Goikoek agindu dute

Ezkurdiak eta Rezustak goi mailako jokoa eginda irabazi diete Altuna eta Arangureni, Labriten. Elordik eta Zabaletak, berriz, puntu landua eskuratu dute Peio Etxeberria eta Martijaren aurka: 22-18.

Joseba Ezkurdia erremate bat egiten gaurko partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joseba Ezkurdia erremate bat egiten, gaurko partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 18a
20:48
Entzun

Sailkapeneko goiko postuetan dauden bikoteak dira nagusi Binakako Txapelketaren 10. jardunaldian. Atzo, hain justu, Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenak puntu garrantzitsua lortu zuten Erik Jaka eta Ander Imazen aurka, Azpeitian (Gipuzkoa): 22-12. Bada, gaur ere puntu bana eskuratu dute faboritoek; goiko postuetan dabiltzan bikoteek, alegia. Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezustak aise menderatu dituzte Jokin Altuna eta Aitor Aranguren Iruñeko Labriten (22-12). Mungian (Bizkaia), berriz, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak askoz lan handiagoa egin behar izan dute Peio Etxeberria eta Julen Martija menderatzeko: 22-18. Hala, lehen fase luzea amaitzeko lau jardunaldi falta direla, pil-pilean jarraituko du txapelketak, hala goitik nola behetik.

Ezbairik gabe, goi mailako jokoa eginda eskuratu dute zortzigarren puntua Ezkurdia eta Rezustak. Txapelketan zehar egun txarren bat izan duten arren, oro har oso ondo jardun dute, eta sentsazio horri eutsi diote Altuna III.aren eta Arangurenen aurrean. Partidak hasiera orekatua izan du, azkarra eta kalitate handikoa. Elkar ongi hartuz, zintzo ekin diote lehiari garaileek, baina Altuna III.ak bereak eta bi egin ditu. Garbi erakutsi du ongi egin diola aurre gaixoaldiari, eta hark mantendu du neurketa parean: 2-3 eta 4-6. Amezketarrak zutik jarri ditu pilotazaleak bizpahiru tantotan.

Pilotak distira galdu ahala, ordea, erosoago sentitu da Rezusta, eta nabarmen erakutsi dio bizkarra piloteoan Arangureni. Horri esker, Ezkurdiak aukera onak izan ditu aurreko koadroetan, eta burutsu jokatu du taktikoki. Abiadura bizian ibili du pilota, eta jokoz kanpo utzi dute biek Altuna III.a. Jokatzeko gogoz eta motibatuta aritu da txapelduna, baina ezin izan du ezer egin aurkarien nagusitasunaren aurrean. Garaileek eroso jokatu dute: 5-12, 8-15 eta 11-22. Rezusta izan da laukotean onena, pilotari gogor emateaz gain, huts bakarra egin baitu.

Zabaletaren erakustaldia

Hain zuzen, beste atzelari batek eman du erakustaldia Mungian: Zabaletak. Elordik eta biek gogotik saiatu behar izan dute Peio Etxeberria eta Martijari irabazteko. Azken horiek pasa den astean lortu zuten txapelketako lehen puntua, eta gaur gertu izan dute bigarrena. Hasi eta buka, oreka izan da nagusi: 3-3, 8-9, 12-10, 13-13, 17-15 eta 22-18. Neurketa gogorra izan da, eta Zabaletaren distirak erabaki du lehia. Pilotakada itzelak jo ditu, eta, zazpi punturekin, bigarren postutik puntu bakarrera dago Aspeko bikotea.

Jardunaldia gaur amaituko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Unai Laso eta Martxel Iztuetak lidergoan sendotu nahi dute, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuri irabazita. Hots, azken partida irabazi egin dute Peña II.a eta Albisuk, eta arriskutsu kantxaratuko dira. Gainera, puntu bakar batera dituzte Altuna III.a eta Aranguren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.