Futbolaren egutegi kaotikoaren barruan, zazpigarren jardunaldiari dagokion partida jokatuko du gaur Athleticek, Leganesen zelaian. Datorren astean Europa ligako lehia duela eta, astebete aurreratu diete neurketa zuri-gorriei, eta behetik gorako bidean beste pauso bat emateko baliatu nahi dute.
Joan den asteburuan Las Palmasi 2-3 irabazi ondotik, onbidean sarturik dago Ernesto Valverderen taldea, eta goiko postuetan egonkortzeko hiru puntuak batu nahi ditu. Liga hasierarekin alderatuta, nabarmen hobetu du Athleticek; besteak beste, fisikoki gora egin baitute jokalariek. Bada, guztiaren premia izango dute Leganes mendean hartzeko, historikoki gaizki aritu baitira Butarque zelaian.
Maratoi betean murgildurik dago Athletic. 22 egunen buruan zazpi partida jokatzea dagokio, eta indarrak ongi neurtu beharko ditu bermez lehiatu nahi badu neurketa guztietan. Okerrik ezean, orain arte gehienbat aulkian egon diren jokalariak garrantzitsu bilakatuko dira. Talde bertikala, hegaletan abiadura bizikoa eta presioa goian egiten duena da Athletic, eta joko hori egin ahal izateko freskotasuna behar du.
Gainera, kontuan hartu behar da hamar jokalarirekin aritu zela Las Palmasen aurka bigarren zati ia osoan, eta jokalari denek esfortzu handia egin behar izan zutela. Ondorioz, litekeena da bospasei aldaketa egitea hamaikakoan Ernesto Valverdek. Atea zabalduko zaie, besteak beste, Gorosabel, Djalo, Berenguer, Unai Gomez eta Vesgari.
Hamaikakoan edonor dagoela ere, iragan sasoiko taldera hurbiltzea da entrenatzailearen erronka. Lehen bi jardunaldietan salbu, beste partidetan itxura hobea eman dute zuri-gorriek, eta berandu baino lehen sailkapenaren goiko aldean finkatu nahi dute. Bost jardunaldi jokatuta, zazpi puntu batu dituzte, eta urrats garrantzitsua litzateke gaur irabaztea. Gainera, ligako hurrengo bi neurketak etxean jokatuko ditu Athleticek: Celtaren kontra lehenengo, eta Sevillaren kontra gero.
Leganes, atzean sendo
Leganesek arazoak ditu erasoan, baina atzean oso sendo aritzen da. Bigarren Mailan txapeldun izan zen joan den denboraldian, eta 42 partidatan soilik 27 gol sartu zizkioten. Marka bikaina da. Helduleku berari eutsi nahi dio Lehen Mailako abenturan ere. Sendotasunean oinarritzen du bere jokoa, eta baloia luze jotzeko joera du. Ez du arriskurik hartzen atzean.
Orain arteko bost jardunaldietan bost gol sartu dizkiote, baina Borja Jimenez entrenatzaileak ohartarazia du ez dagoela gustura: are gol gutxiago jaso nahi duela. Izan ere, Madrilgo taldeak erasoan arazoak ditu gola sartzeko.
Udako merkatuan aurrelari ezagun bat ekarri du Borussia Dortmundetik: Sebastien Haller. Barrabiletako minbizia gainditua du, eta itxaropena harengan dute madrildarrek, baina oraingoz ez dute fruitu askorik jaso. Soilik hiru gol sartu dituzte orain arte: azken hiru jardunaldietan, bakar bat bera ere ez.
Historikoki, Butarquen nekez jokatu izan du ongi Athleticek. Zelai txikia da, hotz samarra, eta emaitzek ez diote gezurrik. Azken lau bisitetan, soilik behin irabazi du: 2018-19ko denboraldian (0-1). Azkenekoz 2019-20an jokatu zuten han zuri-gorriek, eta bana berdindu zuten. Hori bai, oraingo Athletic beste bat dela garbi dago. Maila txikiagoko aurkariak gainditzeko askoz ere berme handiagoa eskaintzen du, baina intentsitatez gutxienez aurkariaren pare egon beharko du irabazi nahi badu.
Ikusi beharko da Valverdek zenbaterainoko iraultza egiten duen hamaikakoan, baina baliteke Sancetek hasieratik jokatzea. Nafarra da orain arteko jokalaririk onena, hiru gol baitaramatza. Irabazteak urrearen balioa izango luke.