Peio Sarratia (Uztaritze, Lapurdi, 1948) bada nor Frantziako futbolean. Bertako federazioan hainbat urtez lan egin eta gero, erretretaz gozatzen ari da Uruguain duela bi urte eta erditik. Agurrean, omenaldiak eta guzti egin zizkioten. Futbola aztertu zalea da, eta ondorio zehatzak ateratzen ditu. Berarekin hitz eginda jabetzen da bat horretaz. Uruguain ere izan dute horren berri, eta hitzaldiak ematen segitzen du.
Nolako lana egin dezake Frantziak?
Ez du azkeneko Munduko Kopa bezain txarra egiterik. Talde gaztea da, berria, eta ziurrenik goizegi heldu zaio txapelketa. Iruditzen zait talde hobea izango dela 2016an, Eurokopa Frantzian jokatzen denean. Hala ere, txapelketa hau, aurtengoa, oso garrantzitsua da Frantziarentzat, taldea osatzen joateko eta gazteek esperientzia hartzeko.
Taldea hitza aipatu duzu, eta horixe izan da Frantziari falta izan zaiona azkenaldian?
80ko hamarkadan Frantzia ondo ibili zen, eta gero, 1998a arte ez zen berriz ere Munduko Kopara sailkatu. Urte hartan irabazi egin zuen; hurrengoan txarra egin zuen, eta 2006an ona; azkenik, duela lau urtekoaz hobe ez mintzatzea. Uste dut beste pentsaera batekin datorrela orain Frantzia. Didier Deschampsek oso ondo daki zer nahi duen, asko eskatzen die jokalariei. Iaz selekzioarekin egon nintzen hona etorri zirenean Brasilen aurka jokatzera. Guy Stefan da Deschampsen laguntzaileetako bat, eta alderatu egin zizkidan duela hamar-hamabi urteko jokalariak eta oraingoak. Esan zidan lehengoek buru gehiago zutela, eta oraingoek laguntza behar dutela alboan. Eraman egin behar dira talde baten eskakizun mailaren bidetik, taldea direla nabarmendu behar zaie, eta ez izarrak.
Eta Deschamps egokia da horretarako, ezta?
Bai, bai. Badakigu nola irabazi zuen Munduko Kopa 1998an, eta talde hartan egoteko asko eman beharra zegoen. Badaki horretaz zerbait, bai.
Nolako jokatzeko moldea dauka Frantziak?
Lau jokalari erabiltzen ditu atzealdean, hiru erdian eta beste hiru aurrean. Aurrekoak Benzema, Valbuena edo Griezmann izango dira, eta erdikoak Pogba, Matuidi eta Cabaye; erdiko hauek oso fisikoak dira, oso bortitzak, aurrekoek askatasuna izan dezaten erasoan. 4-3-3 izan daiteke marrazkia, baina 4-4-2ra moldagarria.
Indar fisikoa eta talentu teknikoa uztartuko ditu orduan?
Bai. Zelai erdiko hiru horiek oso dira indartsuak. Matuidi, adibidez, hasten da lasterka partidaren hasieran, eta ordu eta erdi eman dezake lasterka lasai asko; ez da nekatzen. Pogbak 20 urte bakarrik dauzka; Vieira iritsi berria da, baina teknikoki hura baino hobea.
Noiztik ezagutzen duzu Deschamps?
Istorio handi bat dut horrekin. Deschampsek Baionako taldean jokatzen zuen 9 urte zituelarik, eta ni nintzen departamenduko entrenatzailea; 11 urterekin hartu nuen selekzioan. Bederatzi gisa, aurrelari bezala, Bixente Lizarazuk jokatzen zuen, eta hamar gisa Deschampsek. Talde ona zen hura!
Griezmannen inguruan zer daukazu esateko?
Sasoi onak egin ditu Realean, eta azkenaldian asko azaldu ez bada ere Realaren jokoan, merezi du Frantzian izatea Munduko Kopan. Lehenago sartuko zen bere portaera hobea izan balitz; gogoan duzu, ezta, afera hura eta selekziotik kanporatzearen zigorra, ezta? Baina horrela ikasten da, aizu!
Frantziari egokitu zaion multzoaz zer iritzi duzu? Itxuraz, ez du zaila ematen...
Zeuk esan duzu: itxuraz. Baina gero... Munduko Kopan bi txapelketa jokatzen dira baten barruan. Aurrenekoa multzoen fasea izaten da; hortik atera egin behar duzu ondo, aurrera jarraitzeko. Lehendabiziko partida da garrantzitsuena: Hondurasen aurkakoa. Multzoena gainditu eta gero, kanporaketak datoz, eta toka daiteke Frantzia-Alemania bat final-laurdenetan. Eta aurretik, final-zortzirenetan, Frantzia-Argentina izan daiteke. Bigarren fasean, partidaz partida joan behar da; kanporaketak dira, eta hor galduz gero, etxera.
Joango zara Brasilera partidak ikustera?
Gonbidatu naute Frantziako partidak ikustera. Hemendik 1.500 kilometrora, nahikoa gertu, Portugalek jokatuko du, eta agian joango naiz. Bigarren faseko partidak izaten dira politak. 2006ko Munduko Kopan, Frantziako Federazioak gonbidatu ninduen Frantzia-Brasil ikustera, eta izugarri onak dira partida horiek. Munduko Kopetako giroa izaten da. Aurretik, bitan egon nintzen Munduko Kopan, baina lanean, itzultzaile lanak eginez: 1982an Frantziarekin, eta 1998an Espainiarekin. Barnetik ez duzu deus ikusten: bidaiak, entrenamendua... denbora guztia horretan pasatzen duzu. Eta Munduko Kopa bizitzeko partidak ikusi behar dira. Eurokopan, 1984an, Espainiarekin egon nintzen baita ere, itzultzaile. 1982an ikusi zuen Frantziako Federazioko presidenteak zer lan egin nuen, eta esan zuen selekzio guztietan egon behar zela horrelako bat Frantziako Eurokopa hartan.
Garai hartako jokalariak ezagutzeko aukera izan zenuen, hortaz.
Bai, bai. Frantzian, Platini, Giresse, Batiston... Espainian, Arkonada, Goikoetxea, Santillana, Maceda... 1984ko Eurokopa hartan finalean izan ziren bi taldeak. Gero, 1998ko Munduko Kopan, Javier Clementerekin eta Juan Luis Larrearekin, han ziren Zubizarreta, Raul, Hierro...
Hego Amerikan geratuko da Munduko Kopa?
Lan ona egin dezaketela uste dut. Brasil, Argentina, Uruguai, Txile eta Kolonbia zaintzeko modukoak izango dira. Ondo jokatzen dute futbolean. Gainera, leku hauetan jokatzea gaitza da, hil ala bizi jokatzen dutelako hemen.
Nolako jokamoldea nagusituko da Munduko Kopan?
Europako taldeek ezartzen dute moldea. Txapeldunen Ligan ikusi da ia talde gehienek baloiaren jabetzan oinarritzen dutela jokoa. Hemen, Mexiko, Ekuador eta Uruguai defentsako lanean gehiago oinarritzen dira. Ezusteren bat izatekotan, emaitzetan, Belgikak emango du, eta Afrikako talderen batek ere bai. Jokalari ia guztiek Europan jokatzen dute, Afrikakoek diot, eta ezagunak dira. Lehen ez, ez zituen ia inork ezagutzen. Aldea hor dago lehendik hona, eta arriskutsuak izan daitezke Afrikako taldeak.
Uruguain bizi zarenez, zer egin dezake bertako selekzioak Munduko Kopan?
Uruguain hiru milioi entrenatzaile daude. Eroak dira. Egin ezazu kontu zer izango zen Euskal Herrian selekzioak laugarren egin izan balu Munduko Kopa batean. Hemen esaten da harri bakoitzaren azpian badela jokalari bat. Odolean daramate irabazteko borondatea, eta obsesioa da irabaztea. Horrek ezaugarri jakin bateko jokalaria sortu du: Suarez eta Cavani, adibidez. Baina falta zaie bi horiei baloia emateko jokalaria zelai erdian.
Mintza gaitezen Frantziako Ligaz pixka batez. PSG eta Monako diruz gainezka sartu dira orain, eta ona al da hori Frantziako futbolarentzat?
Begira, duela bi urtetik bizi naiz Uruguain, eta orduan, telebistan, Argentinako ligako partidak bakarrik botatzen zituzten. Orain, berriz, Frantziakoak ere botatzen dituzte. Talde horien apustuengatik izan da hori. Frantziako talde handiek Frantzian bertan segitzen badute fitxatzen jokalariak, hori ona da, Frantzian uzten dutelako dirua. Lehen horixe egiten zuten talde handiek.
Dirua hainbesteraino sartzeak kalte ez dio egingo Frantziako harrobiko futbolari?
Ez, ez. Parisko gazteek ez dute PSGn jokatuko; Frantziako beste talde batzuetan izango dute lekua, ordea. Frantziako jokalariak asko dira Europan barrena, eta horrek esan nahi du harrobia ondo ari dela lanean.
Marcelo Bielsari buruz ere galdetu behar. Zer emango dio Olympique Marseillari?
Jokalarientzat gauza asko aldatuko direla esaten da, baina irabazten badute, nork irabaziko du: Bielsak ala jokalariek? Jokalariek, ezta? Bielsari gustatzen zaio jokalariei zuku guztia ateratzea, eta ikusiko dugu halako eskakizunarekin zenbat urte egoten den klubean. Denboraldi bat edo bi egin izan ditu talde berean, ez gehiago.
Frantziako entrenatzaile eskolaren oinarria teknika eta fisikoa dira. Beste lan egiteko molde batzuk daude orain modan?
Garai batean teknika zen oinarria, eta gero fisikoa, baina Platinik-eta esaten zuten gogorregia zela. Orain, teknikan eta fisikoan oinarritzen da. Modan Mourinho dago orain, bere periodizazio taktikoarekin, baina zeuk esan duzu, modak dira. Alemaniako Eskola egon zen modan, Yugoslavia ohiko Eskola ere bai gero, Frantziakoa ondoren eta Espainiakoa gero; Portugalgoa dago orain pil-pilean, eta Munduko Kopa hau irabazten duen taldearen eskola izango da onena gero. Irabazten duenak beti arrazoi du.
Brasilgo Munduko Kopa. E multzoa. Peio Sarratia. Frantziako Federazioko entrenatzaile ohia
«Goizegi heldu zaio txapelketa hau Frantziari»
Frantziako Federazioan hainbat urtez entrenatzaile izan eta gero, Uruguain bizi da duela bi urte eta erditik, erretreta hartuta. Ondo ezagutzen du Frantziako selekzioa, eta Didier Deschampsen eskutik talde izaera berreskuratu duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu