Carlota Ziganda. Golf jokalaria

«Golflariok inoiz ez gaude konforme»

Prest da etzi sasoiko lehen Grand Slamari ekiteko, ANA Inspiration torneoari. AEBetako Zirkuituan lehen aldiz irabaztea eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lehiatzea: horra haren helburuak denboraldi honetarako.

WALLACE WOON / EFE.
Julen Etxeberria.
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hilabete luze darama Carlota Zigandak etxetik urrun. Bahamak, AEBak, Thailandia eta Singapur; horra tarte horretan bisitatu dituen herrialdeak. Hurrengo egunetan ere etxetik kanpo izango da, etzitik aurrera golf denboraldiko lehen Grand Slam torneoan ariko baita, ANA Inspiration delakoan, Kalifornian (AEB). Iaz laugarren postuan sailkatu zen han—torneo handi batean lortu duen emaitzarik onena—. Aurten, koska bat egin nahi du gora.

Ia bi hilabete joan dira AEBetako Zirkuitua hasi zela, eta sei torneotan lehiatu zara jada. Zein iritzi duzu orain arte egindakoaz?

Ondo ari naiz, baina ez dut lortu lan on hori emaitza on batekin indartzea. Horixe falta zait, emaitza on bat. Hala ere, ez nago horrekin itsututa. Ziur naiz denborarekin iritsiko direla emaitza onak. Denbora eta pazientzia kontua da.

Etzi duzu sasoiko lehen erronka, ANA Inspiration torneoa, denboraldiko lehen Grand Slama. Zenbaki biribila egingo duzu bertan lehiatuta: 20. Grand Slam torneoa zure kirol ibilbidean.

Ufa! Egia esan, ez nekien hogeigarrena zenik. Baina hori hala dela jakinda, gauza bat etortzen zait burura: ni ere pixkana-pixkana banoala aurrera adinean, eta dagoeneko jokalari nahiko zaildua naizela. Egunerokoak ez dizu horretan pentsatzeko denbora askorik uzten, baina bai, badira urte batzuk punta-puntan nabilela, eta derrigorrean pilatzen ari naiz eskarmentua. Jada ez naiz lehengo jokalari iritsi berria, edozein gauzarekin txundituta geratzen zena. Lehen nire arreta bereganatzen zuten gauza askori ia ez diot garrantzirik ematen orain.

ANA Inspiration torneoan lortu duzu, hain zuzen ere, Grand Slam bateko zure emaitzarik onena: laugarren izan zinen iaz, irabazlearengandik bi kolpe eskasera. Zure estiloari ondo egokitzen zaion zelaia da?

Asko gustatzen zait torneo hau. Zelai ederra da, eguraldia ere ona izan ohi da... Iaz oso ondo jokatu nuen han. Behetik gora egin nuen, eta oso sentsazio politekin amaitu nuen. Aurten, antzeko mailan aritzea gustatuko litzaidake. Halere, emaitzak baino gehiago, nire jokoak arduratzen nau. Lana bukatuta, neure buruarekin pozik egon nahi dut. Hala bada, ziur emaitza ona izango dela.

«Zentzu handiagoarekin jokatzen ari naiz aurten». Zuk esana da.

Hala da. Entrenatzaile berria dut, Jorge Parada, eta horrek zerikusia du estilo aldaketan. Lehen oso oldarkor jokatzen nuen, kolpe guztietan arriskatuz. Edozein zirrikitu ikusi, eta pilota handik sartzen saiatzen nintzen. Halako kolpeekin asmatzeak konfiantza handia ematen du, baina gehiagotan huts egiten dira, asmatu baino. Horregatik erabaki dugu Jorgek eta biok arriskuak apur bat neurtzea.

Kosta egiten zaizu estilo seguruago horrekin jokatzea? Jokalari oso oldarkorra izan zara beti.

Ondo barneratu dut aldaketa, eta, horretarako, ez dago egiten duzunak mesede egiten dizula ikustea bezalakorik. Lehen, gorabehera handiak izan ohi nituen nire jardunean: egun batean bikain, eta hurrengoan oso gaizki; hala ibiltzen nintzen. Orain, ordea, erregularrago ari naiz, eta lehen baino gehiagotan egiten ditut parratik beheragoko itzuliak. Hori eginez, aukera handiagoa dago emaitza onak lortzeko.

Aurtengoa urte berezia da. Udan Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoak jokatuko dira, eta, bertan, estreinakoz olinpiar kirola izango da golfa. Han izateko itxaropena duzu?

Bai. Uztailaren 11 arte dago epea puntuak lortzeko, eta, epe hori pasatuta, puntu gehien duten bi jokalariak sailkatuko dira Olinpiar Jokoetarako. Gaur-gaurkoz, Azahara Muñoz eta biok gaude lehen bi postuetan. Baikor naiz.

Imajinatu duzu zeure burua Rio de Janeiron?

Bai. Han ikusten dut neure burua, Espainia ordezkatuz. Kirolari batentzat ez dago Olinpiar Joko batzuetan lehiatzea bezalakorik, eta guk, golflariok, zorionez, horretarako aukera izango dugu Rio de Janeiron. Han egon nahi dut, kosta ahala kosta.

Bosgarren urtea duzu AEBetako Zirkuituan. Nabaritu duzu garapenik zure jokoan?

Gero eta hobeto ikusten dut neure burua. Normala ere bada; zenbat eta gehiagotan lehiatu, orduan eta eskarmentu handiagoa duzu, eta, AEBetakoaren gisako zirkuitu batean, eskarmentua oso garrantzitsua da. Urteen joanaz, hobeto ezagutzen dituzu torneoak eta zelaiak, eta horrek lasaitasuna ematen du lehiatzeko orduan.

Egunero ikasten omen da zerbait. Zuk ere bai?

Bai, noski. Oso argi dut egunero ikas daitekeela zerbait, eta egunero topa dezakezula etorkizunean baliagarria izan daitekeen egoeraren bat. Golflariok, gainera, oso exijenteak gara geure buruarekin; inoiz ez gaude konforme gure lanarekin, eta beti uste dugu badugula zerbait hobetzeko: joko luzea, laburra, bigarren kolpeak... Konformaezinak gara.

Eskatzen hasita, lehen garaipena besterik ez zaizu falta.

Hala da, eta badut gogoa, bai. Hirutan izan dut esku-eskura, baina bigarren izatearekin konformatu behar izan dut. Halere, ez uste horrek loa kentzen didanik. Sinetsita nago orain arteko bideari eusten badiot berandu baino lehen iritsiko dela garaipen hori. Denbora eta pazientzia kontua da.

Eta garaipena lortutakoan, argi dago nor izango duzun gogoan.

Rogelio, nor bestela! [Rogelio Etxeberria hogei urtez haren entrenatzaile izana, 2014ko abuztuan hila]. Hark irakatsi zidan golfean jokatzen 5 urte besterik ez nuela. Hari esker iritsi naiz honaino. Asko gogoratzen naiz harekin, eta ziur naiz, dagoen tokian dagoela, ni babesten egongo dela.

Bost urte joan dira profesional egin zinenetik. Horretan handia izango zen aldaketa, ezta?

Ezin da alderatu amateur izan edo profesionala izan. Bi mundu dira. Hasieran banuen kezka txiki bat ea nola moldatuko nintzen profesionalen artean, ea behar bezain ondo arituko nintzen, baina, zorionez, hasieratik ondo ikusi dut neure burua.

Ez da harritzekoa. Profesional bilakatu eta bost hilabetera irabazi zenuen lehen torneoa, Murtzian (Espainia). Urtebete eskas geroago, berriz, Europako Zirkuituan nagusitu zinen.

Bai, eta horrek guztiak konfiantza handia eman zidan.

Unibertsitate ikasketak AEBetan, Arizonako Unibertsitatean egin izana abantaila izan zen horretan?

