Goazen, Athletic, Kopa irabaztera!
Jaio nintzenetik edo, behintzat, gogoratzen naizenetik Athleticzalea naiz. Bizitzan eraldaketa etengabea den arren, inoiz ez dut taldea aldatu. Aitarekin eta nebarekin batera oroitzen dut neure burua San Mamesen umea nintzela. Txokor usaina harmailan, eta batasun sentimendu bat familiarekin eta gure herriarekin.
Izan ere, Athleticzaleei futbolak sorrarazten dizkigun emozioak kiroletik harago doaz. Ez hobea, ez okerragoa, ezberdina da. Futbola ulertzeko, eta lehiatzeko, daukagun filosofiak gure taldea Euskal Herriaren erakusgarria bilakatzen baitu abertzalea naizen heinean. Zelairatzen den unetik garaipen bat da mapetan agertzen ez den herri ukatu batentzat.
Hori dela eta, ezin hobeto ulertzen dugu Athletic klub bat baino gehiago dela esaten denean, gure herriaren ispilura begiratzea bezalakoa da eta harro sentitzen gara: 125 urteko historia, harrobitik irteten diren jokalarien aldeko apustua, gure herrialdean jaio eta trebatu direnekin, gure gizartea zer den islatzen duten pertsonekin, harrera-lekua... Azken finean, hortik dator bere indarra eta nortasun bereizgarria. Ereserkian aldarrikatzen den moduan, «herritik sortu zinelako maite zaitu herriak».
Gure taldea San Mamesera ateratzen denean, txalapartaren deia entzutean, bufanda airean abesten dugunean, hunkitu egiten gara irudikatzen gaituzten kolore gorri eta zuriekin. Sufriarazten, gozarazten, desiratzen, parte hartzen, eta, batez ere, gozatzera bultzatzen gaituzten kolore horiek ez dira sentsazio horiekin konparatzen, ez dago ez distantziarik, ez oztoporik, ez kezkarik, ez nekerik Athleticekin ez sendatzeko, eta porrotekin eta une txarrekin ere sufritzen dugu, baina Athletic beti ateratzen da aurrera, horregatik diogu Beti Zurekin.
Kopako beste final bat jokatzeko egun gutxi falta dira. Bilbo, Bizkaia, Euskal Herria, Sevillara begira gaude. Bide guztiak Sevillan amaitzen direla ere pentsa daiteke. Kale eta herrietatik buelta bat eman besterik ez dago hori egiaztatzeko; leku guztietan antzeko galdera duzu.
Milaka lagun elkartuko dira bertan, eta beste batzuek etxetik jarraituko dute beste milaka pertsonarekin batera. Gauden lekutik, denok lagunduko diogu taldeari, eta gure jokalariei eta Valverderi bultza egingo diegu. Helburua oso argi daukagu, Mallorca baino gol bat gehiago sartzea eta Koparekin etxera itzultzea.
Iñigo Cabacas Herri Harmailaren kantua gogora ekarriz: Goazen, Athletic, 6an irabaztera, beti egongo gara zurekin!!!
Aupa Athletic!
Athleticen eta Realaren arteko final bat nahi nuen
Aste berean, bi eguneko aldearekin, Kopako itzulerako bi finalerdietan egon nintzen. Asteartez, Realak eta Mallorcak jokatu zutenean, eta ostegunean, Athleticen eta Atletico Madrilen artekoan. Athletic finalerako sailkatu zen, eta harro diot pena eman zidala Reala ere ez sailkatzeak. Penaltietan geratu zen kanpoan, gainera. Braisek lehen zatia bukatzear zela penalti hura huts egin izan ez balu...
Dagoeneko ezin dugu ezer aldatu, ezin da atzera egin. Ezin da botoi bat sakatu, eta emaitza irauli. Baina garbi daukat: erabat penatuta nago. Bi euskal taldeak finalean ikusi nahi zituzten horietako bat naiz, inolako zalantzarik gabe. Hiru arrazoirengatik diot hori.
Lehena: pandemia garaian jokatutako Athleticen eta Realaren arteko finala publikorik gabe jokatu zelako. Egoera tarteko, partida ez zen asko bizi izan. Athletic eta Reala handi egiten dituztenak zaleak dira, eta zaleek final bat merezi zuten publikoarekin.
Bigarren arrazoia: egindako azken urteak kontuan hartuta, uste dut Realak merezi zuela baita ere finalean egotea. Oso aditua izan ez arren, ematen du ziklo aldaketa baten aurrean dagoela. Niri hala iruditzen zait, eta azken urteotan esan behar dut gehiago noala Anoetara San Mamesera baino.
Eta azkeneko arrazoia, nire ustez garrantzitsuena, honako hau da: bihotz-bihotzetik penatuta nagoela ez dugulako Sevillako Cartujako futbol zelaia bere osotasunean beteko marea euskaldun bat balitz bezala.
Gauzak ondo irteten ez direnean, euskal kirolari zein talde guztiengatik sufritzen duten horietako bat naiz; baita ere besteen arrakastengatik pozten diren horietakoa. Kirolari bezala, hainbeste bidaia egin ostean, hiru gauza nagusi ikasi ditut: errespetua, enpatia eta inor ez epaitzea. Hala, euskal talde guztiei onena opa diet, denboraldiaren azken txanpan sartuta gaudelako. Zorionak Alavesi, Osasunari eta Realari egiten ari diren denboraldiagatik.
Bigarren Mailan ere asko sufritzen gabiltza Eibarrekin, Lehenengo Mailan nahi dugulako berriz ere. Amorebietak ere, azken lau-bost jardunaldietan bezala lan eginez gero, ziur nago mailari eutsiko diola. Ez etsi, mutilak, eta aupa. Gure Athleticeko, Realeko eta Eibarreko neskei ere, aupa zuek.
Bukatzeko, uste dut futbolaz harago badaudela gauza garrantzitsuagoak, ikusita mundua zer bihurtzen gabiltzan. Baina gu ere Athleticekin bat gatoz, eta azkeneko finalean bezala, hor egongo gara sufritzen eta gozatzen, kirolari eta euskaltzale bezala. Inoiz baino ozenago, aupa Athletic! Aupa Mutilak! Garaipena zuena da. Munduko zarata guztiak alde batera utzi, eta irten Cartujara ondo pasatzera, disfrutatzera. Inolako presiorik gabe, baina bai tentsio puntu batekin, gauzak ahalik eta ondoen egiteko. Burua beti hotz, eta bihotza beti gorri! Aupa Athletic!