Arrauna

Gorenean egotea dute xede

Asteburu honetan jokatuko dira Eusko Label eta Euskotren ligako kanporaketak. Gaur Bermeon jokatuko da estropada, itsasoan, eta bihar, Portugaleten, ibaian.

Zumaiako 'Telmo Deun' ontzia artxiboko irudi batean, Donostiako badian. GORKA RUBIO / FOKU
Zumaiako 'Telmo Deun' ontzia iaz, Donostiako badian. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko irailaren 14a
05:05
Entzun

Uda guztia daramate lanean arraunlariek, eta hainbati gaur-biharretan iritsiko zaie une handia. Gaur eta bihar jokatuko dira Euskotren eta Eusko Label ligako kanporaketak. Leire Ibar (Azpeitia, Gipuzkoa, 2004) Zumaiarekin arituko da, eta ETE ligatik Euskotrenera egin nahi du saltoa. Gorka Toledo (Tolosa, Gipuzkoa, 1995), berriz, San Pedrorekin ariko da. Eusko Label ligan aritu dira aurten, eta ez dute maila galdu nahi. 

Gogotsu eta «urduritasun apur batekin» dago Ibar asteburuari aurre egiteko. «Kontxarako sailkatu ez ginenez, azken asteetan kanporaketak izan dira gure helburu bakarra». Kontxatik kanpo gelditzea kolpea izan zen Telmo Deun-entzat, baina ikasteko balio izan diela nabarmendu du: «Hasieran gogorra izan zen, baina taldearen erreakzioa oso ona izan da. Lehiaketa albo batera laga dugu, eta ondokoari begiratu gabe egin dugu lan».

Aurkariak izango diren beste bi ontzi, ordea, Kontxan aritzeko sailkatu ziren: Astillero eta Chapela. Bosgarren eta seigarren amaitu zuten, hurrenez hurren. Hala ere, Ibarren esanetan, ez dira haiek baino gutxiago ikusten: «Astillerorekin denboraldi osoan aritu gara banderen lehian. Haiek Kontxan egon dira, eta gu ez. Baina denboraldia ez da duela hainbeste izan. Antzeko maila daukagun bi txalupa gara, eta ligan zenbait aldiz irabazi badiegu, zergatik orain ez? Chapela ere oso indartsu iritsiko da Galiziatik, eta Kontxan ondo aritu da». Cabo izango da beste aurkaria, Euskotren ligako ontzia.

Leire Ibar iaz, Kontxan, ukabila estutuz eta taldekide bat bizkarrean duela. JON URBE / FOKU
Leire Ibar iaz, Kontxan, ukabila estutuz eta taldekide bat bizkarrean duela. JON URBE / FOKU

Iaz ere kanporaketetan izan zen Zumaia, eta helburua lortu ez arren, esperientzia hori izatea «oso positibotzat» jo du Ibarrek: «Iazkoa lehen kanporaketa izan zen niretzat eta beste hainbat taldekiderentzako. Ez genekien kanporaketa bat zer zen. Orain, ordea, badakigu, eta antzeko taldea daukagu. Lagungarria izango da, batez ere urduritasuna kontrolatzeko».

«Iaz ez genekien kanporaketa bat zer zen. Orain, ordea, badakigu, eta lagungarria izango da, batez ere urduritasuna kontrolatzeko»

 LEIRE IBARZumaiako arraunlaria

Estropadei dagokienez, itsasoan hobeto moldatzen denaren ospea dauka Zumaiak. Horregatik, Bermeokoa izan daiteke estropadarik egokiena. Hala ere, Portugaleten ere ondo aritu daitezkeela sinetsita dago: «Guk beti esaten dugu itsasoa nahiago dugula; itsaso mugitua. Hala ere, errekan ondo moldatzen garela sinetsarazi behar diogu geure buruari, hala delako. Ez gara itsasorako traineru bat soilik».

Une gazia gozatzera

San Pedrok ere iazko esperientzia dauka kanporaketetan. Arraun elkartean, ordea, ez da giro azkenaldian. Klubak Cristian Garma patroia fitxatu zuen denboraldiaren amaierarako, baina «kirolaz kanpoko arrazoiengatik» klubak kanpoan utzi du. Orain, Toledoren txanda izango da, berriro ere; ordura arte estropada guztiak jokatu dituen patroiarena. 

Toledok «gogotsu» ikusten du taldea kanporaketei aurre egiteko. Kontxako Banderako sailkatze estropadatik lehiatu gabe daude, eta «mentalki reset egiteko» baliatu dituzte entrenamenduak: «Fisiko aldetik ondo geunden, baina mentalki beharrezkoa zen reset egitea. Telebistaren arretagunetik alde eginda, gure arraunketan izan genitzakeen ahulunean indartzeko erabili dugu tarte hau».

(ID_13581869) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-08, Pasaia. Arrauna
Gorka Toledo artxiboko irudi batean, San Pedro arraun elkartearen egoitzan (JON URBE/FOKU)

Aspalditik darama San Pedrok begiak asteburu honetan iltzatuta. Ligan 11. postuan egon dira beti, eta jakina zen kanporaketak jokatu beharko zituztela. «Uztailean ikusi genuen Kaiku urruti gelditzen ari zitzaigula, eta abuztu osoan egon gara kanporaketei begira lanean. Ez ditugu estropadak kareletik bota, baina entrenamenduak horretara bideratu ditugu».

Libia-k Ares, San Juan, Santurtzi eta Chapela izango ditu aurkari. Kontxako sailkatze estropadan lehiatu ziren denak, eta lehen biak aurretik izan zituen San Pedrok: «Ares eta San Juan indartsu datozela ikusi da, eta koska bat gainetik egon daitezkeela dirudi. Baina azken asteetako entrenamenduak gure ahultasunak indartzeko baliatu ditugu, eta dirudiena baino lehiatuagoak izango dira kanporaketak. Ur bareetan ikusi da San Pedrorik onena, eta hor egon daiteke gakoa».

«Uztailean ikusi genuen Kaiku urruti gelditzen ari zitzaigula, eta abuztu osoan egon gara kanporaketei begira lanean. Ez ditugu estropadak kareletik bota, baina entrenamenduak horretara bideratu ditugu»

 GORKA TOLEDOSan Pedroko patroia

Azken asteak «oso gogorrak» izan dira Toledorentzat. Garmaren fitxaketak lehiatik kanpo utzi zuen, baina hura gabe, tolosarra estatxa hartu beharrean da berriro ere: «Prentsaren bidez izan nuen Garmaren fitxaketaren berri. Nigan konfiantzarik ez zegoela sentitu nuen, eta patroi batentzat oso gogorra da hori, badirudielako emaitza txarren erantzule bakarra zu zarela. Baina Garma ez dago jada, eta zu defendatu ez zaituen kluba defendatu beharko duzu asteburuan. Ion Fidalgo beste patroia ere hor dago, eta ikusiko da nor arituko den. Gertukoen eta taldekideen babesa jaso dut, eta ni dena emateko prest nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.