Denboraldia joan, denboraldia etorri, golean egiten du herren ia beti Osasunak, eta, lehendik nahikoa lan ez, eta golegileetako bat geratu da orain herrenka. Juan Francisco Martinez Modesto Nino-k min hartu zuen herenegun, entrenatzen ari zela, eta atzo Iruñeko San Miguel klinikan egindako azterketen ondoren argitu zuen klubak espainiarrak hautsita daukala eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua. Datozen egunetan zehaztuko dute zein bide hartuko duten jokalaria osatzeko, baina, ezusterik ezean, sei-zortzi hilabete beharko ditu aurrelariak zelaietara itzultzeko —33 urte beteta dago jada, eta ikusi egin beharko da nola osatzen den—. Harmailetatik begira amaitu zuen joan den denboraldia ere, belauneko minez ezin izan zituelako jokatu ligako azken bi partidak, Sevilla eta Real Madrilen aurkakoak.
Kike Sola Athleticera, Joseba Llorente Realera —txuri-urdinek utzita aritu zen joan den sasoian, baina kontratua etetea hitzartu zuten bi aldeek—, Nino ospitalera... Denboraldi-aurreari ekin berritan, bi aurrelari eskasekin geratu da Osasuna: Oriol Riera eta Manu Onwurekin. Taldera iritsi berria da kataluniarra, eta joan den denboraldian ligako bost partida soilik jokatuta dago nafarra. Argi dago, beraz, aurrealderako gutxienez beste jokalariren bat fitxatu beharko duela Iruñeko klubak. Diego Ifran Realeko jokalaria nahi zuten, baina min hartu du uruguaitarrak ere.
Golik gabe geratu da
Eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi du Ninok, eta sei-zortzi hilabete beharko ditu osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu