Hegoi Intxauspe. San Pedroko entrenatzailea

«Gogotsu gaude zulotik ateratzeko»

Ez zaio samurra egokitu lehen urtea San Pedroko entrenatzaile izateko, baina ilusioz dabil, eta gai ikusten du taldea San Miguel ligako atzeko lekuetatik ihes egiteko.

Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
San Pedroko Libia traineru mitikoaren tostetan bigarren urtea du Hegoi Intxauspek (Zarautz, Gipuzkoa, 1983), eta lan berezia eman diote bigarren urte honetarako: entrenatzaile ere bada. Zarautzen hasi zen zeregin horretan, eta gustura dabil, nahiz eta San Pedro San Miguel ligako zuloan izan, jaitsierako kanporaketari ihes egin nahian.

Liga hasi aurretik orain zaudeten lekuan eta egoeran egotea espero zenuten?

Goraxeago ibiltzea espero genuen, baina kontua berdindua egongo zela ere bagenekien. Ikusten genuen, berdintasun horrekin, gauzak ondo egin ezean edo zorte txarra izanda atzeko postuetara jaisteko arriskua izan genezakeela. Hasieran, gauzak okertu egin zitzaizkigun, eta gaizki hasitakoan zaila izaten da hortik ateratzea. Hala ere, taldea gogotsu eta ilusioarekin dago gauden tokitik ateratzeko.

Zortea aipatu duzu, eta garbi esanda, txarretik nahikoa eta gehiegi izan zenuten hasierako estropadetan, ezta?

Bai, hala da. Denetarik pasatu zitzaigun. Estropada batzuetan ez genuen geuk asmatu lan ona egiten, baina beste hainbatetan, lan ona egin arren, zorte txarrak galarazi zigun puntu gehiago pilatzea, eta lan onak ez zigun eman merezi genuen hainbesteko saria. Gauzak hain berdinduta daudenean, kontu txiki-txikiek ere egundoko garrantzia izaten dute.

Gaizki hasi eta gero, gai izan zarete egoera horri buelta emateko neurri batean, eta nolako garrantzia ematen diozu horri?

Ligako azkeneko asteburuan horixe bera erakutsi genuen: larunbatean estropada txarra egin genuen, hamaikagarren izan ginen, eta igandean, buelta eman genion horri, bederatzigarren eginez. Horrek esan nahi du taldea batuta dagoela, ez dela erori, eta asko esan nahi du horrek.

Atzean dabilen talde bateko entrenatzailearen lanik handiena taldeari bizirik eustea izaten da psikologikoki?

Bai. Azkenean, lan fisikoa eta teknikoa eginda daude, eta saiatu behar izaten dugu taldeak buru aldetik sendo jarrai dezan. Oso faktore garrantzitsua da arlo psikologikoa.

Galiziako bi estropada hauekin Ligaren bigarren erdiari emango zaio hasiera, eta ezin du San Pedrok berriz ere zuloan geratu. Sentitzen duzue presio puntu hori asteburu honetara begira?

Estropada askotan ibili gara atzeko lekuetan, eta horrek esan nahi du ez daukagula tarterik huts gehiago egiteko. Asteburu biribil bat osatzeko irrikaz gaude; emaitza onak lortu nahi ditugu larunbatean eta igandean, eta ea hamaikagarren leku hori atzean uzte hasten garen.

Astillero bakarrik da zuen etsaia hamaikagarren leku hori atzean uzteko, ala Urdaibai ere borroka horretan sartzen duzu?

Printzipioz, Astillerori begira gaude, baina jakitun gara gauzak ondo egiten baditugu Urdaibairi kosta egingo zaiola gu harrapatzea. Hala ere, pasatu egingo gaituela ari gara pentsatzen, eta Astillero daukagu begiz jota. Txandan batera ari gara larunbatetan, eta beti aurretik sartzea da gure asmoa.

Astillero txanda berean aurkari izatea ona da, ezta?

Bai, dudarik gabe. Kontrolatuta izaten duzu zertan dabilen, eta ez duzu ibili behar kezkaz txanda batetik bestera gerta daitezkeen baldintza aldaketekin.

Galiziako bi estropada hauei begira, kezka bereziren bat daukazu?

Eremu aldetik nahiko normalak izaten dira ia beti. Balizajeak kezkatzen nau gehiago, balizak nola jartzen dituzten eta. Galiziako aurreko bi estropadetan ez zituzten ondo jarri eta horregatik esaten dut. Ikusi egin beharko da nola joaten den gauza, eta ea baldintza beretan jokatzen dugun.

Lehenbiziko esperientzia duzu aurtengoa entrenatzaile gisa herritik kanpo, lehen Zarautzen ibili eta gero. Aldea dago herrian edo kanpoan aritu?

Ezberdintasuna dago klubak halakoxeak direlako, ezberdinak. San Pedro beste maila bateko taldea da, historikoa. Emaitzak lortzeko obligazioa eta presioa daukazu, kanpotik jartzen dizutena eta nik neure buruari jartzendiodana. Esperientzia polita ari da izaten; aukera handia da niretzat San Pedron entrenatzaile izatea, eta ilusio handiz ari naiz lanean.

Egun osoan, arraun kontuak buruan ordu askotan izaten dituzu bueltaka?

Bai. Horietakoa naiz ni, bai. Nondik hobetu pentsatzen ibiltzen naiz; dena kontrolpean eduki nahi izaten dut, eta azkenean, egun osoa pasatzen dut arrauna buruan dudala.

Sasoi aldetik, liga gogor honek aukera ematen al du tarte batzuetan beste batzuetan baino hobeto egoteko?

Batzuetan, sasoi puntu bereziak bilatzen ditugu, baina ligaren barruan ez. Berezitasun hori lortzen saiatzen gara Kontxako Banderan-eta, adibidez. Bestela, Ligan ez dago arnasa hartzeko tarterik. Entrenatu ere ezin da nahi beste entrenatu, lehiaketako egunak asko izaten direlako, eta estropada asko edukitzen ditugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.