Asko lagundu zidan, noski. Ez zara hutsetik hasten; badakizu zer-nolako bizimodua dagoen AEBetan, nolakoa den egunerokoa, nolakoak diren zelaiak, torneoak... Nik hiru urte egin nituen hemen profesionaletara jauzia egin aurretik, eta oso-oso baliagarria egin zitzaidan.

Zurea ez da salbuespena. Azkenurteetan hainbat euskal golflarik erabaki dute profesional izan aurretik AEBetara ikastera joatea. Jon Rahm Barrikako (Bizkaia) golflaria da azken adibidea. Aurretik zuk egin bezala, hura ere Arizona State Unibertsitatean ari da ikasten, eta udan egingo da profesional. Gomendatuko zenuke bide hori egitea?

Bai, dudarik gabe. AEBetan, inon baino erraztasun gehiago ematen dituzte ikasketak eta kirola uztartzeko, eta hori aprobetxatu beharra dago. Zirkuitu profesionala ez da inora joango. Horregatik, oso garrantzitsua da presarik ez izatea, eta ezer baino lehen, ikasketak egitea, formatzea, inork ez baitaki etorkizunean zer gerta dakizukeen.

Zuk zer ikasi zenuen?

Soziologia, baina erdibidean geratu nintzen. Hala ere, badut asmoa inoiz berriro ikasketei heltzeko. Baina orain golfean aritu nahi dut bete-betean.

Horretarako, zein da egin behar duzun sakrifiziorik handiena?

Etxetik kanpo egotea, zalantzarik gabe. Nahi baino askoz gutxiago egoten naiz etxean, eta, noski, horren falta sumatzen dut.

Zenbat denbora egiten duzu etxean, eta zenbat etxetik at?

Etxean hiru hilabete eskas egiten ditut. Beste bederatzi hilabeteetan hara-hona ibiltzen naiz, mundu osoan bidaiatzen.

Egina duzu kalkulua urtean zenbat hegazkin hartzen dituzun?

Ez, baina ziur 50 baino gehiago direla.

Ondo daramazu?

Bada, ez. Hori da okerren daramadana, alde batetik bestera bidaiatzea, eta ia astero ordutegi aldaketa bati aurre egin behar izatea. Oso nekeza da. Zorionez, zelaian nagoenean ahaztu egiten dut hori guztia.

Golfean jokatzeaz gain, zerekin gozatzen duzu?

Familiarekin eta lagunekin egonda, lasai-lasai. Ez dut askorik behar zoriontsu izateko.

Beste kirolik egiten duzu?

Etxean nagoenean padelean jokatzen dut. Gustatzen zait.

Zirkuituko sailkapenari erreparatuta, nabarmena da Hego Korean jaiotako zenbat jokalari dauden lehen postuetan. Azalpenik badu horrek?

Hego Koreako jokalariak dira nagusi egun golfean. Makinen, roboten modukoak dira: gai dira atsedenik hartu gabe makina bat ordu jokatzeko. Oso zaila da haiei irabaztea.

Emakumezkoen golfa, bestela, osasuntsu dago?

Alde handiak daude herrialdeen arabera. AEBetan, adibidez, sekulako oihartzuna du. Gurean, ordea, gutxi.

Golfa da kirol bakarrenetakoa non ezaguna den jokalariek zenbat irabazten duten. Axola zaizue hori edonoren begietara egotea?

Nahiago nuke hala ez izatea, baina horrela da, eta kito.

Zure izenaren ondoan milioi bat euro pasatxoko irabaziak azaltzen dira. Diru asko da hori.

Egia esatea nahi baduzu, ez diot horri erreparatzen.

Kirol garestia da golfa?

Lehen, agian, bai; baina, orain, ez.

Zenbat balio du torneo batean poltsan eramaten duzun materialak?

Bi mila euro inguru.

Zenbait kiroletan hasi dira gizonezkoen eta emakumezkoen diru sariak parekatzen. Golfean halako asmorik badago?

Gaur-gaurkoz, ez. Golfean gizonezkoek askoz gehiago irabazten dute, eta ez dut uste hori berehalakoan aldatuko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.