Ander Iñarra. Mendi korrikalaria

«Goi mailako lasterketak albo batera uztea erabaki dut»

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Zeanuri
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Iazko urte amaieran, Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak lanean jarraitzen zuen bitartean, euskal selekzioko elastikoarekin korritzeari uko egin zion Ander Iñarrak (Lezo, Gipuzkoa, 1991). Aurtengo Munduko Kopa ez zuen ilusio handiz hasi, baina, denboraldi amaieran bere sasoirik onenean aritu ondoren, hirugarren amaitu du sailkapen nagusian. Halere, denbora batez goi mailako lasterketak alboratuko dituela aurreratu du.

Nolako lasterketa izan da?

Oso azkar hasi gara. Lehen anoa postura iristean, ordu erdi baino gutxiago generamanean, iaz baino hiru minutu azkarrago gindoazela aipatu didate. Horrek zerbait esaten zuen jada. Talde polita osatu dugu beste sei korrikalarirekin batera, eta Lekandako gunean [8. kilometroa] batzuek alde egin dute. Ondoren, Markel Urigoitiarekin batera kilometro asko egin ditut. Aldaminetik [19,5 kilometroa] jaisten alde egin dut, eta helmugara oso gustura iritsi naiz.

Iaz bezala, atzetik aurrerako lasterketa egin duzu.

Lasterketa ondo ezagutzen dut, eta badakit azken igoeran ondo sentitzen naizela. Aurten ere estutu egin dut, eta gorputzak ondo erantzun dit. Asko gozatu dut azken kilometroetan.

Lasterketa hasterako bazenekien postu on bat eginda podiumean izango zinela?

Hori banekien, baina lasterketan erakutsi behar da! Lasterkariak oso ondo arituko zirela eta dena oso parekatua joango zela ere irudikatzen nuen. Neure burua aurrean ikusten nuen, baina banekien edozein hutsegite garesti ordaindu nezakeela. Azkenean, ez dut ezustekorik izan. Dena ondo atera da.

Denboraldia ez zenuen ondo hasi, baina aurrera joan ahala, zeure maila erakutsi duzu.

Lo egiteko arazoekin ibili nintzen denbora luze batean, baina gutxinaka, eta laguntzarekin, aurrera egin dut. Esan dezaket gaur egun ondo nagoela, baina gogoetarako denbora ere izan dut, eta erabaki dut datorren urtean inongo konpromisorik ez hartzea, Munduko Kopa eta antzeko lasterketak ez egitea. Oso urte gogorra izan da aurtengoa.

Datorren urtean ez duzu dortsalik jantziko?

Gauza asko galdu ditudalako sentsazioa izan dut aurten, eta ez dut beste urte bat horrela igaro nahi. Neska-lagunarekin, lagunekin, eta familiarekin ordu gehiago igaro nahi ditut. Gertukoei denbora eskaini nahi diet. Horrek ez du esan nahi lasterketa guztiak alboratuko ditudanik, baina goi mailakoetan eta kanpoko lasterketetan ez naiz lehiatuko. Ez dakit Gorbeia Suzien izan den goi mailako azken lasterketa. Orain arte egindakoarekin oso pozik nago, eta, erretiratuko banintz ere, pozik egoteko moduan nengoke. Bizitzak buelta asko ematen ditu. Kirola egiten jarraituko dut, noski; hori pasioa da niretzat, baina orain atseden hartu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.