. «Ametsa da familia honetan jarraitzea, baita urte askoan egindako lanaren saria ere. Ea guztiak jarraitzen duen, eta erronka politak betetzen segitzen dugun», esan du kontratua luzatu berritan.

Mikel Gonzalez Athleticeko kirol zuzendariaren arabera, «aurrelaririk aproposena» da taldeak duen jokamoldearentzat. «Bikaina da taktikoki, beti ondo aukeratzen du non jarri. Eraginkorra da arean, eta hobeto mugitzen da azken metroetan. Oso aurrelari osoa da. Balio handia du guretzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.