Garai batean, Itxako eta Bera Beraren arteko derbiak benetan parekatuak ziren. Gero, beste garai batean, Lizarrako taldea Donostiakoari nagusitzen zitzaion ia beti. Itxako oparotasunean bizi zen orduan. Baina ezer ez da betiko, eta Nafarroako taldea jada ez da bizi oparotasunean, urritasunean baizik. Bera Berak ere ez du soberan dirua, baina, Itxakok ez bezala, ez du izan gorabehera nabarmenik azken urteetan. Horri esker lortu du egungo egoera, eta horri esker dago Itxako baino koska bat gorago. Bera da orain nagusia, eta atzo berriz ere erakutsi zuen, Lizarran jokatutako derbian Itxakori 17-32 irabazita. Garaipen horri esker bera da nagusia Espainiako Ohorezko Mailan. Lehena da sailkapenean, eta puntu baten aldea kentzen dio Elxi. Itxakok, berriz, azken-aurrena izaten jarraitzen du, jaitsieratik salbu dagoen azken taldearengandik puntu bakarrera.
Espero zen bezala, parekotasun gutxi izan zuen atzoko derbiak. Espainiako Superkopan eta lehen itzuliko derbian bezala, Bera Berak aise mendean hartu zuen Itxako. Lehen minutuak nahiko parekatuak izan ziren (4-6), baina donostiarrak ez zeuden prest atsedenaldira arte zain egoteko neurketa hausteko, eta 2-10eko partziala lortuta lortu zuten (6-16). Bigarren zatian hainbat etenaldi egon ziren, pabiloiko argia joan baitzen bi aldiz. Ordurako partida erabakita zegoen.
Donostiarrek eta lizarratarrek denbora gutxi izango dute atseden hartzeko, etzi jokatuko baitute hurrengo partida. Bera Berak beste euskal derbi bat du zain, Barakaldon (Bizkaia) Kukullagaren aurka jokatuko duena. Itxako, berriz, Katalunian ariko da, Castelldefelsen aurka. Neurketa garrantzitsua da nafarrentzat, irabaziz gero, jaitsieratik at egongo liratekeelako, Castelldefelsek puntu bakarra ateratzen baitie.
Anaitasunak galdu (23-27)
Asobal ligan, berriz, Anaitasunak ezin izan zuen ezustea eman, eta 23-27 galdu zuen Atletico Madrilen aurka. Iruñeko taldeak bikain jokatu zuen 45 minutuz. Sei goleko aldea izan zuen —14-8, lehen zatia amaitzear zela—, baina azken txanpan Atletico Madrilek buelta eman zion emaitzari. Anaitasuna 19-16 zen aurretik partida amaitzeko hamazazpi minutu falta zirela, baina gutxien espero zenean etorri zen etxekoen txakalaldia eta bisitarien susperraldia. Anaitasuna zazpi minutuz egon zen golik sartu gabe. Atletico Madrilek, aldiz, sei sartu zituen (19-22). Lehen kolpea izan zen, eta bigarrena jarraian iritsi zen, 1-4ko partzial erabakigarriarekin (20-26). Ordu laurden eskasean 1-10eko partzial latza jaso zuen Anaitasunak, edonor lur jota uzteko modukoa.
Goian dago berriz ere
Bera Berak oso erraz irabazi dio Itxakori derbian (17-32), eta lehen postuan jarri da berriz ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu