Goma gaineko zortziko Euskadiko Sokatira Txapelketa hasiko da bihar. Gizonezkoen mailako 680 kiloko finala eta emakumezkoen mailako 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da arratsaldeko bostetan, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan (Bizkaia). Taldeei dagokienez, honako taldeak ariko dira 680 kilokoan: Abadiño, Amaiur, Ibarra, Sokarri, Zuraide eta 6 Conceyos; eta 540 kilokoan, berriz, Badaiotz, Ibarra eta Sakana. Iaz, Abadiñok eta Badaiotzek jantzi zuten txapela, hurrenez hurren.
Aurtengo lehia bihar hasi eta martxoaren 19ra arte izango da, ez baita Munduko Txapelketa jokatuko. Zortzi saio izango dira, denak larunbatetan. Gizonezkoetan, 680 finalaren ostean 640 kiloko hiru jardunaldi jokatuko dira. Pisuko finala otsailaren 5ean jokatuko da. Ondoren, 600 kiloko beste hiru saio jokatuko dira (finala martxoaren 12an), eta 560 kiloko txapela egun bakarreko saioan erabakiko da (martxoaren 19an). Emakumezkoetan, berriz, 540 kiloko hiru jardunaldi (azkena otsailaren 5ean) eta 500 kiloko beste hiru jokatuko dira (azkena martxoaren 19an).
Guztira, hamalau talde ariko dira: Amaiur, Berriozar, Sakana, Txantrea, Basaburua-Imotz, Ñapurrak, Indarka, Zuraide, Abadiño, Sokarri, Ibarra, Badaiotz eta 6 Coneyos. Iazko txapelketarekin alderatuta, Auzolan eta Barrundia izango dira hutsuneak gizonezkoetan, eta Beti Gazte, emakumezkoetan. Aldiz, 6 Conceyos, Txantrea eta Indarka berriro ariko dira, eta Basaburua-Imotzek estreinakoa izango du.
Goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa hasiko da bihar
Gizonezkoen 680 kiloko finala eta emakumezkoen 540 kiloko saioa jokatuko dira Durangon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu