Garai bateko traza du gaur Donostian jokatuko den euskal derbiak. Aspaldiko partez, Realaren etxean belar usaina aise nabarituko dute zaleek, eta ez harritu euriak zelaia lokazten badu. Derbi grina agerikoa izan da Realaren eta Athleticen arteko partidaren atarian; adierazpenek giroa berotu dute, eta larunbat arratsaldez jokatuko da neurketa. Talde bateko eta besteko zaleak biltzeko ordutegi apropos batean, gainera. Alabaina, festarako gogo gutxi izango da zelaian. Bi taldeak puntu baten aldearekin iritsi dira Anoetako neurketara, eta norgehiagoka garrantzitsua da gorako bilakaeran jarraitzeko.
Aldarte ezberdinarekin hasiko dute neurketa bi taldeek. Txuri-urdinek berdindu egin zuten iragan igandean, etxean, Huesca azken sailkatuaren aurka (0-0). Zuri-gorriek, berriz, azken asteetako bolada onari jarraipena eman zioten Betisi irabazita (1-0). Orain arte egindakoak, baina, ez du balio; hiru puntuak eskuratzen dituena izango da aurretik sailkapenean, eta gertuago ikusiko ditu Europan jokatzeko aukera ematen duten postuak.
Imanol Alguacilek eta Gaizka Garitanok aldaketa gutxi egin dituzte deialdian, eta jokatzeko prest dauden guztiak deitu dituzte. Realean zalantzan dago Aritz Elustondok jokatuko duen, min hartu baitzuen asteazkenean, baina zerrendan sartu du prestatzaile oriotarrak.
Kenan Kodro, prest
Zelaian izan daitekeen beste jokalari bat Kenan Kodro da. Athleticek atzo aurkeztu zuen donostiarra; 2022. urtera arteko kontratua sinatu du zuri-gorriekin. Aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, Garitanoren esanetara «aritzeko prest» dago. Athleticen jokatzea «sari bat» dela esan du Zubietako harrobiko jokalariak.
REALA-ATHLETIC
Reala. Rulli; Zaldua, D. Llorente, H. Moreno, Aihen M.; Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Januzaj, Oiartzabal eta Willian Jose.
Athletic. Herrerin; Capa, Yerai, Martinez, Berchiche; Beñat, Garcia, Gomez; Cordoba, Munian eta Williams.
Epailea. Mateu Lahoz.
Ordua. 16:15 (Gol TV).
Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).
Gorako bideari eutsi nahian, garaipena dute xede Realak eta Athleticek
Donostiarrak puntu baten aldearekin iritsi dira gaurko euskal derbira. Aritz Elustondok jokatuko duen zalantza izango da Realarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu