Kike Solaren truke jasotako lau milioi euroekin zein aurrelari fitxatu. Horixe zen Osasunako agintarien kezka nagusia udan. Ariel Nuñez (Luque, Paraguai, 1988) eta Oriol Riera (Vic, Katalunia, 1986) fitxatu zituzten, Solaren truke jasotakoaren erdia ere ez zuen gastatu Osasunak. Apustu arriskutsua zirudien.
Paraguaitarrarekin ez ziren usteak bete. Ia ez zuen jokatu, eta jokatu zuenean ere ez zuen apartekorik erakutsi. Hala, urtea hastearekin batera eten zuten Osasunak eta jokalariak bien artekoa.
Oso bestelakoa da Oriol Rieraren kasua. Zale baikorrenen aurreikuspen onenak gainditu ditu aurrelari kataluniarrak. Lehen Mailan gol gutxien sartzen duen taldeetako bat da Osasuna —23 partidatan 21 gol sartu ditu—, baina Oriol Rieraren gol kopurua nabarmentzeko modukoa da: 22 partida jokatu ditu, 21 hasieratik, eta bederatzi gol sartu ditu, taldeak egindako golen erdiak ia.
Iragan sasoian Kike Solak sartutako gol kopurua berdindua du jada, liga amaierarako hamabost jardunaldi falta direla. Martxa honetan, Osasunan inoiz Lehen Mailan inork egindako markarik onenetik gertu izango da Riera.
Azken denboraldietan fitxatutako jokalaririk onena dela ere esan daiteke. Aurrelari kataluniarrak hamasei gol sartu zituen iragan sasoian Alcorconekin Bigarren Mailan, baina Lehen Mailan halako mailarik eman zezakeenik ezin zen iragarri. Hura, ordea, sinetsita zegoen Osasuna zela talde aproposena bere ibilbidean aurrerapauso bat emateko. «Beste eskaintza batzuk izan nituen, baina Osasunak nahi ninduela jakin nuenean ahaztu egin nituen guztiak. Argi neukan Osasuna zela talderik egokiena», aitortu zion Rierak BERRIAri urrian.
Bartzelonako harrobian Messi, Cesc eta enparauen ondoan ibili zen Oriol Riera. 17 urterekin, lehen taldearekin debuta egiteko aukera eman zion Frank Rijkaardek. Egun hartan egin zuen debuta Messik ere Bartzelonarekin. Baina Messiri ez bezala, Rierari azkarregi iritsi zitzaion aukera. Burumakur Bartzelonako atzeko atetik atera zenean futbola uztea ere pentsatu zuen. Leongo Culturalen, Celtan, Kordoban eta Alcorconen Bartzelonan erakutsi ez zizkioten gauzak ikasi eta gero, ordea, 27 urterekin bere ibilbideko unerik gozoenean dago. Eta Osasuna ederki ari da eskertzen hori.
Bergararena da marka: hogei
Osasunaren azken igoeraz gerotik, Ivan Rosadok, Savo Milosevicek, Roberto Soldadok, Walter Pandianik eta Raul Garciak soilik sartu dituzte sasoi batean Oriol Rierak egun daramatzanak baino gol gehiago. Ivan Rosadok sartu zituen gehien, hamalau. Beraz, Oriol Rierak sei gol sartu beharko lituzke falta diren hamabost partidetan azken haren marka gainditzeko. Gertu ditu, halaber, Osasunako hainbat jokalari historiko: Jan Urban poloniarrak hamahiru gol sartu zituen 1990-91ko sasoian, eta Sabino Andonegi mutrikuarrak, hamabost 1957-58koan. Futbolak gaur egungoarekin zerikusirik ez zuen garaikoa da Osasunak Lehen Mailan inoiz izandako golegile onenaren marka: 1935-36ko sasoian hogei gol sartu zituen Julian Bergara erriberritarrak. Zail izango du hori gainditzea, baina ez aurrekoak. Gaur hasi nahi du horretan, Elxen (Herrialde Katalanak).
Golak Oriol du izena
Kike Solak aurreko denboraldi osoan sartu bezainbat gol sartu ditu Oriol Rierak 22 partidatan: bederatzi. Gertu du azken urteetan golegile onena izandakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu