Tolosaldea Arraun Klubak oso ondo hasi du denboraldia. Sailkapen nagusian hirugarren doaz, eta aurretik Donostia Arraun Lagunak eta Orio bakarrik ditu; hain zuzen ere, joan den sasoiko lehen bi sailkatuak. Tolosaldea aurreko denboraldiko azkena izan zen, eta hobekuntza nabarmena da oraingoz. Tolosako taldeak bigarren urtea izango du aurten maila gorenean, baita Naroa Becerril Iraola hartako kideak ere (Tolosa, Gipuzkoa, 2001). Bateletan hasi zen arraunean, lagunekin batera izena eman eta gero, eta jada zortzi urte daramatza taldean. Haren esanetan, bide onean doaz: «Ohi dugun eran arraun egitea lortzen badugu, edozeinen aurka lehiatzeko gai gara».
Sasoi honetan bost estropada lehiatu dira jada. Bilbon ez ziren fin ibili. Becerrilen arabera, Bilboko ibaia ez da «lekurik onena» haien arraun egiteko era erakusteko, eta hori sailkapenean ikusi da. Denboraldiko posturik okerrena lortu zuten. Bosgarren postuan bukatu zuten, Arraun Lagunak irabazlearengandik hemeretzi segundora.
Hala ere, igandean hobeto aritu ziren, Orion. Hirugarren sailkatu ziren. Oriok baino hamar segundo gehiago behar izan zituzten estropada osatzeko. Gustura dago Becerril: «Joaneko luzea oso ondo egin genuen, nahiz eta itzulikoa ez zen gure onena izan». Itsaso «kaskarrak» lana zaildu ziela ere aitortu du, baina pozik dago, Bilbon galdutakoaren zati bat berreskuratzea lortu baitzuten Orion.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute. Ez dute estropadarik izango. Becerrilek nabarmendu du oraindik ez dakitela entrenatzaileak zer asmo duen bi aste hauei aurre egiteko. Baina uste du taldeari «aktibo» eusten saiatuko dela. «Pentsatzen dut taldea sendotzeko baliatuko duela denbora tarte hori». Tolosako taldeak arraunlari berriak ditu aurreko urtetik, lehengo batzuek taldea utzi zutenez gero. Hori dela eta, oraindik elkarrekin uretan gehiago ibiltzea falta zaiela dio Becerrilek. Ikasketak direla medio, denbora gutxi izan dute elkar ezagutzeko. Horregatik, elkar gehiago ezagutzeko aprobetxatuko dituzte bi aste hauek, eta harremanak sendotzeko.
Becerrilek zortzigarren urtea du etxeko arraun taldean. Gazteen mailara iritsi zenean, batela traineruarekin aldatu zuen. Lehenengo urtean, Kontxako estropadarako sailkatzea lortu zuten. «Guretzat, hori Kontxa irabaztearen parekoa izan zen ia», baieztatu du Becerrilek.
Emakumeen arraunari dagokionez, Becerrilen ustez, 2009an lehenengo aldiz emakumeen arraun liga sortu zenetik, maila hobetuz joan dira urtez urte. Gainera, esan du goraka egingo dutela oraindik ere.
Liga handitzea «pozgarria» dela adierazi du Becerrilek,emakume gehiagok dutelako gorenean lehiatzeko aukera. Baina, aldi berean, aitortu du liga «zailagoa» dela orain:«Liga berrian talde gehiago daude. Hortaz, ohorezko txandan postua galtzea errazagoa da». Dena den, hori ere pizgarritzat daukate.
Hondarribia lider
Gizonezkoen Eusko Label Ligan, Hondarribiak lidergoa kendu dio Urdaibairi asteburuan, Bilbon gailendu ondoren. Dena den, Orion Bermeokoak nagusitu ziren. Datorren asteburuan bi estropada jokatuko dituzte, bat Sestaon (Bizkaian) eta bestea Castro Urdialesen (Espainia). Lehia bizia espero da lehen hiru sailkatuen artean, puntu aldea txikia baita.
Arrauna
Goraka doa, gelditu gabe
Tolosaldeak ondo hasi du sasoia. Naroa Becerril talde horretan ari da arraunean, eta adierazi du «ikaragarria» izango litzatekeela denboraldi amaieran laugarren postutik gora egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu