Mikel Larunbe. Asegarceko atzelaria

«Goizegi da larritzen hasteko»

Iaz txapeldunorde izan zen Bengoetxearekin, baina aurten ez da nahi bezain ondo hasi. Larunbe, ordea, lasai dago, ondo ari direlako. Gaur dute hori erakusteko aukera.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Patxadaz mintzo da Mikel Larunbe (Galdakao, Bizkaia, 1993). Entrenamendu baten ondoren erantzun ditu galderak. Gaur partida garrantzitsua du Arrasaten, galtzen duen bikotea bakarrik geldituko baita azken postuan.

Lau partidatik hiru galdu dituzue. Zer balantze egiten duzu?

Emaitza aldetik argi dago gauza ez dagoela ondo, baina joko aldetik ez dut uste txarto nabilenik. Kontuan izan behar da gure partidetan aurkariek asko jokatu dutela. Baina nik neure burua ez dut txarto ikusi.

Lasai dirudizu.

Dagoeneko urduri banengo, ez litzateke ona izango. Asko gelditzen zaio txapelketari, eta, orain urduritzen banaiz, lan handiagoa izango dut: lehenbizi, lasaitzen, eta, gero, jokatzen. Pixka bat hobeto, eta xehetasun txiki batzuk konpontzen baditugu, nik uste dut puntuak lortuz joango garela; konfiantza dut horretan.

«Xehetasunak» diozu; zein xehetasun zehazki?

Batez ere aurkariak indartsu dabiltzanean, guk gogor aurka egin behar diegu. Hasieratik egon behar dugu indartsu, partidan sartuta. Eta, niri dagokidanez, partidako pare bat huts gutxiago egin behar ditut.

Buruari bueltarik ematen ez dioten horietakoa zara.

Neure burua ondo ikusi dudalako, batez ere. Eta hori ona da, normalean; buruari bueltak ematen hasten baldin bazara, konfiantza galtzen hasi zaitezke, eta beldurra sortzen da.

Aurkarien pilotekin dezente sufritzen duzula dirudi.

Pilotek eragina dute, baina aurkariek gehiago. Victor-Albisuren aurka ondo ibili nintzen, baina haiek partida handia egin zuten. Olaizola-Imazen aurka nik agindu nuen. Ezkurdia-Zabaletaren aurka, dominatuta egon nintzenean haien bien artean atzera jotzen ibili zirelako izan zen, eta gero amaieran parez pare ibili ginen. Eta, azken partidan, gure pilotagaz ondo, baina Rezustaren pilotagaz bai, kosta zitzaidan. Pilotak bote handia hartzen zuen, eta ni azpitik sartzekoa naiz. Bera, aldiz, alboz, eta berari gure pilotarekin kosta zitzaion. Ez dut uste pilotekin arazorik dudanik.

Azken hamabost partidetatik hamahiru galdu dituzu. Txapelketa aurreko eta txapelketak boladak ezberdinak al dira?

Bai, niretzat bat. Irailean Lekeition irabazi ostean, partida on pare bat egin nituen, eta gero jokoan jaisten hasi nintzen. Gero, segituan hasi nintzen txapelketa prestatzeko lan karga handia sartzen. Partida asko izan nituen, ondo jokatu arren galdu egin nituenak, eta orain antzeko zerbait gertatzen ari da. Azkenean, boladak dira, eta txapelketan beste irudi bat ematen ari naiz; ziur nago emaitza onak etorriko direla.

Iaz ere 1-3 hasi zineten, eta gero txapeldunorde izan zineten.

Bai, horrelako zerbait.

Aurten, iaz txapeldunorde izanda, hasierak okerragoa dirudi.

Zergatik? Ez dut uste. Gu ez gara inor baino faboritoagoak iaz txapeldunorde izateagatik. Hori astero erakutsi behar da kantxan, eta orain arte guk ez dugu behar adina erakutsi. Orain goizegi da larritzen hasteko.

Iaz haisberria zinen txapelketan; aurten, aldiz, txapeldunordea. Erantzukizuna bera da?

Txapelketan zure mailarik onena eman behar duzu beti, eta horretarako entrenatzen gara egunero. Baina aurten ez dut presio berezirik sumatzen.

Zer esaten du Bengoetxeak?

Hura, beti bezala, animoso dago. Hark badaki ematen ari garen maila pixka bat hobetuz gero puntuak lortzen hasiko garela.

Gaur partida garrantzitsua duzue: azken bi sailkatuak elkarren aurka. Galtzen duena egoera deserosoan geldituko da.

Edo ez, gero beste bederatzi partida faltako dira eta. Batez ere morala hartzeko izango da garrantzitsua: ondo jokatzen badugu, psikologikoki beste modu batera egingo diegu aurre hurrengo partidei.

Sailkapenari begiratzen diozu?

Ez. Begiratu gabe badakit bi bikote gaudela hor behean.

Zerbaitek harritu al zaitu txapelketan?

Altuna-Martija bikoteak. Martijaren lehen urtea da, oso gaztea da, eta oso ondo ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.