Gola, hurrengo baterako

Ifranek sasoiko lehen partida jokatu zuen hasieratik Anoetan, eta gola bakarrik falta izan zuen gaua biribiltzeko

Ifran Cobeño Rayoko atezainari izkin egiten, astelehenean Anoetan jokatutako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Bi partidatan erakutsi dudana ikusita, pozik nago egindako lanarekin», adierazi zuen Diego Ifranek atzoko prentsaurrekoan. Rayoren aurkako partidan, lehen minututik erakutsi zuen Anoetan hasieratik jokatzeko irrikaz zegoela. Asteleheneko partida bezalako bat behar zuen; Anoetara joan ziren zaleen aurrean partida on bat egin nahi zuen, eta gola besterik ez zitzaion falta izan gaua biribiltzeko. Hala ere, arrazoiak ez ditu falta pozik egoteko: azken bi jardunaldietan hasieratik aritu ostean, hiru azken pase eman ditu, eta taldea berriro golak sartzen hasi da.

Konfiantzarekin agertu zen aurrelaria: «Anoetan lehen partida horrela jokatzeak konfiantza handia eman dit, eta berdin jarraitzeko intentzioa dut».Taldekideek asko eskertu zuten aurrelariak 70 minutuetan eginiko lana: baloia zeruetatik jaitsi zuen behin bainogehiagotan, jokoa alboetara zabaldu zuen, defentsa lanetan lagundu zuen... Anoetara joan zirenek ere behin eta berriro eskertu zuten aurrelariaren esfortzua, txaloaldi beroekin. Hala ere, aurrelari batek golak sartu nahi ditu, eta Ifranek ez zuen zorterik izan. Lehen minutuan, sarera bidali zuen baloia, baina Mateu Lahozek legez kanpoko gola zela adierazi zuen. «Pena izan zen, ez nuelako eskuarekin eraman baloia. Hala ere, lasai nago, etaziur naiz iritsiko direla golak», adierazi zuen. Mikel Gonzalezek sarturiko golean ere, Ifranek aukera paregabea izan zuen, buruz, Cobeñoren aurrean. Atezainak, halere, baloia gelditu, eta Mikel Gonzalezek bultz besterik ez zuen egin izan behar. «Mikelek ere golak sartzea merezi du, egiten ari den lanagatik», esan zuen.

Anoetan jokalari maitea da uruguaitarra, eta atzo jasotako txalo zaparraden inguruan ere eskerrak eman zituen: «Izugarria da etxean jokatzen ditugun partidetan jendeak nola animatzen nauen ikustea. Jendearen oihuek asko laguntzen didate».

Alberto de la Bellak ere hitz egin zuen atzo. Rayoren aurka, kataluniarrak 100 partida egin zituen, eta «helburu polit bat» bete duela adierazi zuen. Ezker hegaleko atzelariaren bolada ona denen ahotan dabil. Jose Angel Donostiara iritsi zenetik, De la Bellak haren postua nahi duela erakutsi du, eta gauzak zaildu dizkio Philippe Montanierri. «Lehiakortasunak on egin dit, eta ezin naiz kexatu; asko jokatzen ari naiz, eta gauzak oso ongi ari zaizkit ateratzen».

Rayoren aurka taldeak egindako partida ere nabarmendu nahi izan zuen: «Oso partida ona egin genuen, eta baloia ongi erabili genuen. Etxean hain erraz irabazteak asko pozten gaitu».

De la Bellak, halere, argi utzi zuen Osasunaren aurkako lehian bakarrik pentsatzen dutela. «Lehen helburua bete dugu Rayori irabazita. Orain, Osasuna bakarrik dugu buruan». Derbia irabaziz gero, donostiarrek Europan egin dezakete lo ostiralean, eta hirugarren aldiz irabaziko lukete jarraian —Lehen Mailan 2002-2003ko denboralditik lortzen ez den zerbait—.

Markelek berriro hartu du min

Markel Bergarak seguruenik ezingo du jokatu Osasunaren aurkako partidan. Izan ere, atzoko entrenamendutik lehenago joan behar izan zen aldageletara, eskuin bernan izan zuen haustura txiki batek eraginda. Azaroaren 5ean hartu zuen min, Espanyolen aurkako partidan, eta astelehenean agertu zen berriz, 72. minutuan.

Bestalde, Realak bihar irekiko ditu Anoetako lehiatilak derbirako sarrerak erosi ahal izateko. Ordutegia, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da. Realeko webgunean ere, sarrerak salgai daude: www.realsociedad.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.