Asier Riesgo. Osasunako jokalaria

«Goizegi da atezaina aldatzeko, baina errespetatu behar dut»

Hamaikakoan tokia egin zuen hasieran, baina aulkian da berriz ere. Bosgarren sasoia du Osasunan, eta beteranoetako bat bilakatu da. Ondo zehaztuta dauzka zein diren taldearen gabeziak sasoi honetan.

Aitor Manterola Garate.
2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Krudela da ordezko atezain izatea futbolean: apenas jokatzen duten. Asier Riesgo (Deba, Gipuzkoa, 1983) izan da Osasunan dagoenetik atezain ordezkoa, eta denboraldi honetako azken bi partidak ere aulkitik ikusi behar izan ditu, lehen zazpietan jokoan izan eta gero. Borroka zaila dauka, egoera pertsonala eta taldearen ibilia ondo uztartzea, baina esperientzia du lagun: «Eguneroko lanean serio jarraitu behar dut, eta etorriko zait aukera berriz».

Aurreneko zazpi partidetan hasieratik jokatu eta gero, azken bietan aulkian utzi zaitu Jan Urbanek. Iraganeko mamu beltzak buruan bueltaka hasi zaizkizu?

Ez dakit noiz arte egon beharko dudan aulkian. Jokatu izan dudanean gustura ibili naiz, baina taldeari gol asko egin zizkioten partida horietan. Ni saiatzen naiz ahalik eta ondoen egiten gauzak, baina entrenatzaileak ikusi zuen orain bi astea atezaina aldatzeko unea zela, eta aulkian naiz berriz. Nire ustez, goizegi hartu du atezaina aldatzeko erabakia, baina errespetatu egin behar dut.

Jan Urbanek azalpenen bat eman dizu?

Eman dizkit bai, baina ez dute ezertarako balio azalpenek halakoetan. Ez dut ulertzen zergatik hartu duen erabakia, baina berea da, eta bere lana da erabaki horiek hartzea. Lanean segitu behar dut, entrenamenduetan lan ona egin behar dut, eta jokatzeko aukera heltzen bazait berriz, taldeari laguntzen saiatu behar dut.

Gol asko jasotzen ari, eta atezaina bakarrik errudun jotzea bidezkoa da?

Ardura badugu, baina talde osoaren erantzukizuna ere bada golak jasotzearena. Pazientzia edukitzea ezinbestekoa da halakoetan, gauzak aldatzen ibili beharrean, baina lehen esan dizut, ez dagokit niri erabaki horiek hartzea.

Atezain ordezkoa izatea da futbolean dagoen egoera gogorrenetako bat, eta zu azken denboraldietan ordezko izan zara beti.

Ez dut zorte on handirik eduki azken denboraldietan, baina jarraitu egin behar dut lanean, eta helduko zait gozatzeko garaia.

Hainbeste denbora jokatu gabe egonda, pasatuko zenituen alditxarrak ezta?

Aldi zailak izaten dira, eta ez da erraza izaten motibaziorekin jarraitzea. Hala ere, esperientzia daukat, eta saiatzen naiz ahalik eta ondoena eramaten egoera hauek. Okerrena da buruari bueltak ematen hastea.

Halako aldi txarrak gainditzeko zein izaten dituzu babes handienak?

Helduleku asko izaten ditut: taldekideak, lagunak, etxekoak... Etxean asko sufritzen dute, ikusten dutelako ez dudala jokatzen. Nire etsipena etxean ordaintzen dut; haiek sufritzen dute gehien.

Udan bolo-bolo ibili zen Realera itzuliko zinela. Zurrumurrua ala kontu serioa izan zen?

Oso gertu egon zen akordioa, jende askok uste duena baino hurbilago. Baina azken orduan dena okertu zen, eta ez zen gauzatu.

Berriz ere aulkian zarela, udako aukera hori gauzatu ez izanak oraindik eta etsipen handiagoa sortzen dizu?

Orainean pentsatu behar da, ez du merezi atzera edo aurrera begira jartzeak. Burua eguneroko lanean daukat.

Realak azken unean bazterrera bota zintuela uste duzu?

Ez. Bakoitzak bere jarrerak eta erabakiak dauzka. Bere garaian Realetik ateratzea nik erabaki nuen, eta udako aukera hor egon zen bertara itzultzeko, baina ez zen gauzatu, eta ez dizkiot buelta gehiago ematen.

Osasuna hau ez al da oso gorabeheratsua?

Hala da, bai. Ondo hasi ginen, eta ilusio handia zegoen. Gero, gol asko jasotzen hasi ginen, eta konfiantza galdu genuen. Bolada txarrean sartu ginen, eta hor ari gara buelta eman nahian, baina uste dut ez garela ari lortzen.

Zuen partidak kale edo balekoak ari dira izaten, gol askokoak. Bide hori ez da oso sendoa, ezta?

Ez. Ligaren hasieran zehaztu genuen gol gutxi jaso behar genituela, eta ez gara ari lortzen. Bigarren Mailan goian ibiltzeko, gol gutxi jasotzea ezinbestekoa da, eta ez dugu lortu. Hori gabe, gauzak zaildu egingo zaizkigu. Gora egiteko, defentsako lanean sendoagoak izan beharko dugu.

Urbani gustatzen zaion jokatzeko era ausarta eta sendotasuna lortzea kontrajarriak al dira?

Bai. Baloia eduki nahi dugu, eta asko zabaltzen gara erasoan. Gero, baloia galdutakoan, aurkariak zuloak erraz aurkitzen ditu guri min emateko. Arazoak hortik ere badatozkigu. Alde ona ere badauka jokatzeko era honek, golak erraz sartzen ditugulako, baina bide horretatik sendotasuna lortzea zaila dela uste dut. Baina entrenatzaileak horrela jokatzea nahi du, eta guk horrela jokatu behar dugu.

Zein da Osasunaren helburua?

Jaitsi berria den taldeetan ohikoa izaten da ahalik eta azkarren Lehen Mailara itzultzeko asmoa izatea, baina Osasunak klub bezala udan bizi izan zuen egoera ikusita eta taldea nola osatu zen kontuan hartuta, zaila da igotzeko helburua jartzea. Partidaz partida joan behar dugu, eta ikusi noraino hel gaitezkeen. Orain zaila da igoerarekin pentsatzea, baina gauzak aldatu egiten dira.

Zerk eman dizu atentzio handien Bigarren Maila honetan?

Maila honetan jokatu izan dut lehen ere, eta ez da batere aldatu: oso zaila da partidak irabaztea, taldeek ondo defendatzen dutelako. Sadarren egokitu izan zaigu;gola guri sartu digutenean batzuetan ezin izan dugu emaitza irauli.

Zenbateko eragina dauka klubaren ezegonkortasunak zuen eguneroko lanean?

Beti izaten du eragina, nahiz eta gu saiatu izan ez dezan. Ez da erraza arreta arazo horietan ere ez edukitzea.

Klubak zor dizu dirurik?

Ez, ezer ez. Heldu ginen akordio batera, eta epe batzuetan ordainduko digute aurreko denboralditik zor digutena. Akordioa ona da klubarentzat eta jokalarientzat. Kluba ari da baita ere Ogasunarekin duen zorra nola kitatu adostu nahian, eta ea lortzen duten, denon onerako izango da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.