Goian bat, behean bestea

Mailari eustea izango da Jolasetaren helburu nagusia; Realak, berriz, aurreneko lau sailkatuen artean amaitu nahi du liga. Asteburuan hirugarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte.

(ID_14276452) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-09-22, Donostia. Hockeyko ligako partida jokatu dute Realak eta Taburientek
Realeko jokalariak, Taburienteri sartutako goletako bat ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko irailaren 27a
05:10
Entzun

Helburu ezberdinekin abiatu dute denboraldia belar hockeyko emakumezkoen Realak eta gizonezkoen Jolasetak Espainiako Ohorezko Mailan. Asteburuan hirugarren jardunaldiko partida jokatuko dute batak zein besteak, eta liga hasiera kontrakoa egin dute: Donostiako taldeak jokatu dituen bi partidak irabazi ditu, eta Getxoko (Bizkaia) taldea, aldiz, bi neurketetan izan da galtzaile.

Ainhoa Huegun Realeko jokalariak dioenez (Donostia, 2003), liga aurreneko lau sailkatuen artean amaitzea dute helburu. «Urte dezente daramatzagu sailkapenaren erdialdean egonkortuta, baina uste dut aurten zerbait gehiago egin dezakegula. Iaz ez genuen bigarren itzuli ona egin, eta, horiek horrela, goiko postuetatik nahiko urrun amaitu genuen denboraldia». Gipuzkoako taldeak 2 eta 6 menderatu zuen lehen jardunaldian Bartzelona, eta 4 eta 2 irabazi zion etxean Taburienteri. «Egin dugun hasierarekin pozik gaude, baina badakigu hor goian egon nahi badugu jokatu ditugun bi partida horiek irabazi beharrekoak zirela».

Fitxaketa batzuk egin arren, Ivan Lorenteren taldea ez da askorik aldatu. «Taldea nahiko antzekoa da. Jokalari batzuek taldea utzi dute, eta, harrobitik igo diren jokalariekin batera, hiru fitxaketa egin ditugu. Nazioartean esperientzia duten jokalariak dira, eta taldearen maila hobetzen lagunduko dute: oso ondo egokitu dira».

Jokatzeko moduari dagokionez, ordea, taldeak aldaketa bat izan duela nabarmendu du Huegunek. «Askoz ere talde bertikalagoa gara sasoi honetan. Jokalari azkarrak ditugu, eta zuzenago jokatzeko aukera daukagu. Oso lagungarria izango zaigu gaitasun hori».

«Sasoi honetan jokalari azkarrak ditugu, eta zuzenago jokatzeko aukera daukagu. Oso lagungarria izango zaigu gaitasun hori» 

AINHOA HUEGUNRealeko jokalaria

Txuri-urdinek, igandean, Poloren zelaian jokatuko dute (12:30) hirugarren jardunaldiko norgehiagoka. Aurreko sasoian, Bartzelonako taldearen aurkako bi neurketak galdu zituzten. «Garaipena lortzeak baieztatuko luke urrats bat egin dugula sasoi honetan. Nazioarteko bi jokalari galdu ditu Polok sasoi honetan, eta agian talde ahulagoa izango da. Halere, badakigu ez dela partida batere erraza izango, are gehiago etxetik kanpo jokatuko dugula jakinda». Lehen itzulia amaituta, Espainiako Koparako sailkatzea ere helburu du Realak.

Egoera iraultzea xede

Sasoiko lehen bi partidak galduta, denboraldi hasiera «zaila» izan dela azpimarratu du Alvaro Prado Jolasetako jokalariak (Getxo, Bizkaia, 2004). Etxean 1 eta 5 galdu zuten CD Terrasaren aurka, eta joan den asteburuan 3 eta 1 menderatu zituen Taburientek. «Ez genuen espero bi partidak galtzea. Ez jaisteko borrokan aurkari zuzenak dira CD Terrasa eta Taburiente, eta, beraz, mingarriak izan dira bi porrotak».

Horiek horrela, egoera iraultzea du helburu orain Marc Salvatellaren taldeak. «Bi neurketak gaizki kudeatu genituen, batean zein bestean oso tarte laburrean gol asko sartu zizkiguten eta. Burua altxatu eta borrokatzen jarraitu behar dugu».

Bi porrotek taldeari min egin badiote ere, Pradoren iritziz «suspertzeko» balioko die horrek. «Argi geratu da askoz ere hobeto aritu behar dugula. Lehen abisua izan da. Talde gaztea gara, esperientzia gutxikoa, baina uste dut mezua barneratuko dugula».

Goitik behera aldatu ez bada ere, Jolasetaren lehen taldean izan da aldaketarik denboraldi berriari begira. «Entrenatzaile aldaketaz gain, bigarren taldetik jokalari asko igo dira, eta uste dut ondo aritu daitezkeela. Herbehereetako jokalari bat ere badugu aurten taldean, baita Asturiastik etorri den beste bat ere. Aldiz, maila oneko bi jokalari argentinarrek taldea utzi dute. Ez dakit aurreko sasoian baino talde hobea dugun edo ez, baina nabari dut taldeko izpiritua hobea dela denboraldi honetan. Harrobiko jokalari gehiago gaude, eta horrek eragina du».

«Ez dakit aurreko sasoian baino talde hobea dugun edo ez, baina nabari dut taldeko izpiritua hobea dela»

ALVARO PRADOJolasetako jokalaria

Sailkapenaren azken postutik ateratzeko, ahalik eta azkarren lehen puntuak biltzea behar du Bizkaiko taldeak. Atletic Terrasaren zelaian jokatuko dute igandean (12:00). «Terrasa maila handiko taldea da, eta haren zelaian irabaztea oso zaila da. Dena den, emaitza ona lortzeko borrokatuko gara».

Aurreko sasoian, Sardineroren aurka jaitsierako kanporaketa irabazita saihestu zuen Getxoko taldeak mailaz jaistea. «Funtsezkoa izango da bigarren itzulian Taburiente eta CD Terrasa menderatzea, eta igo berria den Las Rozasen aurkako bi neurketak irabaztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.