Iñaki Osa Goikoetxea-k bederatzigarren aldiz irabazi zuen atzo Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen buruz buruko txapelketa. 30-17 hartu zuen mendean Mikel Egiguren Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, eta azken hamarkadetako puntistarik onena dela argi geratu zen. Partida hasiera orekatua izan zen, eta Egiguren II.ak tanto bikainak eskaini zituen. 5-6 aurretik ere joan zen, eta ez zuen minutu bakar batean ere amore eman. Partidaren lehen herena arte emozioa mantentzea lortu zuen (9-9), baina hortik aurrera Goikoetxea jaun eta jabe izan zen. Sakean asmatzen hasi zen, eta erabat hautsi zuen lehia.
Une oro pilota errebotean ibili zuen txapeldunak, Egiguren II.ari ezertarako aukerarik eman gabe, eta aurrean harrapatzean ezin hobeto amaitu zuen tantoa. Istant batean 17-9 aurreratu zen. Donostiarra saiatu zen handik eta hemendik aurkariaren bolada ona mozten, baina alferrik. Goikoetxeak ia dena egiten du ondo, eta oso zaila da berari irabaztea. Une batean sei tanto egin zituen jarraian Egiguren II.ak (20-15), baina Goikoetxeak ez zuen kontzentrazioa galdu, eta abantailari ongi eutsi zion.Azkenean, nahiko eroso nagusitu zen zumaiarra (30-17). Pilotalekua bete egin zen, eta giro polita sortu zen.
Goikoetxeak bederatzigarren aldiz jantzi du buruz buruko txapela (30-17)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu