Marta Unzue. Athleticeko jokalaria

«Gogotsu gaude, derbia irabazteko ilusioarekin»

Zortzi partida jarraian irabazi gabe iritsi zen etenaldira Athletic, eta dinamika hori iraultzeko asmoz zelairatuko dira gaur Zubietan. «Beste modu batean hasi nahi dugu urtea», adierazi du Unzuek.

ATHLETIC.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bi urte Athleticen Bartzelonak utzita ibili ondoren, aurtengo sasoirako fitxatu zuen talde zuri-gorriak Marta Unzue (Iruñea, 1988). Eskarmentu handiko jokalaria da, eta pieza garrantzitsua Angel Villacampa entrenatzailearentzat. Realari irabazita, azken bolada txarra amaitzea espero du.

Gabonetako etenaldiaren ondoren, gaur jokatuko duzue Realaren aurkako partida. Nola zaudete?

Gogotsu gaude, derbia irabazteko ilusioarekin. Gauzak ondo egin nahi ditugu. Azkenaldian izan dugun sentipen negatibo hori kendu nahi dugu, eta urtea ahalik eta ondoen hasi. Ea hiru puntu lortuta izaten den.

Zortzi norgehiagokajarraian daramatzazue partidarik irabazi gabe. Atsedena ongi etorri zaizue?

Bai. Atsedena, apur bat giroz eta errutinaz aldatzea, familiarekin egotea... Baita Lezamatik irtetea ere, aire negatibo horretatik, ongi etorri zaigu. Pilak kargatu ditugu, eta gogotsu itzuli gara. Ona izan da guztiontzat.

Derbi batekin hasiko duzue urtea. Egoerari buelta emateko aukera ona da, ezta?

Partida garrantzitsua da. Ederra izango litzateke irabaztea, eta, gainera, derbietako garaipenak hiru puntu baino gehiago dira. Beste modu batean hasi nahi dugu urtea, azken jardunaldietan lortzea kostatzen ari zaigun garaipen batekin. Ahalik eta partida onena egiten saiatuko gara. Lehiatuko gara, eta ea guretzat oso garrantzitsuak diren hiru puntuak eskuratzen ditugun. Derbiak bereziak dira, bi kluben artean beste lehia bat dagoelako. Jokalari guztiak ondo ezagutzen dugu elkar, eta jokatzeko oso partida politak dira. 2021. urteko lehen garaipena lortu nahi dugu, eta guztiz dinamika desberdinean itzuli.

Zubietan jokatuko duzue. Sasoi honetan kostatzen ari zaizue etxetik kanpo puntuak biltzea.

Bai. Bueno, azken neurketak kontuan hartuta, orokorrean guztia ari zaigu kostatzen. Garrantzitsua da irabaztea, puntuak hirunaka batzen hastea. Etxetik kanpo egitea ere inportantea da. Konfiantza hartu nahi dugu. Badakigu defentsan azken partidetan aritu garen baino hobeto egon behar dugula. Erasoan ahal handia dugu, nabarmendu daitezkeen jokalariak ditugu, gola sar dezaketenak. Partida serioa egin beharko dugu hiru puntuak lortzeko.

Athletic irabaztera ohituta dagoen talde bat da. Bolada txarra dela eta, presio apur bat sumatzen duzue?

Bolada txarrak luzeak direnean, presio hori sortzen da. Kluba inoiz ez zen egon zortzi partida erreskadan irabazi gabe. Egia da hiru puntu horiek lehenbailehen lortzeko presio apur bat dugula. Arnasa pixka bat emango ligukete, eta konfiantza egiten ari garen horretan sinesteko. Uste dut gaurkoa egun aproposa dela horretarako: Errege egunez Realaren kontra.

Ondo hasi zenuten sasoia. Zertan huts egin duzue gero?

Zehazki ezingo nizuke erantzun. Oso ondo hasi ginen Ligan. Aurreko denboraldietan alderantziz izan zen. Hasieran kostatu egiten zitzaigun, eta gero hasten ginen puntuak hirunaka batzen. Aurten aldrebes izan da.

Gauzak gaizki doazenean, entrenatzailea izan ohi da jomugan jartzen aurrena. Berarekin zaudete?

Bai, talde bat gara. Guztion artean atera behar dugu hau aurrera. Teknikariek eta jokalariok badakigu zer egin behar dugun, zer hobetu behar dugun.

Zertan hobetu behar duzue?

Aukerak sortzen zizkiguten dinamika batean geunden, eta horietako askotan aurkariek golak sartzen zizkiguten. Guk, berriz, aukera garbiak izan bai, baina ez genuen lortzen ongi bukatzea. Defentsan sendoagoak izan behar dugu, eta aurrean sortzen ditugun aukeretan asmatu. Jokalari golegileek usaimen hori berreskuratu behar dute. Guztion lana da, defentsiboa eta erasokoa.

Nola jokatu beharko duzue garaipena eskuratzeko?

Partida serioa egin beharko dugu. Defentsan hobetu behar dugu, eta aurrean sinetsi behar dugu gola sartuko dugula. Haiek baloia dutenean eroso egoten dira, eta hori eragotzi behar dugu. Oso ondo jokatzen duen taldea da. Saiatuko gara haiek deseroso sentiarazten. Jokalari garrantzitsuak dituzte, eta adi egon beharko dugu.

Bukatzeko, zu nola zaude?

Orkatilan izan nuen lesioaren ondoren apur bat kosta egin zitzaidan sasoia hartzea. Atsedena ondo etorri zait. Gogotsu nago, zelaian disfrutatzeko gogoz, eta sentipen onekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.