Mugimendu handiko eguna izan zen atzo Kontxako badian. Batetik, gaur Kontxako estropada jokatuko duten arraun taldeen joan-etorria izan zen. Azken lan saioak egiteko aprobetxatu zuten entrenatzaileek, eta lehian arituko diren talde askok estropada eremuan entrenatu nahi izan zuten. Bestetik, Kontxako badiako igerialdiaren laurogeigarren aldia jokatu zen atzo goizean. Kirolari ugari batu ziren eremu txikian. Arraunlariek, ordea, gaur dute egun handia.
09:30ak dira, larunbata. Donostian atera da eguzkia jada. Nautiko ingurua langilez eta boluntarioz josita dago. Kontxako badiako igerialdia egitekoak dira, eta inguru horretatik hasiko da proba. Antolakuntzakoak azken xehetasunak gainbegiratzen ari dira, eta jende asko dabil batera eta bestera. Kaiko arranpara bidean, ordea, isiltasuna da nagusi. Apenas dabilen jenderik. Baina arranpara hurbiltzen hasitakoan entzun dira lehen oihuak. Maider Etxaniz da, oriotarren patroia. Haiek izan dira uretaratzen lehenak. «Segi, segi», oihukatzen du patroiak, taldekideak ahal bezala estutzeko. Oraindik arraroa egiten da Nadeth Agirreren ahotsa ez entzutea.
Itsasoari dagokionez, lasaitasuna da nagusi. Bare-bare dago, eta badiak zingira bat dirudi. Ez dago olatu bakar bat ere, eta estropada egunerako ere antzeko itsasoa espero da. Bertan egongo ez direnak, ordea, ergonometroan daude bitartean. Itzalpeko lana egiten ari dira, baina badaukate meritua haiek ere.
Orioko gizonezkoen taldekoak ere bertan daude, bilduta. Mikel Arostegi entrenatzailea ari da hizketan, eta arraunlariak isil-isilik eta adi, haren hitzak entzuten. Haiek ere segituan hartu dute uretarako bidea, eta Iñigo Larrinagaren ahotsak hartu dio lekukoa Etxanizenari.
Patxi Francesenek amaitu dituzte lanak, eta tramankuluak jasotzen dituzten bitartean elkartu dira Orioko elastikoa jantzia duten bi bikote. Zaleak dira denak. Agurtu dute elkar, eta haietako bat harrituta gelditu da. Buelta erdia eman, eta hala esan du: «Gu bakarrik al gaudek hemen?». Konturatu da bera ere. Arraunlariak soilik daude bertan. Arraunlariak eta korrika egitera irten diren hainbat eta hainbat donostiar. Gogor jo du kirol horrek hirian. Hizketan jarraitu dute oriotarrek, eta hala esan dio batak besteari: «Bihar [gaur] bandera Oriora. Bederatzi segundo dituk: ez duk ezer!». Irri txikiaz erantzun dio besteak: «Arraun-ekin zail zegok!». Arraun Lagunak-i buruz ari zen, noski.
Ez du herritar horiek bezala pentsatzen, ordea, Itxaso Azkonobietak. Orioko arraunlariak ondo daki Arraun Lagunak-ek zer-nolako maila duen eta estropada zein zaila den: «Langa goran dago. Bederatzi segundo bada zerbait, eta are gehiago Arraun Lagunak baldin badago aurretik. Badakigu haiek huts handiren bat egin beharko dutela bandera guk irabazteko. Baina gu irabazteko asmoz aterako gara». Argi dauka ederra litzatekeela dena irabazi duen taldeari, Arraun Lagunak-i, azken estropadan irabaztea, baina zintzo hitz egin du: «Gu harro gaude gure lanarekin. Ziklo aldaketa izan dugu aurten, eta taldea ondo aritu da. Baina Arraun Lagunak-ek maila bikaina erakutsi du».
Lugañene baserrikoak aipatzearekin batera jaitsi dira protagonistak eskaileretatik behera, Juan Mari Etxabe buru zutela. Ez dute hanka sartu nahi, eta kontzentratuta daude. Edo hori dirudi behintzat. Badakite igandea egun handia izan daitekeela.
Jakin-mina soilik
Oriotarrak joatearekin batera iritsi dira hainbat talde arranpara, zerua urdindu denean. Donostiarrako mutilak eta neskak, Chapela, Hondarribia… estropada eremuan aritu nahi dute denek. Bitartean, iritsi da jendea arranpara, eta sumatu da giroan. Arranpa ondoko baranda inguratu dute. Jendeak eguraldi ona baliatu du Donostian barrena paseatzeko. Gehienak traineruak ikusten gelditu dira. Baina argazki gutxi batzuk atera, eta berehala alde egin dute. Jakin-mina besterik ez da.
Arraunlariei begira gelditu diren horietako bat da Pedro Aguilera. Talavera de la Reinakoa da (Espainia), eta oporretan dago familiarekin. Argazkiak ateratzen ari da. Ez dauka Kontxako estropadaren berri handirik. Harrituta dago arraunlariek duten kohesioarekin, eta galdetu du proba zertan datzan. Azalpenekin harrituta, hara erantzuna: «Indar handia behar da horretarako, baina euskaldunak zarete!». Hori omen da euskaldunek helarazten duten irudia. Ez dira, ordea, arraunlariak ikusten gelditu diren bakarrak. «Hauek irabazi behar dute», esan dio emakume batek bikotekideari Donostiarrako ontzia uretara abiatu denean. «Zergatik?», galdetu dio hark. «Etxekoak direlako, donostiarrak». Ez dirudi oso zaleak direnik.
Ontzi horretan zegoen Xabat Pastor Donostiarrako arraunlaria. Iragan asteburuan «ia banderaren lehiatik kanpo» gelditu zirela uste du, baina bigarren jardunaldiari aurre egiteko gogoz dago: «Aurreko astean baino lasaiago gaude. Uste genuen gertuago egoteko aukera geneukala, baina Bermeoren maila bikaina izan zen». Kontxako estropadaren inguruko eztabaida bati buruz ere hausnartu du: «COVID-19a zela-eta hartu ziren neurrien ondorioz, xarma pixka bat galdu du Kontxak. Desitxuratu egin da arranpako giroa, eta antolakuntzak kontuan hartu beharko luke hori». Hori esan, eta korrika joan da kideengana. Zain ditu jada.
Pasatu dira bi ordu, eta eguzkiak kolkoa berotzen du jada. Ordu horretantxe iritsi dira beste zenbait talde. Bitartean, beste batzuk erretiratu egin dira, pixkanaka. Estropadan elkarrekin izango dira denak, eta beste kolore batekin esnatuko da Donostiako kaia.