Gomendiorik ez zaio faltako

Nekez topa daiteke goitiandia-goioganatarrena baino familia zesta-puntazaleagorik. Kate luze horren beste katebegi bat da Alex Goitia. Aurrelari markinarrak lehen aldiz jokatuko du titular gisa Winter Series txapelketa. «Ilusio handia» piztu dio horrek.

Alex Goitia, aste honetan, Markina-Xemeingo pilotalekuko harmailan, entrenamendua hasi aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Goitiandia Goiogana anaiek, Iñakik, Julenek eta Alexek (Markina-Xemein, Bizkaia, 2001), bizitza guztia daramate etxean zesta-puntaren inguruko istorioak entzuten. Lehen pertsonan kontatu dizkiete. Aitonak, Tomas Goioganak, urrezko aldiaren ingurukoak kontatu dizkie, AEBetako kasinoetako frontoietan jendetza bildu, eta dirutza jokatzen zenekoa. Aitak, Iñaki Goitiandiak, eta lau osabak, Alvaro eta Joaquin Goitiandiak, Felix Espillak, eta Juan Mari Mandiolak, berriz, haien belaunaldiaren bizipenak eta komeriak kontatu dizkiete.

Baina garaian garaiko egoera alde batean utzita, zerbait transmititu badiete, zesta-puntarako muturreko pasioa izan da. Bikain egin dute, katea ez baita eten. Kate luze baten beste katebegi bat dira hirurak: haien arbasoak bezala, haiek ere puntistak dira. Bide bera ere egin dute: Euskal Herrian hasi ziren jokatzen, eta AEBetan egin zuten debuta profesionaletan: Iñakik eta Alexek, Danian; eta Julenek, Miamin. Bi anaia zaharrenak, Iñaki eta Julen, AEBetan ari dira oraindik, Miamiko Magic City kasinoko frontoian. Gazteena, Alex, ordea, aspaldi itzuli zen etxera. Ordutik, gogor ari da borrokatzen onenen artean toki bat egiteko.

Ari da egiten pixkanaka. Albiste bikaina jaso berri du: Winter Series txapelketaren hirugarren ekitaldia jokatuko du. Aurrelari markinarra lehen aldiz izango da titular Winter Seriesen. Iaz, partida bat jokatu zuen, Thomas Urrutiaren ordez. Oraingoan, ordea, ez da izango inoren ordezko. Berea du tokia. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuan ariko diren zortzi bikoteetako bat osatuko dute berak eta Thibault Basque atzelari bidartarrak.

Astelehenean hasiko da txapelketa, 18:00etan (22:30, ETB1). Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak Erik Mendizabalen eta David Minvielleren aurka jokatuko dute A multzoan. Goitia frontoian izango da, adi, multzo berean ariko baitira hura eta Basque. Hain zuzen, Eriken eta Minvielleren aurka jokatuko dute estreinakoa, azaroaren 13an.

Egun hori hori iristeko «irrikan» dago. «Ilusio handia piztu dit Winter Series txapelketa jokatzeak. Txapelketa handia da, eta eskertu egiten da halakoak jokatzea». Oso era ezberdinean bizituko ditu Winter Seriesen hiru aldiak. «Aurrenekoan, ikusle soila izan nintzen. Asko gozatu nuen frontoia beteta ikusita. Bigarrenean, berriz, ikusle izan nintzen aurrena [ez zen sailkatu], baina partida bat jokatu nuen gero, ordezko bezala. Esperientzia polita izan zen. Hirugarren aldia, ordea, oso bestelakoa izango da: titular izango naiz, eta gutxienez, hiru partida jokatuko ditut. Badut aukera zerbait polita egiteko; aurrekoan jokatu nuenean, jada ez genuen aukerarik sailkatzeko». Badu beste pizgarririk. «Bete egingo da frontoia, eta niri asko gustatzen zait horrela jokatzea. Gainera, familia egongo da. Anaiak ere etorriko dira abenduan, ni ikustera. Oso pozik nago».

Gainera, «itxaropentsu» dago; uste du hark eta Basquek «bikote polita» egingo dutela. «Aurkari indartsuak daude, baina lana ematen saiatuko gara. Ea txapelketa polita egin dezakegun». Ez du aitzakiarik. «Sasoi betean» dago. «Duela gutxi, istripua izan nuen bizikletarekin, eta sorbaldan min hartu nuen. Baina osatuta nago. Prest nago bete-betean aritzeko».

Hura kontuan hartuta, zazpi puntista ariko dira lehen aldiz titular gisa Winter Seriesen. Goitiaren arabera, horretan badute zerikusia Xabi Barandika eta Jon Zabala min hartuta egoteak eta Diego Beaskoetxea erretiratu izanak. Baina «pozik» dago antolatzaileek gazteak «kontuan hartu» dituztelako. «Orain, gure lana ondo aritzea da», azpimarratu du.

«Sendoago aritu behar dut»

Argi du lehen egitekoa: ahalik eta huts gutxien egitea. «Profesionalekin huts egiten baduzu, tanto egiten dizute. Ez dute barkatzen, ezta tantoa zuretzat izango dela dirudienean ere: adibidez, zuk txik-txak egin, eta errebotez egiten dizute tantoa. Halakoak ez dira egiten afizionatuetan».

Argi du ere zertan duen gehien hobetzeko. «Profesionalek kontrolpean dute euren burua, eta, patxada handiagoz jokatzen dute. Hori falta zait niri: patxada handiagoz jokatzea. Huts dezente egiten ditut. Sendoago jokatu behar dut». Beharko, dioenez, frontoi «ederra bezain exijentea» baita Gernikakoa. «Gabezia guztiak azaleratzen ditu».

Haren iritziz, profesionalekin jokatuz hobetzen da. Nahi baino gutxiagotan egin du. Markinako Grand Slamean egin zuen azkenekoz, udan. Imanol Lopezekin jokatu zuen. Esperientzia «gazi-gozoa» izan zen. «Gazia izan zen, lehen partidan, Barandikari eta Basqueri, txapeldun izan zirenei irabazi arren, gero tanto batengatik ez ginelako sailkatu finalerdietarako. Baina gozotik izan zuen ere bai. Ederra izan zen Lopezekin, eta etxean, onenekin nor baino nor gehiago aritzea. Ea Gernikan hobeto joka dezakedan».

Zalantzarik izanez gero, ez zaio gomendiorik faltako: aitarenak, aitonarenak, anaienak, osabenak... «Larregi, agian», esan du, barrez. Baina irtenbidea topatu dio. «Guztiengandik hartuko dut zerbait, eta horrela, denok pozik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.