Baikoko pilotaria

Aitor Aranguren: «Goi mailan partida onenetako bat egin berritan nator»

Distiratsu jokatu eta txapelketako lehen puntua lortuta, gustura dago Aranguren. Bigarren puntuaren bila kantxaratuko da gaur, Unai Lasorekin batera, Jokin Altuna eta Julen Martijaren aurka, Donostian.

Aitor Aranguren
GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Gaztea izanagatik, pilotari beteranotzat hartu ohi dute pilotazaleek Aitor Aranguren (Usurbil, Gipuzkoa, 2000). 18 urterekin profesionaletarako jauzia eman ondotik, lau urte eta erdi daramatza onenen artean, eta dagoeneko laugarren txapelketa du lehen mailan. Orain arte ez du sekula lortu kanporaketak jokatzeko sailkatzerik, eta oraingoan horixe dauka begiz jota. «Helburua oso markatuta daukat: lehen seien artean sailkatu eta behingoz kanporaketetan aritzea». Joan den asteburuan lehen puntua lortu eta gero, bigarrenaren bila kantxaratuko da gaur Lasorekin batera, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. (22:15, ETB1).

Laugarren jardunaldian lortu duzue estreinako garaipena. Nahi baino geroago, ezta?

Bai, baina kontuan eduki behar da zailtasun handiekin ekin diogula txapelketari. Lehen jardunaldian Iker Larrazabalekin jokatu nuen, Laso min hartuta zegoelako oraindik, eta orain, Laso itzuli denean, kostatzen ari zaigu bertsiorik onena aurkitzea. Uste dut Lasori oraindik pixka bat falta zaiola maila onena hartzeko. Lehengoan irabazita, aste hau lasaiagoa egiten ari zait niri behintzat, eta pentsatzen dut bikote gisa goraka joango garela.

Pronostikoak hautsiz, Peña II.a eta Albisu menderatu zenituzten, 22-16. Profesionaletan jokatu duzun partidarik onena egin al zenuen?

Onena izan ez bazen, gertu ibiliko zen. Oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Iaz ere gogoan dut maila handiko partidak jokatu genituela Erik Jakak eta biok, baina emaitzak ez genituela lagun izan. Hori bai, defentsan ibiltzen ginen askotan, eta joan den larunbatean Albisuri bizkarra erakusten aritu nintzen sarri. Beste aurrerapauso bat eman nahi dut, eta Labriteko partidarekin oso konforme geratu nintzen. Betiko ikasgaia dut eskuinez pilota gehiago luzatu eta gozatzea, eta zeregin horretan fin egon nintzen.

Hain zuzen, ia beti leporatzen zaizun lana egin zenuen hobekien, frontisa ongi aprobetxatu eta pilota luzatzea.

Halaxe da, eta garbi dago lehen mailan lehiatzeko aurkariari bizkarra erakutsi behar zaiola noizbehinka gutxienez. Defentsan jokatzen oso ohituta nago, eta gustatzen zait aurreko koadroetan ere jokaldiak egitea. Baina partida bat ezin da irabazi erabat defentsan arituta, eta garrantzitsua da pilota luzatzea. Balio handia ematen diot Albisu bezalako jotzaile baten kontra hori lortu izanari. Oraindik gaztea naiz, eta uste dut pare bat koska gora egin dezakedala arlo horretan. Entrenamendu teknikoak horretara bideratzen ditut. Binaka entrenatu ondoren, beti aritzen naiz ordu laurdenez arlo teknikoa lantzen, eta joan den larunbatean lanaren fruituak jaso nituen. Ea Martijaren aurka ere gauza bera lortzen dudan.

Altuna eta Martija izango dituzue aurkari, oraindik punturik ez duen bikote bakarra. Garrantzitsua litzateke zuentzat irabaztea, ezta?

Dudarik gabe, baina gu bezala, haiek ere aldapan gora hasi behar izan dute txapelketa, eta normalean hobera egin beharko lukete. Ematen du orain garai aproposa dela haien kontra jokatzeko, batez ere gu garaipena lortu berritan gaudelako. Joan den asteburuan galdu bagenu, presio latza izango genuen, eta neuri gustatzen zait presiopean jokatzea, baina alde ederra dago irabazi berritan etortzea. Txapelketa, partida batzuk funtsezkoak izaten dira, eta hau haietako bat izango da.

Zuen bikotean, Laso da izarra, baina orain zuk lagundu behar diozu hari, ezta?

Bai, eta horretan saiatzen naiz. Beotibarren berragertu zen Laso, eta aise irabazi ziguten Artolak eta Imazek. Porrotaz ez ezik, emandako itxuraz ere kezkatuta geratu nintzen, ez ginelako baturik ibili bikote gisa. Esaten diot lasai jokatzeko eta presaka ez aritzeko, eta etorriko zaizkiola erasorako aukera onak. Azken partidan askoz hobeto hartu genuen elkar, eta, aintzat hartuta berak goraka egingo duela, baikorra naiz txapelketari begira.

«Hitz haiek [Lasorenak] enpresari egindakoak ziren, ez niri; intentzio txarrik gabe egindakoak izan ziren. Denok ezagutzen dugu Laso, eta badakigu zein lagun ona den»

Helburua zein da, kanporaketak jokatzeko sailkatzea?

Bai. Laugarren urtea dut aurtengoa txapelketan, eta ez dut inoiz lortu helburu hori. Urrutikoetxearekin, Artolarekin eta Jakarekin jokatu dut orain arte, eta ea Lasorekin lortzen dudan. Laso lesio osatu berritan itzuli izan ez balitz, akaso lehen bi sailkatuen artean sartzen saiatzea izango zen gure lana, baina orain ez gaude hori eskatzeko moduan. Lehen seien artean sailkatu beharra daukagu.

Oihartzun handiko adierazpenak egin zituen Lasok, esanez laguntza gehiago espero zuela atzeko koadroetan. Mingarri egin al zitzaizkizun adierazpen haiek?

Ez, ez bainien inolako garrantzirik eman. Hitz haiek enpresari egindakoak ziren, ez niri. Intentzio txarrik gabe egindakoak izan ziren. Denok ezagutzen dugu Laso, eta badakigu zein lagun ona den. Harreman bikaina daukagu elkarren artean, eta oso gustura ari naiz harekin jokatzen. Oso gutxitan arituak gara elkarrekin, eta ikusten da beti dagoela laguntzeko prest. Kantxa kanpoko harreman horrek ere laguntzen du kantxa barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.