Hamar ordu: denbora hori darama Realak golik jaso gabe. Azaroaren 24an sartu zieten azken gola txuri-urdinei. Sancetek sartu zien, lehen zatiko 26. minutuan. Athleticen aurka 1-0 galdu ondoren, Realari ez diote golik sartu sei partidatan: hiru Espainiako Ligan jokatu ditu; bi, Europa ligan; eta bat, Espainiako Kopan. Gaur Celta izango du aurrez aurre Vigon (16:15, Movistar), eta Imanol Alguacilek zuzentzen dituen jokalariak zazpigarren aldiz jarraian saiatuko dira atea hutsean uzten.
Remiro, urtez urte hobeto
Alex Remirok Realeko XXI. mendeko atezain hoberena izan nahi du. Cascanteko (Nafarroa) atezaina datu hobeak lortzen ari da denboraldiz denboraldi. Duela bost urte iritsi zen Donostiara Athleticen harrobitik, doan. Lehenengo urtean Miguel Angel Moyarekin lehian aritu ondoren, hurrengo urteetan hark defendatu du Realaren atea. Denboraldi honetan, 11 gol sartu dizkiote Espainiako Ligako hamazazpi partidatan. Hamar partidatan ez diote golik sartu. Gainera, garrantzitsua izan zen azken norgehiagokan, bi geldiketa garrantzitsu egin baitzituen lehen zatian Las Palmasen aurka.
Reala da ligan gol gutxien sartu dioten taldea, Atletico Madrilekin batera. Remiro lehena da Zamora sariko sailkapenean, hau da, Espainiako Ligan gol gutxien sartu dieten atezainen sarirako sailkapenean. 0,65eko koefizientea dauka atezain txuri-urdinak.
Aguerd, Zubeldiaren lagun berria
Realak Nayef Aguerd utzita ekarri zuenetik, marokoarrak Espainiako Ligako partida guztiak jokatu ditu. Udako merkatuko azken orduan iritsi zen Donostiara, eta ligako lehen lau jardunaldiak galdu zituen. Real Madrilen aurka egin zuen debuta, eta hortik aurrera titular izan da ligako norgehiagoka guztietan, Igor Zubeldiarekin batera.
Txuri-urdinek Robin Le Normand saldu zioten Atletico Madrili udan, 34,5 milioi euroren truke. Horrela, hautsi egin zen Zubeldiak eta Le Normandek erdiko atzelari gisa osatutako bikotea. Denboraldi hasieran, Zubeldiak Jon Pachecorekin jokatu zuen atzean, baina West Hameko atzelari ohiak postua irabazi dio nafarrari, eta Zubeldiaren lagun berria da. Ligan elkarrekin jokatu dituzten hamahiru neurketetan zazpi gol sartu dizkiote Realari. Biak elkarrekin zelaian izan diren zortzi partidetan, talde txuri-urdinari ez diote golik sartu. Iaz, ligako hamazazpi jardunalditan hemezortzi gol jaso zituzten azkoitiarrak eta Le Normandek.
Aguerdek lortu du zaleek Le Normand ahaztea. Hala ere, zaila izango da hurrengo denboraldian ere Zubeldiak eta Aguerdek osatutako bikoteak jokatzen jarraitzea. Izan ere, Aguerdek West Hamera itzuli beharko du. Ingalaterrako taldeak 35 milioi euro ordaindu zituen 2022an Aguerd erosteko, eta ez dirudi talde txuri-urdinak diru hori ordainduko duenik jokalaria erosteko. Gainera, hain denboraldi ona egiten ari denez, eskaintzak izango ditu.
Aranbururen agerraldia
Denboraldi honetan Realak izan duen albiste onenetakoa izan da Jon Mikel Aranbururen agerpena. Denboraldi hasieran, hirugarren jokalaria zen Realaren atzealdeko eskuin hegalean. Hamari Traore eta Alvaro Odriozola zituen aurretik. Baina Traorek eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen laugarren jardunaldian, Getaferen aurka, eta ordutik Venezuelakoa da titular postu horretan. Aurrea hartu dio Odriozolari.
Realak iazko udan fitxatu zuen harrobirako, eta azaroan jokatu zuen lehen aldiz lehenengo taldean, Buñolen aurka, Espainiako Kopan. Urtarrilean eta maiatzean ere protagonismoa izan zuen Imanolen taldean. Baina denboraldi honetan jauzi handia egin du, eta ligako hamabost partidatan jokatu du. Anoetan hainbat aldiz abestu dute haren izena, ondo dabilen seinale. Nekaezina da hegala igotzen eta jaisten, ez da kikiltzen buruz burukoetan, eta taldeari duen izaera lehiakorra kutsatzen dio. Imanolek behin baino gehiagotan goraipatu du haren lana: «Transmititzen duen hori da. Oso gustuko dudan jokalari bat da, dena ematen baitu partida guztietan, bai Realarekin, bai Venezuelako selekzioarekin. Gainera, beti dago hobetzeko gogoz».
Ezker hegala dantzan
Ezker hegala da titularrik ez duen defentsako leku bakarra, nahiz eta azken partidetan Aihen Muñoz ari den batez ere postu horretan jokatzen. Talde txuri-urdinean utzita egon eta gero, Kieran Tierney Arsenalera itzuli zen udan, eta Aiheni osatzen ari zaio belauneko lotailu gurutzatuko lesio larria. Horren ondorioz, ezker hegalean jokatzen duten bi jokalari fitxatu zituen klubak: Sergio Gomez eta Javi Lopez.
Lehena Manchester Citytik iritsi zen, bederatzi milioi euroren truke. Pep Guardiolaren taldean ezker alboko atzelari gisa jokatzen zuen, baina bi hegaletan edo erdi-punta gisa jokatu du gehienbat talde txuri-urdinean. Javi Lopez, berriz, Alavesetik fitxatu zuten. Gasteizko taldeari 6,5 milioi ordaindu zizkion Realak, eta denboraldi hasieran postua bereganatu zuen. Baina gorabeheratsu aritu da: txukun defentsan, baina erasoan ekarpen handirik egin gabe. Etorkizuneko apustua da, 21 urte besterik ez baitu. Azken partidetan Imanolek nahiago izan du Aihenen esperientzia. Hark, hegalari oreka eman, eta berretsi du ondo osatu dela lesio larritik.