ARRAUNA

Gorka Aranberri Oriora itzuli da

'San Nikolas' gidatzeko ardura hartu du berriro patroi zarauztarrak. 2017tik 2020ra egon zen Orion, eta Iker Zabalarekin batera itzuli da taldera.

GORKA ARANBERRI
Gorka Aranberri, 2017ko Kontxako Banderan. JON URBE / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko azaroaren 23a
17:20
Entzun

Zurrumurruak bete dira: Gorka Aranberri, azken urteetako gizonezko patroi onena, Oriora itzuli da. Iker Zabala Orioko entrenatzaile berriak deialdia zabaldu zion herri guztiari eta marea horiko zale guztiei, taldearen lehen entrenamendua ikusi eta patroi berria zein den ikusteko. Oriok Zabala fitxatu zuenetik, Aranberri harekin joan zitekeela zabaldu zen, eta ustea bete da.

Patroi zarauztarrak lau denboraldi egin zituen aurrez Orion, 2017tik 2020ra —biak barne—. Zarauzko Arraun Elkartean hasi zen Aranberri, eta handik Urdaibaira joan zen 2011n. Sei denboraldi egin zituen bertan, 2020an Oriora joan arte, eta, Gipuzkoako taldean lau denboraldi egin eta gero, Santurtzin izan zen urtebetez, 2021eko denboraldian. Urte hartan Iker Zabalarekin batera aritu zen, eta liga eta Kontxako Bandera irabazi zituzten elkarrekin.

Hurrengo denboraldian Urdaibaira joan ziren batera, eta historiarako hiru denboraldi egin dituzte bertan; hiru urteetan liga eta Kontxako Bandera irabazi dituzte. Bada, berriro elkarri eskua hartuta egin dute talde aldaketa, eta Oriora iritsi dira, San Nikolas berriro aurrean kokatzeko asmoz. Ez dira urte onak izan Oriorentzat: liga 2019an irabazi zuten azkenekoz, eta Kontxako Bandera, berriz, 2017an; hain zuzen, Aranberri patroi zela irabazi zituzten bi titulu horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.