FUTBOLA

Gori-gori jarriko da

Final-laurdenetan sartu da Eurokopa. Faboritoen arteko lehiak jokatuko dira gaur: Espainia-Alemania eta Portugal-Frantzia. Bihar, berriz, Suitzak eta Turkiak ustekabean hartu nahiko dituzte Ingalaterra eta Herbehereak.

Toni Kroos. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Toni Kroos Alemaniako jokalaria, baloia oinetan duela, Alemaniak eta Danimarkak Eurokopako final-zortzirenetan jokaturiko partidan. CHRISTOPHER NEUNDORF/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 5a
05:10
Entzun

Sutan jartzean probatzen da eltzea. Edo bestela esanda, partidarik handienetan eta aurkaririk gogorrenen kontra ikusten da talde bat urrun iristeko moduan dagoen ala ez. Bada, suzko proba izango dute gaur eta bihar Alemaniako Eurokopan bizirik jarraitzen duten zortzi selekzioek. Gori-gori jarriko da txapelketa final-laurdenetan, eta gutxienez bi faborito handi erreko dira. Izan ere, elkarren aurka ariko dira Alemania eta Espainia, alde batetik, eta Portugal eta Frantzia, beste alde batetik. Litekeena da Ingalaterrak ere kiskalita bukatzea, Suitzaren aurka. Turkiak, berriz, galtzekorik gabe egingo die aurre Herbehereei.

Final usaina dario Espainiak eta Alemaniak gaur Stuttgarten jokatuko duten partidari (18:00, La1 eta TF1). Ospe historikoa aipatu behar da lehenik: Eurokopa gehien irabazi duten bi selekzioak dira, hiruna garaipen lortuta. Baina iraganeko lorpenek ez ezik, orainaldiko jardunak ere harro dauzka bi selekzio horiek. Izan ere, Eurokopan zehar ondoen jokatu dutenak dira, hautagai nagusien artean behintzat. Espainia behinola baino zuzenago eta azkarrago ari da jokatzen, hegalean dituen bi harribitxiek bultzatuta. Nico Williams eta Lamine Yamal deabrukeriak ari dira egiten. Alemaniak ere talentu handiko gazteak ditu, Jamal Musiala buru. Azken urteetako identitate krisia gainditzen ari da anfitrioia, eta mendeku gosez ariko da gaur: azkenekoz, 1988an irabazi zion Espainiari partida ofizial bat, eta, geroztik, oso kolpe mingarriak jaso ditu gaurko aurkariaren aurrez aurre.

Bellingham Ingalaterra gola
Jude Bellingham Ingalaterrako jokalariak gol ikusgarri bat sartuta lortu zuen Eslovakiaren aurkako partida berdintzea. FILIP SINGER / EFE

Portugalek eta Frantziak ere gaur neurtuko dituzte indarrak, Hanburgon (21:00, La1 eta M6). Beste final aurreratu bat izango da. Hain justu, bi selekzio horiek jokatu zuten 2016ko Eurokopako finala. Etxekoen festa zapuztu zuten portugaldarrek, luzapenean Ederrek sarturiko gol ikonikoari esker. Gauzak, baina, aldatu egin dira ordutik: Frantziak Munduko Kopako bi final jokatu ditu, eta bat irabazi du; Portugalek, ordea, urrun izan ditu tituluak, eta hautatzailea aldatu zuen iaz. Roberto Martinezek berpiztu egin du, baina Eurokopan ez da bere sasoirik onena erakusten ari. Final-zortzirenetan penaltiak behar izan zituen Eslovenia kanporatzeko. Frantziak ere lanak izan zituen Belgika mendean hartzeko. Hiru gol sartu ditu bakarrik orain arte: aurkariek beren atean sartu dituzte horietatik bi, eta bestea penaltiz sartu du. Harkaitza bezain sendoa da, ordea.

Ingalaterra, zalantzaz josita

Bi partida horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan. Beste adarrean, aldiz, bide errazagoa egokitu zaio Ingalaterrari. Partidak jokalarien izenekin irabaziko balira, finalean legoke ziurtasun osoz. Haatik, zelaian oso eskas dabil hiru lehoien selekzioa. Bi gol sartuta eta partida bakarra irabazita sailkatu zen final-zortzirenetarako, eta latz sufrituta kaleratu zuen Eslovakia. Historikoa zatekeen porrota saihestu zuten Bellinghamen eta Kaneren golek. Gauzak hala, Suitzaren kontra jokatuko du bihar, Dusseldorfen (18:00, La1 eta M6). Sona aldetik gutxiago dira suitzarrak, baina orain arte osatu duten txapelketa ikusita, aukera asko izan dezakete finalerdietan sartzeko. Italiari aise gailendu zitzaizkion final-zortzirenetan.

Turkiak, berriz, agoniaren bidetik azpiratu zuen Austria, eta 2008ko balentria berriro egin nahi du, finalaren atarira iritsita. Alabaina, erronka zaila izango du bihar, Berlinen, Herbehereen aurka (21:00, La1 eta TF1). Behetik gora doa Ronald Koemanek zuzenduriko taldea, eta Errumaniaren aurka izandako hobekuntza berretsi nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.