Goikoetxea da faboritoa

Zesta-puntako Munduko Txapelketako finala jokatuko du gaur zumaiarrak Lopezen aurka, Hondarribian

Donostia
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Nor baino nor gehiago ariko dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez gaur, zesta-puntako Munduko Txapelketako finalean. Txapela izango dute jokoan bi puntistek Hondarribiko Jostaldi frontoian (20:00). Hamargarrena izango luke Goikoetxeak, lehena Lopezek. Horregatik, iazko txapelduna da aurten ere irabazteko faboritoa.

Ligaxkako partida guztiak irabazita heldu da Goikoetxea finalera. Lopezi berari irabazi zion lehena (30-20), eta berdin egin zuen Egiguren II.arekin (30-18), eta, hala, finalerako sailkatu. Edonola ere, azken partidan ez zuen atsedenik hartu nahi izan, eta aise gainditu zuen Hernandez (30-11). Konfiantzaz gainezka dago Goikoetxea, orain arte «oso ondo» aritu delako. Ligaxkako azken partidan helburua «frontoia ezagutzen jarraitzea» zuen: «Gauza berriak probatu nituen, eta bikain atera ziren».

Lopezek, berriz, zailtasun handiak izan zituen finalerako sailkatzeko. Ligaxka jokatu ahal izateko, lehenik Enbil gainditu behar izan zuen (30-12). Goikoetxearen aurka galdu ondoren, beste bi partidak irabazi beste erremediorik ez zuen finalean egoteko. Eta lortu zuen, larri lortu baina. Atzetik aurrera egin zuen bietan. Hernandez gaindituta (30-27), Egiguren II.aren aurka jokatu behar zuen, partidako garailea finalerako sailkatuko zelarik. 29-25 galtzen joan zen, baina buelta eman zion, eta 30-29 nagusitu zen.

Zumaiarrak biak, ondo ezagutzen dute elkar Goikoetxeak eta Lopezek. «Badakigu zein diren bestearen indarguneak eta ahulguneak», dio Goikoetxeak. Miamin bizi dira (AEB), eta frontoi berean entrenatzen eta lehiatzen dira han. «Ordu asko eman ditugu elkarrekin, entrenatzen, frontoian...». 2009an elkarren aurka aritu ziren Munduko Txapelketako finalean, eta 30-26 nagusitu zen Goikoetxea.

Ligaxkako lehen partida dute azken erreferentzia, ordea. Baina partida horri ez diote garrantzirik eman nahi bi puntistek, berezia izan zelako. «Arraroa izan zen, bero handia egiten zuen», azaldu du Goikoetxeak. Gainera, pasa «atzerago» zegoela gogoratu du Lopezek: «Sake asko errebotera joan ziren, eta ezinezkoa zen horiek itzultzea». Horregatik, finala «ezberdina» izango dela uste du Goikoetxeak: «Harmailak beteta egongo dira, eta txapela egongo da jokoan».

Irabazteko, «dena bikain»

Edozein modutan, aurkaria ikusten du faborito Lopezek. Izan ere, «erraz» irabazi ditu ligaxkako hiru partidak. «Ni, berriz, asko kostata sailkatu naiz finalera».Partida guztiak «gogorrak» izan dira Lopezentzat, baina partidari «buelta emateko gai» izan da, eta horrek «indar handia» ematen dio finalerako. «Atzetik joan arren, amaierara arte eutsiko dut», esan du. Hala ere, badaki «dena bikain» egin beharko duela irabazteko.

Goikoetxea da faboritoa, baina ez da fidatzen aurkariarekin: «Ia ez du hutsik egiten». Lopez atzelaria izanda ere, banakako txapelketetan «oso ondo» moldatzen dela gogoratu du iazko txapeldunak. «Urtean osoan oso maila onean aritzen da Miamin, eta txapelketa honetan erakusten arida hala dela». Ez daki nolako partida izango den. «Ideia batekin» atera daiteke, eta partida nola doan ikusita «planteamendua aldatu».

Txapeldunak du irabazteko aukera gehien, alde baititu aurreko erreferentzia guztiak. Baina final batean edozer gerta daiteke, eta gogotik lan egin beharko du txapela jantzi nahi duenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.