Osasunak goia jo zuen mende honen hasieran. Patxi Izkoren kudeaketa ilunaren abaroan, talde ahaltsua sortu zuten gorritxoek, eta sekula ez bezalako emaitzak lortu zituzten. Espainiako Kopan, finalerdietara iritsi ziren 2003an, eta finalera bi urte geroago luzapenean 2-1 galdu zuten Betisen aurka, Vicente Calderonen. Ligan, berriz, aurrenekoz eskuratu zuten Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela, 2005-06ko denboraldian. Oroitzekoa da, halaber, 2003-04koan Real Madrili eman zioten astindua: 0-3 azpiratu zuten Santiago Bernabeun. Bada, hori guztia, Javier Aguirreren (Mexiko Hiria, Mexiko, 1958) agindupean lortu zuten nafarrek. Mexikarrak 2002an hartu zuen Osasunaren lema, eta lau urte geroago utzi, taldea laugarren sailkatu ostean. Gaur Iruñera itzuliko da, Leganesen teknikari moduan.
Koronabirusaren pandemiarengatik ez balitz, zale gorritxoek oso harrera beroa egingo zioketen gaur. Izan ere, emaitzez harago, Sadarreko harmailekin lotura estua sortzen jakin zuen Aguirrek. Horretan zerikusia izan zuen, menturaz, jatorri euskalduna izateak. Hortik datorkio El Vasco ezizena. Haren gurasoak Bizkaian jaio ziren —ama,Gernikan, eta aita, Ispasterren—, eta 1950ean jo zuten Mexikora, bizimodu hobe baten bila. Han jaio zen Aguirre, Aitor, Carmele, Jon eta Andoni anai-arrebekin batera. Etxean ikurrina ikusten eta euskara entzuten zuen. Bere erroez harro, Mikel, Ander eta Iñaki deitu zien bere hiru semeei.
Hortik harago, bere izaera adeitsu, grinatsu eta batzuetan xelebreari esker poltsikoratu zuen klubaren inguru guztia; zale, agintari zein kazetari. Haren agerraldiak krispetak hartu eta adi entzuteko modukoak izaten ziren: ateraldi irrigarri ugari izaten zituen. Egun, berdin-berdin jarraitzen du. Eta, talde barruan, beti eman izan dio garrantzi handia alor psikologikoari. Gertutasuna erakusten die jokalariei, haien arazoez kezkatzen da, eta, hala, talde orok taxuz lan egiteko behar duen giro lasaia eta egonkorra sortzen du. Aro hartan, Osasunak goi mailako jokalariak izan zituen, baina izenek ez dute beti izana ziurtatzen. Haatik, Aguirrek baldintza aproposak sortu zituen nahieran aritu zitezen Milosevic, Valdo, Morales, Aloisi, Webo, Delporte, Pablo Garcia, Raul Garcia, David Lopez, Puñal, Krutxaga eta enparauak.
Dena den, kudeatzaile on bat baino gehiago izan zen mexikarra. Askok haren showman izaera dute gogoan bakarrik, baina, mikrofonoarekin ez ezik, arbelarekin ere abila da. Hala erakutsi zuen, bederen, Iruñean. Zuen jokalari multzoari hobekien zetorkion jokamoldea aurkitu zuen, eta, horri esker, lehiatzeko makina bihurtu zuen Osasuna. Harkaitza bezain sendoa eta aizkora bezain zorrotza zen talde hura, eta mailu baten joa zeukan. Ez zen itzulingurutan ibiltzen: baloiak alboetara azkar bidali, eta hegalekoen abiadura baliatzen zuen, hondoko marrara iritsi eta areara behin eta berriro erdiratzeko. Ikusgarria, eraginkorra eta irabazlea zen. Ezin zitekeen gehiago eskatu. Zale gorritxoek gutxitan bezala gozatu zuten ukitu mexikarreko talde harekin. Jokalari gisa hamahiru lehia eskas baino ez zituen jokatu Aguirrek Osasunan, baina teknikari moduan arrasto sakona utzi zuen.
Batetik bestera ibili da
Nafarrak Txapeldunen Ligarako sailkatu ondotik, Atletico Madrilera joan zen. Espainiarrak Europako erakusleihoan jarri zituen berriro. Geroztik, denetariko lanak izan ditu. Alde batetik, Mexikoko, Japoniako eta Egiptoko selekzioak zuzendu ditu, eta abentura exotikoa izan zuen Arabiar Emirerri Batuetako Al Wahdan. Lehenago, ataka estuan ziren Zaragoza eta Espanyol salbatu zituen. Asmo berarekin iritsi zen Leganesera, iazko azaroan. Azken postuan hartu zuen taldea, bost puntu eskasekin. Harekin, hobera egin du Leganesek, baina ez behar beste: zazpi puntura du salbazioa. Hortaz, final kutsuko lehia jokatuko du gaur Sadarren.
Gorenera eraman zuen
Osasunaren historiako talderik arrakastatsuena zuzendu zuen Javier Aguirrek 2002tik 2006ra. Trebeziaz kudeatu zuen goi mailako multzoa, eta lotura berezia sortu zaleekin. Gaur Sadarrera itzuliko da, Leganeseko entrenatzaile gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu