Frantziako Tourra

Gonbidatu adeigabea

Rodriguezek etekina atera dio Pogacar eta Vingegaarden arteko markaketari, eta etapa irabazi du Morzinen. Borroka parekatua izan dute berriz bi onenek

Gonbidatu adeigabea.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Aurkari guztien gainetik, eta elkarren pare. Hala dabiltza Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) eta Tadej Pogacar (UAE), Tourra irabazteko bi hautagai handiak. Atzo ere, indartsuenak izan ziren maldan gora, eta batera igaro zuten Joux Planeko gailurra. Han egin zuen eztanda faboritoen arteko borrokak, eta lehia zirraragarria izan zuten bi onenek. Haien joari ezin izan zion eutsi Carlos Rodriguezek (Ineos), baina elkarri begira geratu zirenez, harrapatu egin zituen jaitsieran, eta atzean utzi. Ezusteko gonbidatua izan zen buruzagien borrokan, eta ez zuen lotsarik izan: etapa garaipena lapurtu zien Morzinen. Gainera, sailkapeneko hirugarren postura igo zen Rodriguez, Jai Hindley (Bora) segundo bakar batengatik aurreratuta. Aurreneko Tourra du, baina ez zaio nabari.

Pogacarrek irabazi egin zion Vingegaardi bigarren izateko esprinta. Rodriguez baino bost segundo geroago helmugaratu ziren. Alabaina, Joux Planen ere gainsariak zeuden, eta maillot horiduna iritsi zen aurrena tontorrera. Guztira, Pogacarrek baino segundo bat gehiago harramazkatu zuen, eta hala, hamar segundora du orain sailkapenean. Pello Bilbao (Bahrain), berriz, zortzigarren izan zen etapan, 3.19ra, eta postu bat egin zuen atzera sailkapenean: zortzigarrena da orain, 8.51ra.

Etapa ikusgarria izan zen, baina hasiera makurra izan zuen: eroriko jendetsua izan zen tropelean, eta etapa gelditu behar izan zuten antolatzaileek. Oraindik sortu gabe zegoen ihesaldia, eta ia talde guztiek izan zuten txirrindulariren bat lurrean. Faboritoen artean, Hindley eta Tom Pidcock (Ineos) erori ziren, eta Ion Izagirrek (Cofidis) eta Omar Frailek ere (Ineos) ezin izan zioten eutsi orekari. Lasterketa utzi zuten Esteban Chavesek (EF), Romain Bardetek (DSM), Louis Meintjesek (Intermarche), Antonio Pedrerok (Movistar) eta James Shawek (EF). Ordu laurdeneko etenaldiaren ondoren hasi zen berriz etapa.

Oso etapa malkartsua izan zen: lehen mailako hiru mendate igo zituzten, Cou, Feu eta Ramaz, eta, amaieran, maila bereziko Joux Plane. Gora eta behera, erritmoa oso bizia izan zen hasieratik, Jumbok hala nahi izan zuelako. Ihesaldiak minutu baten aldea izan zuen asko jota. Maila handiko jendea elkartu zen aurrean, baina garondoan nabaritu zuten beti atzekoen arnasa.

Cou gainera hogei txirrindulari iritsi ziren lasterketa buruan. Euskal herritarrak ziren horietatik hiru: Mikel Landa (Bahrain), Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar). Alde eginda ibili ziren Thibaut Pinot (Groupama), Giulio Ciccone (Lidl), Guillaume Martin (Cofidis) eta Michael Woods ere (Israel). Tropela gainean izanik, erasoka hasi ziren Feuko maldetan.

Ramaz zen hurrengo mendatea, eta 11 ziklista elkartu ziren hara bidean. Hiru euskal herritarrek aurrean jarraitzen zuten. Alabaina, Jumbok ez zuen galga sakatzeko inolako asmorik, eta iheslarien abentura ezerezean utzi zuen Ramazen. Cicconek iraun zuen gehien: 58 kilometro falta zirela harrapatu zuten. Erritmo itogarria ipini zuten Vingegaarden ezkutariek, eta atzean gelditu zen Pidcock, sailkapeneko zortzigarrena. Tontorrera hamasei ziklista besterik ez ziren iritsi faboritoen multzoan.

Zaindariak ere, borrokan

Joux Planen hankaz gora jarri zuten lasterketa. Mokoka aritu ziren Pogacar eta Vingegaarden taldekideak, indartsuena nor izango. Sepp Kussen (Jumbo) estutua gehiegizkoa izan zen Hindleyrentzat, eta Adam Yatesen (UAE) erreleboari bi izarrek eutsi zioten bakarrik. Esloveniarrak tontorrerako 3,7 kilometroren faltan egin zuen eraso, eta tarte txiki bat zabaldu. Bi kilometroko borroka biziaren ondoren, harrapatu egin zuen Vingegaardek, eta irabazi egin zion pankartara iristeko esprinta. Pogacar erasoa aurreratzen saiatu zen, baina bidea itxi zioten motorrek. Elkarren arteko lehian jarri zuten arreta osoa, eta Rodriguezek tximista bezala aurreratu zituen jaitsieran. Erakustaldia egin zuen maldan behera.

Hautagaiek ez dute atseden hartzeko tarterik izango, mendiko beste etapa handi bat jokatuko baita gaur. Helmuga lehen mailako Le Bettex mendatean egongo da, eta aurrez beste lau igoera izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.