Goiherri, Gaztedi eta Mutriku Munduko Txapelketan lehiatuko dira

262 sokatira talde izango dira Suitzan bihartik igandera jokatuko den lur gaineko txapelketan

Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hiru euskal talde lehiatuko dira, bihartik igandera, Apenzellen (Suitza) jokatuko den lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. 262 taldek hartuko dute parte, eta horien artean izango dira Goiherri, Gaztedi eta Mutriku. Guztira, hogei herrialdetako tiralariak lehiatuko dira. Zortzi mailatan banatuta ariko dira parte hartzaileak, taldeka zein selekzioka.

Lehenengo bi egunetanjokatuko dira taldekako lehiaketak. Bihar estreinatuko diraGaztedi eta Goiherri, bina talderekin, gizonezkoen 580 kiloko saioan (13:00). Gizonezkoen 700 kilokoa, junior mailako 560 kilokoa eta emakumezkoen 540 kilokoa ere jokatuko dira lehen egunean.

Etzi, berriz, beste lau txapelketa jokatuko dira, eta horietatik hirutan izango dira euskal ordezkariak: mistoen 600 kiloko proban lehiatuko da Gaztedi (09:00); gizonezkoen 640 kilokoan hiru euskal taldeak lehiatuko dira (13:00); eta emakumezkoen 500 kiloko proban itxiko du parte hartzea Gaztedik (13:30). 23 urtez azpiko 600 kilokoan, berriz, ez da euskal ordezkaririk izango.

Onenen pare aritzeko itxaropena izango du Goiherrik. Izan ere, Euskadiko txapelketa irabazi du gizonezkoen maila guztietan. Ez dute erraza izango, ordea. 640 kiloko proba izango da txapelketa lehiatuena, 48 talderekin. 580 kilokoan, berriz, 31 talde ariko dira.

Herrialde ugaritasuna

21 herrialdetako 100 klub lehiatuko dira taldekako txapelketetan. Guztira, 183 talde izango dira, zortzi mailatan banatuta. Suitzak, 65 talderekin, eta Herbehereek, 26 multzorekin, izango dituzte ordezkari gehien. Aipatzekoa da Kongo, Nepal, Nigeria, Txina edo Taipeiko taldeak ere izango direla parte hartzen.

Herrialde horietako gehienak selekzioen txapelketetan ere ariko dira. Asteburuan jokatuko dira, eta hemeretzi nazio lehiatuko dira. Tartean ez da izango Euskal Herria. Taldeka bezala, selekzioka ere zortzi mailatan ariko dira parte hartzaileak: lau saio jokatuko dira larunbatean, eta beste lau igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.